Dilek Ocalan. HDPko parlamentaria

«Turkiak etsaiak sortu nahi dizkie kurduei lurralde guztietan »

Estrasburgo
2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Dilek Ocalan HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko parlamentaria da (Sanliurfa, Kurdistan, 1987), eta Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko lider espetxeratuaren iloba. Joan den astean, jaioterriko auzitegi batek bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion, «propaganda terrorista» egitea leporatuta, 2016an hitzaldi bat eman zuelakoan PKK-ko kide baten hiletan. Turkiak Afrin barrutiaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik, zeharo handitu du «propaganda terrorista» egotzitakoen zerrenda.

Zergatik inbaditu du Turkiak Afrin?

Lehenik eta behin, Turkiako Estatuak txikitu egin nahi ditu Kurdistango Askapen Mugimenduaren lorpen guztiak. Lehen saiakera Kobanen izan zen: Daex [Estatu Islamikoa] eta talde jihadistak sartu nahi zituen, kurduak botatzeko, baina ez zuen arrakastarik izan. Orain, gauza bera saiatzen ari da Afrinen. Turkiak etsaiak sortu nahi dizkie kurduei Kurdistango lurralde guztietan. Basurren [Irak], erreferenduma egin nahi zuten; Bakurren [Turkia], kantonamenduetan antolatu eta autonomia demokratikoa ezarri; Rojhelaten [Iran], federazioa sortu nahi zuten. Leku horietan guztietan, Turkiak ahal izan duena egin du eragozteko. Horrek esan nahi du Turkia ez dagoela kurduen proiektu politikoen aurka, baizik eta kurduen existentziaren eta identitatearen aurka.

Zeintzuk dira Afrinen aukerak?

Afringo erresistentzia oso aberatsa da. Zibilak eta umeak hiltzen ari dira bonbardaketekin eta erasoekin, eta Nazio Batuek badakite. Hala ere, ez dute ezer egiten. Afringo erresistentzia han daudenen esku dago. Turkiako Estatuak eta beste hainbat estatuk ez dute nahi Afringo egoera konpontzea, baina ez dute irabazi. Turkiarrek hasieran esan zuten borrokek hiru egun iraungo zutela, eta hilabete baino gehiago igaro da jadanik.

Akordiorik egin al daiteke Baxar al-Assad Siriako presidentearekin, edo erresistentzia urratzen saiatzen ari da?

Indar orok urratu nahi dute kurduen borroka, amore eman dezaten, baina ezin dute. Kurduek, azkenean, badauzkate erresistentzia indarrak, eta Afringo jendeak ez du bere lurraldea utziko. Errusiak Al-Assaden esku utzi nahi zuen kantonamendua, turkiarrengandik defendatzeko, baina kurduek indarrak dituzte orain. Horregatik, errusiarrek aire eremua ireki diete turkiarrei, eta hori adierazgarria da.

Zer iritzi duzu AEBek kurduekin duten jarreraz?

Nazioarteko estatu autoritario orok erabiltzen ditu kurduak bere mesederako soilik. Amerikak, Errusiak edota Europako herriek kurduak erabiltzen edo erasotzen dituzte, beren interesen arabera. Bistakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.