Turkiak ziurtatu du ez dutela NATOko bileran erabakiko

2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
NATOko kide diren 30 estatuek goi bilera egitekoa dute ekain amaieran, Madrilen, eta, Turkiaren arabera, batzar horretan ez dute Suediaren eta Finlandiaren aliantza militarreko hautagaitzak onartzeko behin betiko erabakia hartuko. Hala jakinarazi zuen atzo Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen bozeramaile Ibrahim Kalinek.

Suediak eta Finlandiak NATOn sartzeko eskari ofiziala egin zuten maiatzaren 18an, baina Turkiak Eskandinaviako bi herrialde horiek aliantzara batzeko negoziazioak oztopatu zituen; «terroristatzat» jotzen dituen PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta YPG Herriaren Babes Unitateetako kideak «babestea» leporatzen baitiete.

Turkiako agintariaren jarrera zein zen ikusita, Suediako eta Finlandiako ordezkariak Ankaran izan ziren maiatzaren amaieran. Turkiako Gobernuak aliantza militarrera batzeko eskaerei betoa kentzeko «oinarrizko baldintzak» zein diren zehaztu zien Helsinkiri eta Stockholmi: PKK eta YPG kideei babesa emateari uzteaz gain, 28 pertsona Suediatik estraditatzea, eta beste hamabi lagun Finlandiatik. Kalinen esanetan, Eskandinaviako bi herrialdeek «jarrera ona» erakutsi zuten bilera horretan, eta negoziazioetan jarraitzeko prestutasuna adierazi zuten.

Erdoganek, baina, iragan asteazkenean esan zuen Ankarak ez duela oraindik Helsinkiren eta Stockholmen erantzunik jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.