ARBIL. Turkiako Defentsa Ministerioak atzo adierazi zuenez, goizaldean aireko eraso militar bat egin zuten Irakeko Kurdistanen PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurka. «Operazioan 81 helburu suntsitu dira; besteak beste, terroristen babeslekuak», jakinarazi zuten. Hulusi Akar Defentsa ministroa izan zen operazioa gidatu zuena, eta, haren esanetan, beren herrialdeari jazarri eta erasotzeko asmoa zuten «terroristen kobak suntsitu» zituzten, baita haien aterpeak ere.
Firat berri agentziaren arabera, Medya defentsa gunean, Maxurren eta Sinjarren egin zituzten bonbardaketak. Erasoaldiaren ondorioz, zaurituak izan ziren, baina, oraingoz, ez dute hildakorik aipatu.
Hain zuzen, Maxmurreko iheslarien gunetik gertu egin zuten erasoetako bat. Hango alkateak adierazi zuenez, bonbardaketak kanpalekutik 50 edo 100 metrora egin zituzten. Ohartarazi zuen erasoek «kalte material larriak» eragin dituztela.
HPG Herriaren Defentsarako Indarrek egindako erasoak salatzeko komunikatu bat argitaratu zuten.
Turkiak PKKren aurkako aire erasoak egin ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu