Gerra Ukrainan

Turkiak esan du Suediak eta Finlandiak «jarrera ona» erakutsi dutela

Ankarak Helsinkiri eta Stockholmi eskatu die PPK-ko eta YPGko kideak ez babesteko. Hiru herrialdeek negoziatzen «jarraituko» dute

Turkiako eta Finlandiako gobernuko ordezkariak, atzo, Ankaran. EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Turkiak ontzat jo zuen Finlandiako eta Suediako gobernuko ordezkariekin atzo Ankaran izandako lehen hartu-emana, Eskandinaviako bi herrialdeak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko prozesua oztopatu eta astebetera. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen bozeramaile Ibrahim Kalinen esanetan, Suediak eta Finlandiak «jarrera ona» erakutsi zuten, batez ere armak esportatzeko bahitura altxatzeari zegokionez.

Hori bai, Ankarak aliantza militarrera batzeko eskaerei betoa kentzeko «oinarrizko baldintzak» zein diren zehaztu zizkien Helsinkiri eta Stockholmi: batetik, Turkiak «terroristatzat» jotzen dituen PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta YPG Herriaren Babes Unitateetako kideei «babesa emateari uztea», eta, bestetik, 28 pertsona Suediatik, eta beste hamabi lagun Finlandiatik estraditatzea. «NATO segurtasun aliantza bat da, eta bertan sartu nahi duten herrialdeek kontuan izan behar dituzte kideek segurtasunaren inguruan dituzten kezkak», zehaztu zuen Kalinek.

Erdoganen bozeramaileak adierazi zuen «epe jakin batean urrats jakin batzuk» egingo dituztela Europako iparraldeko bi herrialdeak sartzeari oniritzia emateko. Erantsi zuen, halaber, Suediako eta Finlandiako gobernuek Turkiaren eskariei buruzko informazioa jaso ondoren, elkarrizketek aurrera jarraituko dutela, datarik zehaztu gabe.

Ukrainako zerealari, irteera

Errusiak Itsaso Beltzean korridore humanitario bat irekitzeko asmoa azaldu du, Ukrainako portuetan otsailaren 24tik blokeatuta dauden hogei milioi tona zereal baino gehiago garraiatzeko, «Mendebaldeak Errusiako esportazioei eta finantza transakzioei ezarritako zigorrak kentzearen truke». Hala iragarri zuen atzo Andrei Rudenko Errusiako Atzerri ministrordeak. Kremlinen arabera, hamasei herrialdetako 70 itsasontzi daude Ukrainako sei portutan.

Errusiako presidente Vladimir Putinek, bestalde, Ukraina hegoaldeko Zaporizhia eta Kherson eskualdeetako egoiliarrei Errusiako herritartasuna lortzeko prozedura «azkartzeko» agindua eman zuen atzo. Errusiako armadaren menpe daude bi probintzia horiek. Mariupol hiriaren (Donetsk oblasta) kontrola hartu ostean, Luhansk probintzia dute orain jomugan; Kieven arabera, Errusiak eskualdearen %90 du kontrolpean, eta Severodonetsk hiria «ia inguratuta» du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.