HTS Sortaldea Askatzeko Erakundeak Baxar Al-Assaden agintaldia amaitua zela iragarri zuen ia une berean ekin zioten Turkiak babestutako SNA Siriako Armada Nazionaleko indarrek Siriako Manbij hiriaren aurkako erasoaldia gogortzeari. SDF Siriako Indar Demokratikoen esku zegoen hiria orain arte, baina, atzoko erasoaldiaren ostean, SNAren kontrolpean dago orain, Al-Jazeera telebista katearen arabera. Talde armatuak HTSrekin batera ekin zion duela bi aste Al-Assaden aurka, hura agintetik kentzeko helburu argia zuela. Baina Ankararen laguntza jasotzen duen talde armatuak badu beste xede bat ere: kurduen esku dagoen eremua bereganatzea. Turkiako presidente Reccep Tayip Erdoganek berak argi esan du ez dutela etsiko Siria «terroristarik gabe» geratu arte —Turkiak zerrenda beltzean ditu YPG Herriaren Babes Unitateak eta SDF—.
Azken orduetan borroka gogorrak izan dira Tixringo urtegiaren inguruan. SNAk, hura eskuratuko balu, erabat etengo luke kurduek Manbijera laguntza bidaltzeko duten bide bakarra, baina, horretaz gain, Eufrates ibaia zeharkatu ahal izango luke, eta Kobanerantz abiatu. Azken urteetan, Turkiak ahaleginak eta bi egin ditu gehiengo kurdua duen Siriako hiri hori kurduen kontrolpetik askatzeko, baina ez du lortu.
Bien bitartean, HTSk trantsizio gobernuko burua izendatu du: Mohamed al-Baxir, Idlibeko Garapen ministro izandakoa. Hari egokituko zaio orain gobernua osatzea. Hain zuzen, Geir Pedersen NBE Nazio Batuen Erakundearen Siriarako mandatariak azpimarratu duenez, trantsizio horrek bermatu egin beharko du Siriako gizartearen eta alderdien ahalik eta ordezkaritza zabalena hartuko dutela kontuan. «Hori gertatu ezean, Sirian beste gatazka bat pizteko arriskua legoke», adierazi du Genevan (Suitza), agerraldi batean.
Eta aginte berriak nondik nora joko duen esperoan dauden bitartean, Mohammad al-Golani HTS muturreko koalizio islamistaren buruak nabarmendu du Siriako «gerra kriminalei» jazarriko zaizkiela, eta laster haien izenak zerrenda batean bilduko dituztela. «Ez dugu zalantzarik izango Siriako herria torturatu dutenei kontuak eskatzeko. Hartu dituzten herrialdeei eskatuko diegu itzularaz ditzatela, eta modu horretan bidezko zigorra jaso dezatela», jakinarazi du, Telegram bidez gaur zabaldutako mezu batean. Baxar al-Assad Siriako presidentea, esaterako, Errusian dago, eta, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek egunero eman ohi duen prentsaurrekoan azaldu duenez, Al-Assadek bere kabuz utzi zuen presidentetza «erabaki pertsonal bat» tarteko.
Bestalde, Europako hainbat herrialdek, Erresuma Batua tartean, iragarri dute eten egingo dituztela Siriako iheslariei babesa emateko tramiteak. 2015ean milaka lagunek egin zuten ihes herrialdetik, eta, gehienek Turkia eta Libanora jo zuten arren, askok hartu zuten babes Europan, gehienbat Alemanian. Ankarak dagoeneko ohartarazi ditu Siriara joateko asmotan diren errefuxiatuak, eta esan die behin herrialdetik aterata ezin izango direla bertara itzuli.
Bonbardaketak
Israelek Siriako hainbat eremu bonbardatzen jarraitu du gauean, argudiatuta «instalazio militarrak» direla. Zenbait herrialdek, ordea, lurreko erasoaldi bat hasi izana egotzi diote, hala nola Irakek eta Saudi Arabiak. Tel Avivek, baina, ukatu egin du halakorik.