«Terrorismoagatik susmagarriak direnen estradizioei buruz Turkiarekin lan egiteko prest daude Suedia eta Finlandia», nabarmendu zuen Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak herenegun, Turkiak Suediari eta Finlandiari Mendebaldeko aliantza militarrean sartzeko betoa kendu eta gero —NATOko liderrekaliantzako kide bihurtzera gonbidatu zituzten formalki atzo bi herrialdeak—. Hori adostu dute hiru estatuek, eta Ankarak atzo iragarri zuen prest dituela «terroristatzat» jotzen dituen 33 pertsonaren estradizio eskaerak Stockholmera eta Helsinkira bidaltzeko.
Magdalena Andersson Suediako lehen ministroa TVE telebista katean elkarrizketatu zuten atzo, eta, estradizio eskaerez galdetu ziotenean, erantzun zuen aztertu egingo dituztela Turkiaren eskaerak, baina, betiere, Suediako legedia eta «estradizioei buruzko Europako hitzarmena» kontuan hartuz. Stoltenbergek ere esparru hori bera aintzat hartu behar dela azpimarratu zuen, herenegun.
Sauli Niinisto Finlandiako presidenteak atzo esan zuen datozen egunetan direla sinatzekoak aliantzan sartzeko protokoloa, eta nabarmendu zuen Turkiarekin sinatutako konpromisoak ez duela esan nahi Ankarak estraditatu nahi dituen pertsona jakin batzuen inguruko jarrera aldatuko duenik.
Turkiak betoa ezarria zien Suediari eta Finlandiari, egozten baitie babesa ematea PKK Kurdistango Langileen Alderdikotzat jotakoei —Ankararen eta EB Europako Batasunaren arabera talde «terrorista» da— eta YPG Herriaren Babes Unitateetako kidetzat jotakoei —Siriako milizia kurduak dira—. Akordioan zehaztu dute, ordea, Suediak eta Finlandiak ez dietela lagunduko ez YPGri, ez Fethullah Gulen lider islamistarekin lotutako erakunde bati, eta «lankidetzan» ariko direla PPKren aurkako borrokan.
Gerra Ukrainan. NATOren goi bilera
Turkiak 33 estradizio eskaera bidaliko ditu Suedia eta Finlandiara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu