Turkiak aske utzi zuen atzo gauean Omar Suleiman jatorri siriarreko abeslari kurdua. Albiste agentzien arabera, iluntzean geratu zen libre, hainbat orduz atxilotuta egon ostean. Ez dute zehaztu karguren bat leporatzen dioten.
AFP agentziako argazkilari batek ikusi ahal izan zuen Suleiman, aske geratu ondoren. Haren arabera, etxera itzuli da. Han zituen zain familia, lagunak eta jarraitzaile batzuk. «Turkia maite dut. Europarrek asiloa eskaini didate, baina hemen geratu nahi dut», esan zuen, argazkilariaren arabera.
Asteazkenean atxilotu zuen Turkiak. PKK alderdiarekin lotura edukitzea leporatu diote folk elektronikoaren nazioarteko izarrari eta terrorismo delitua leporatu zioten. France Press agentziak zabaldu duenez, duela gutxi YPG Herriaren Babeserako Unitateek kontrolaturiko eremu batera eginiko bidaia baten inguruan galdekatu dute.
Suleiman Haseke eskualdean jaio zen, duela 55 urte. Arabiar sunita izanda ere, arabiarrez eta kurdueraz abesten du, eta beti mintzatu da eskualdean bizi diren talde etnikoen arteko elkarbizitzaren alde. Sirian gerra hasi zenean, okindegi bat jarri zuen Urfa hirian, iheslari pobreei ogia doan emateko.