Gerra Ukrainan

Turkiak oztopatu egin du Finlandia eta Suedia NATOra batzeko lehen pausoa

Aliantzak aho batez onetsi behar du eskaria. Mariupolen beste 694 soldadu «errenditu» dira

NATOko idazkari nagusia, atzo, Suediaren eta Finlandiaren eskariak jaso berritan, Bruselan. JOHANNA GERON / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Finlandiak eta Suediak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko eskari ofiziala egin zuten atzo, Bruselan, baina aliantzako 30 kideak ez dira ados jarri Eskandinaviako bi herrialde horiek aliantzara batzeko negoziazioak hasteko orduan. NATOko iturriek DPA Alemaniako berri agentziari baieztatu ziotenez, Turkiak jarri zien oztopoa negoziazioei. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea behin baino gehiagotan agertu da eskariak onartzearen aurka. Horiek horrela, espero da Jens Stoltenberg idazkari nagusia aliatuekin banan-banan batzartzea datozen egunetan.

NATOko 30 kideek guztiek batera eman behar diete oniritzia eskaera horiei, eta zalantza ugari daude Turkiak, aliantza militarreko armadarik handienetan bigarrena duen herrialdeak, amaiera arte eutsiko dion betoaren asmoari. Bada, Erdoganek atzo ere Eskandinaviako bi estatuen aurkako jarrera irmo babestu zuen Turkiako Parlamentuan, esanez betoa jarriko diela aliantzan sartzeko eskaerei. «Terrorista» kurduak babestea egozten die Helsinkiri eta batez ere Stockholmi; besteak beste, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta DHKP-C Herria Askatzeko Alderdi-Fronte Iraultzaileko kideak. «Espero dugu gure aliatuek gure sentsibilitatea ulertzea, errespetatzea, eta, beharbada, babestea», esan zuen presidenteak diputatuen aurrean.

Erdoganek gogorarazi zuen oraingoan ez dela gertatuko Greziarekin gertatu zena. «Musulman bati ezin zaio bi aldiz kosk egin», ohartarazi zuen. Turkia eta Grezia 1952an sartu ziren erakundean, baina, 1974an, Greziak NATO utzi zuen, aliantzari Turkiak Zipren esku hartzea ez eragoztea leporatu ondoren. 1980an, Ankarak ez zuen oztopatu Atenas aliantza militarrean sartzea.

Stoltenbergek atzo esan zuen kontuan hartu behar direla aliatuen segurtasun interesak, baina eskatu zien balia dezatela Suedia eta Finlandia erakundean sartzeak dakarren «abagune historikoa». Erakundeko zenbait iturriren arabera, Suedia eta Finlandia aliantzara batzeko prozesua «azkarra» izango da, eta litekeena da 2022aren amaieran edo 2023aren hasieran amaitzea. Gaur, Finlandiako presidente Sauli Niinisto eta Suediako lehen ministro Magdalena Andersson Joe Biden AEBetako presidentearekin bilduko dira, Etxe Zurian.

Ipar Mazedonia izan da aliantzara batu den azken herrialdea, 2020an. Orduan, Greziak markatu zion atxikitzearen erritmoa, eta protokoloaren erabateko berrespena bederatzi hilabetez atzeratu zen, bi estatuek Mazedoniako izen ofizialari buruz izan zituzten tirabiren harira.

Ukrainako gerran, Errusiak atzo ziurtatu zuenez, Mariupolgo (Donetsk oblasta) Azovstal altzairutegian gotortuta zeuden Ukrainako soldaduek eta Azov batailoi paramilitarreko kideek —eskuin muturreko talde armatu bat— «amore eman» zuten. Guztira 694 izan ziren; Defentsa Ministerioko bozeramaile Igor Konaxenkoven arabera, orotara 959 soldadu atxilotu dituzte astelehenetik, eta 80 militar «larri» daude zaurituta. Horiek guztiak Errusiak kontrolpean dituen eremuetan daude atxikita. Konaxenkovek, aitzitik, ez zuen zehaztu oraindik altzairutegian soldadu gehiago gelditzen diren.

Kremlinek adierazi zuen atxilotu dituzten soldaduak nazioarteko arauen arabera tratatuko dituztela, baina Errusiako Parlamentuko diputatu batek parlamentuan esan zuen «kriminal naziak» ez liratekeela trukatu behar Kievek preso dituen Errusiako soldaduekin.

Bada, Ukrainako auzitegi bat Errusiako soldadu bat epaitzen hasi zen joan den ostiralean, gerra krimenak egotzita. 21 urteko militarrak «erruduntzat» jo zuen bere burua atzo, otsailaren 28an 62 urteko zibil ukrainar bat hiltzea leporatuta. Sumi eskualdeko (iparraldea) Txupakhivka herrian jazo zen, Errusiak inbasioa hasi eta lau egunera, Ukrinform agentziaren arabera. Kieveko fiskaltzak eskatu zuen bizi guztiko kartzela zigorra ezartzeko.

Negoziazioak, etenda

Bi aldeen arteko negoziazioei dagokienez, Kremlineko eledun Dmitri Peskovek atzoko agerraldian adierazi zuen Kievek ez duela «batere borondaterik» Moskurekin su etena adosteko. «Ez dugu aurrerapen deigarririk egin, eta negoziatzaile ukrainarrek ez dute asmorik elkarrizketekin jarraitzeko», nabarmendu zuen Peskovek.

Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak, bestalde, atzo zehaztu zuen ez dela Errusiako armadako soldadurik geratzen Kherson hirian, eta salatu zuen Ukrainak misilak jaurti zituela hiriko zibilen eraikinen aurka. «Ukrainako erregimenak beste gerra krimen bat egin du», erantsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.