Turkiak baieztatu du lurreko eraso bat egingo duela kurduen kontra

Ankarak adierazi du 184 lagun «neutralizatu» dituela bi egunean Siriaren eta Iraken menpeko Kurdistanen. Errusiarentzat «legitimoa» da erasoaldia, baina «arintzeko» eskatu dio Ankarari.

Turkiako Armadak hildako lagun batzuen omenezko hileta, atzo, Siriaren menpeko Kurdistanen. AHMED MARDNLI / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko azaroaren 22a
12:58
Entzun

Gogortzen ari da Turkiako Gobernua Siriaren eta Iraken menpeko Kurdistanen aurka egiten ari den erasoaldia. Oraingoz hegazkinekin ari dira oldartzen, baina Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak gaur baieztatu du Siriaren menpeko Kurdistani eta Iraken menpekoari lurretik ere eraso egingo dietela, «soldaduekin eta tankeekin». Nabarmendu du «ahal bezain laster» egingo dutela. Turkiako armada airetik egiten ari den oldarraldia ere indartzeko asmoa duela esan du Erdoganek.

Azken bi egunotan 184 lagun «neutralizatu» ditu Turkiako armadak Siriaren eta Iraken menpeko Kurdistanen, Hulusi Akar Turkiako Gobernuko Defentsa ministroak gaur ohar baten bidez iragarri duenez. Kasu horretan, «neutralizatu» aditzarekin zera esan nahi du Ankarak: borrokatu ezinik geratu direla; hau da, hil, zauritu edo atzeman egin dituztela. Turkiako armadaren hegazkinek egindako bonbardaketen bidez «neutralizatu» dituzte 184 kurduak. Iraken menpeko Kurdistango Kandil, Asos eta Hakurk eskualdeetan eraso egin du Ankarak, eta SDF Siriako Indar Demokratikoen menpeko Manbij, Tell Rifaat, Cizire eta Derik eskualdeetan —Siriaren menpeko Kurdistanen—, besteak beste.

Gaur, YPG Herriaren Babes Unitateak milizia kurduek eta AEB Ameriketako Estatu Batuek Siriaren menpeko Kurdistanen EI Estatu Islamikoari aurre egiteko daukaten base militar bati egin diote eraso Turkiako hegazkinek, eta YPG milizia kurduetako bi kide hil dituzte, gutxienez, miliziek jakinarazi dutenez.

Hilaren 13an Istanbulen gertatutako atentatuaren ondoren ari da Turkia Siriaren eta Iraken menpeko Kurdistani erasotzen. Sei lagun hil ziren leherketa batean, eta 81 zauritu. Turkiako Gobernuak PKK Kurdistango Langileen Alderdiari eta YPGei leporatu zien erantzukizuna. PKK-k eta YPGek, ordea, ukatu egin dute erasoarekin loturarik eduki izana. Gainera, atzo Turkiaren hegoaldean eroritako bost suzirik bi pertsona hil zituzten, eta sei zauritu. Ankarak PKKri eta YPG milizia kurduei leporatzen die erantzukizuna. Eraso horren harira, Erdoganek gaur esan du «isuritako odol tanta bat ere» ez dela «alferrik galduko».

Turkiako presidenteak gaineratu du «une honetatik aurrera» neurri bakarra duela bere gobernuak: «Gure herrialdearen segurtasuna bermatzea, eta gure herritarrena».

Turkiako Defentsa ministroak gaur ohartarazi du ez dutela oldarraldia gelditzeko asmorik: «Gure borrokak aurrera jarraituko du, azken terrorista neutralizatu arte». Ankarak nabarmendu du Kobane (Siriaren menpeko Kurdistan) hiria dutela helburu, argudiatuta hura YPGen indarguneetako bat dela. Turkiaren «defentsa legitimo» moduan justifikatu dute egiten ari diren erasoaldia.

«Ulertzen dugu Turkiak bere segurtasuna bermatzeko daukan ardura. Uste dugu Turkiaren eskubide legitimoa dela», adierazi du gaur Errusiako Gobernuko bozeramaile Dmitri Peskovek, Siriaren eta Iraken menpeko Kurdistanen aurkako erasoaldiaren harira.

Hala ere, Turkiako Gobernuari «moderazioa» eskatu dio Alexander Lavrentiev Vladimir Putin Errusiako presidenteak Sirian duen ordezkari bereziak, «tentsioa areagotu ez dadin, ez Siriaren iparraldean, ez Siria osoan». Lavrentievek esan du Errusiak «ahal zuen guztia» egin duela erasoaldia saihesteko, eta «auzi kurdua konpontzeko irtenbide bat» bilatzeko eskatu zion Ankarari. Gainera, Sirian soldadu estatubatuarrak egotea salatu du Errusiako presidentearen ordezkariak.

AEBek ere indarkeria arintzeko eskatu diote Erdogani. «Sirian erasoak arinduz joateko eskatzen dugu, zibilen bizitza eta EI garaitzeko helburu komuna babesteko», eskatu du gaur Ned Price AEBetako Estatu Idazkaritzako bozeramaileak.

AEBei mezua

PKK «terroristatzat» jotzen dute AEBek, baina YPGekin elkarlana dute, EIren aurka borrokatzeko. Erdoganek gaur ohartarazi du Turkiako Gobernuak badakiela «nork babesten dituen terrorista horiek», AEBei erreferentzia eginez.

Irakeko Gobernuak «irmoki» gaitzetsi ditu Turkiaren bonbardaketak. Gaur zabaldu duen ohar baten bidez nabarmendu du Iraken menpeko Kurdistanen aurkako erasoaldia «Iraken subiranotasunaren bortxaketa» dela gobernuarentzat.

Gauza bera helarazi dio Irakeko Gobernuak Irangoari. Izan ere, Irango armadak Iraken menpeko Kurdistango zenbait alderdiren egoitzak bonbardatu ditu gaur, baita atzo ere. Erasoak egiteko, Teheranek droneak erabili dituela salatu dute alderdi kurduek.

Eskualde autonomo hartako gobernuaren arabera, gutxienez pertsona bat hil zen atzo, eta zenbait zauritu. Arbil hirian izan zen erasoa. Teheran ari da Iraken menpeko Kurdistan bonbardatzen, Mahsa Amini emakume gazte kurdua hil eta gero irailaren erdialdean protestak hasi zirenetik. Eskualde autonomo hartako administrazioak eskatu dio Irango Gobernuari erasoaldia eten dezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.