Abokatu Aurrerakoien Elkartea

Dilancan Ates: «Turkiako agintariek beldurtuta eduki nahi dute oposizioa»

Abokatuaren esanetan, Poliziak «legez kanpoko» ekintzarik ez dagoenean ere maiz esku hartzen du protestetan. Legelariek lan egiteko dituzten zailtasunez ohartarazi du.

(ID_14190861) DILANCAN ATES. TURKIA.
LARA VILLALON
Izmir
2024ko irailaren 7a
05:05
Entzun

Abokatu Aurrerakoien Elkarteak Izmirren duen ordezkaria da Dilancan Ates. Giza eskubideen urraketari eta prentsa eta adierazpen askatasunari dagozkien kasuez arduratzen da elkarte hori, eta Ates da Van-go auzia daramaten abokatuetako bat: agintariek galarazitako protesta batean parte hartzeaz akusatu dituzte hamar lagun. Apirilean, milaka lagun kalera atera ziren Turkia guztiko hirietan, protesta egin nahian agintariek erabaki zutelako Vango alkatetza kentzea Abdullah Zeidan-i. Van, hain zuzen, hango hiri kurduetan handienetako bat da, eta kurduen aldeko alderdi DEMen hautagai Abdullah Zeidanek bildu zuen bertan botorik gehien.

Zer leporatu diete Vango protestetan parte hartzeagatik atxilotutakoei?

Akusazio guztiak antzekoak dira: autoritateari aurre egin izana egotzi diete, eta esaten dute eraso egin zietela bi poliziari. Esaten dute harri batez jo zutela polizietako bat, eta hatz bat hautsi ziotela besteari. Protestako bideoak badaude, eta ez dugu inon ikusi halako erasorik.

Zeren arabera askatu dituzte atxilotuetako batzuk, eta beste batzuk, berriz, espetxean sartu behin-behinean?

Lege aldetik, ez dago hori azaltzerik. Kontua da gazteenak sartu dituztela preso. Kalean ibili dira, aspalditik, eta ezagunak dira ezkerrekoen artean, baina Poliziak ere ezagutzen ditu. Beldurtu egin nahi dituzte berriki talde politikoetan sartutako ikasleak eta kide gazteak. Pentsarazi nahi digute protesta batera joatea aski dela espetxeratua izateko. Gure ustez, halaxe jokatu dute auzi honetan behintzat, lege aldetik ez baitago alderik akusazioen artean. Ez dago inor ezertan inplikatzen duen irudirik.

Gero eta gehiago al dira etxez etxeko sarekadak?

Dudarik gabe. Lehen, ekitaldi bat galarazi nahi zutenean, Polizia protestariei oldartzen zitzaien zuzenean. Gero, deklarazioa hartu ondoren, aske uzten zituzten, nahiz eta haien kontrako auzibide bat abiarazi.

Baina protesta debekatuta badago, Poliziak badu eskubidea esku hartzeko?

Jende guztiak du protesta egiteko eskubide demokratikoa. Legean, konstituzioan eta Giza Eskubideen Aldeko Europako Konbentzioan jasoa dago eskubide hori. Poliziak esku hartu behar du legez kanpoko zerbait egiten denean, indarkeriarako deia egiten denean, baina Poliziak maiz esku hartzen du hori gabe ere.

Zer irregulartasun izaten dira atxiloketetan?

Oso maiz izaten dira torturak atxiloaldian. Jende askori besoak edo zangoak hautsi dizkiote. Esan dizudan bezala, protestan bertan atxilotzen zuten jendea lehen. Orain, berriz, Poliziako unitate bereziak ere aritzen dira atxiloketetan, nahiz eta ihesaren susmorik ez egon. Hori guztia, Turkiako agintarien helburuaren zerbitzuan: oposizio osoa beldurtuta edukitzea. Lege aldetik ez du beste esplikaziorik.

«Oso maiz izaten dira torturak atxiloaldian. Jende askori besoak edo zangoak hautsi dizkiote»

Abokatu lanetan, zer oztopo izaten dituzu?

Vango atxilotuen kasuan, abokatuek zailtasun ikaragarriak izan ditugu. Ez ziguten sartzen utzi Poliziaren kuartelera ere. Esan zuten abokatu guztiak ez ginela kabitzen. Lehen ez zen halako arazorik izaten. Atxilotuetako bat, emakume bat, biluzarazi egin zuten miaketan, eta uste dut akaso horregatik ez zigutela utziko sartzen abokatuei.

Datuek diote gero eta protesta gehiago debekatzen dituztela Turkia guztian. Legezkoa al da debeku hori?

Praktikan bai. Zera egiten dute: gobernazioek ezartzen dute debekua, eta egun batzuk iraun dezake, bost gehienez. Txintik esan gabe aplikatzen da, agindua iritsi bezain laster. Nolanahi ere, legearen araberakoa izan behar luke. Gobernazioak ezin du ekitaldi baketsurik debekatu, segurtasun publikoa babesteko aitzakiaz, ez baldin badago indarkeriarako deirik edo adierazpen askatasunaren kontrakorik. Gobernazioak debekatu izanak ez du esan nahi ekitaldia ezin dela egin. Gobernazioaren erabakiak legea errespetatu behar du, badira-eta legeak gobernazioaren erabakiaren gainetik.

Oposizioko alderdien eta sindikatuen protestak gehiagotan debekatzen dituzte, ala berdin jokatzen dute manifestazio mota guztiekin?

Debeku askok zerikusia dute gai jakin batzuekin. Esaterako, kurduen eskualdeekin eta LGTB jendearen protestekin. Esan dudan bezala, debekuak ez dira legezkoak, ez baitira konstituzioaren araberakoak, baizik eta arbitrarioak.

Fiskaltzak hamahiru urteko espetxe zigorra eskatu du maiatzaren 1ean Istanbulen kalera ateratako manifestarien kontra. Ohikoak al dira halako zigor eskaerak?

Fiskalak akusatuaren kontrako froga guztiak bildu behar ditu, baina ez da hala izaten gure herrian. Fiskalek datu batzuk biltzen dituzte, eta zigor neurrigabeak eskatu. Egunero egiten dute, aspalditik. Oso-oso gutxitan eskatzen da absoluzioa. Fiskalek segurtasun indarren parte balira bezala jarduten dute, lege adituekin kontsultatu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.