Tusas Turkish Aerospace Industries Turkiako enpresa aeroespazialaren Ankara inguruko egoitza bati egin diote eraso. Hala adierazi du Turkiako Barne ministro Ali Yerlikayak, X sare sozialaren bidez: «Eraso terrorista bat egin dute Tusasko azpiegituren aurka Kahramankazanen, Ankaran». Ministroak kazetariei baieztatu dienez, lau lagun hil dituzte, eta beste hamalau zauritu. Erasoa egin duten bi lagun atxilotu dituztela gaineratu du. Ez du eman datu gehiagorik, baina, herrialdeko zenbait hedabidek kaleratu dutenaren arabera, eztanda bat egon da eta gero tiroak entzun dira.
Iturri ofizialek ez dute zabaldu eztandaren arrazoiaren inguruko informaziorik; hedabideek, ordea, eraso suizida bati egotzi diote, eta esan dute erasoa egin duen kideetako bat eraikinean sartu dela eta bere burua zartarazi duela. Larrialdi zerbitzuak Tusasen egoitzara bertaratu dira.
Turkiako armagintza eta abiazio enpresarik garrantzitsuenetarikoa da Tusas. Enpresa horrek egiten ditu Turkiako hainbat gerra hegazkin.