David Julia (Zumaia, Gipuzkoa, 1992) iazko ekainaren 3an iritsi zen lehen aldiz Lesbosera (Grezia). Zaporeak proiektuarekin joan zen, kooperante gisa, eta Moriako errefuxiatu kanpamentuan egon da duela gutxira arte. Turkiak duela hiru aste adierazi zuen eten egingo duelaEuropako Batasunak eta Turkiak 2016an adostu zuten migrazio akordioa. Baliteke horrek Lesbosko kanpalekuei eragitea. Greziako Herriaren Babeserako ministrorde Yorgos Kumutsakosek hilaren 9an ohartarazi zuen gainezka daudela, gero eta iheslari gehiago iristen direla. Iazko datuekin alderatuta, aurten Greziara iritsitakoen kopurua %30 igo da. Hori dela eta, konponbideak eskatu dizkie Turkiari eta EBri.
Zer eginbehar zeneukan Lesbosen?
Zaporeak proiektuarekin kanpaleku okupatu batera joan nintzen errefuxiatuentzako janaria sukaldatzera. Hori amaitu, eta agiriak egiten ibili nintzen. Gauez, ordea, zaintza lanean, txalupak iristen zirenerako, larrialdi horietan ura, mantak edo behar zutena ematen.
Nola daude gaur egun errefuxiatu esparruak?
Egoera oso trabatuta dago. Errefuxiatuen sei txalupa inguru iristen dira egunero Greziako irletara. Lehengo astean, hirurehun bat iheslari iritsi ziren Lesbosera. Hil honetan, 934 pertsona iritsi dira jada. Horietatik 357 pertsona Atenas ingurura lekualdatu ziren, eta zortzi iheslari deportatu egin zituzten.
Turkiak esan du eten egin duela EBrekin 2016an adostu zuen akordioa, baina Bruselak adierazi du ez dela halakorik gertatu. Krisi politiko horrek eraginik izan al du Lesbosen?
Lehorreratze gehienak udan izaten dira, baina dirudienez akordioa hauste horrek eragina izan du. Finean, Turkia Europari presioa egiten ari zaio, eta joko politikoa tartean da.
Zure ustez, zergatik egin zuten EBk eta Turkiak adostutako akordioa?
Diru konpromisoagatik. Turkiako jendeari doan ematen zieten Europara etortzeko bisa, eta azkenean joko politikoa izan zen. Turkiari bost axola zaizkio errefuxiatu gehienak. Kostazainek tratu txarrak ematen dizkiete iheslariei, bai fisikoki, bai ahoz. Halaber, Europak beste aldera begiratzen du.
Gainezka al daude Greziako iheslarien esparruak?
Bai, bai. Moriako kanpamentua 3.100 pertsonarentzat prestatua dago, eta beteta dago. Orain, Lesbosen 10.000 errefuxiatu daude guztira. Azkenean, oso pilatuta daude espazio txiki batean.
Zer erantzun du Europako Batasunak?
Europak diru kopuru bat ematen dio Greziari. Janariaren kasuan, janari zerbitzuen enpresa batek Greziako kanpaleku gehienetan jaten eman arren, ez du horrenbeste balio; egiten duten gastua askoz ere txikiagoa da. Baina catering enpresa gobernuari lotuta doa. Eta diru dezente desagertzen da. Europako Batasunak Greziari ematen dion dirutik gutxi iristen zaie, eta azpiegiturentzat ere oso gutxi iristen da.
Zergatik atxilotzen dituzte kostazainek txalupetako gidariak?
Txalupa gidatzen duena ere iheslaria izaten da. Horrek ez du ordaintzen, baina kostazainek, txalupa harrapatuz gero, gidaria atxilotu eta gizakien trafikaritzat salatzen dute. Epaiketan hamar urteko kartzela zigorra ezartzen diete txalupan zeramaten pertsona bakoitzeko. Batez besteko epaiak 44 urteko kartzela zigorrak dira, baina Grezian gehienez 25 urteko kartzela zigorra bete dezakete. Jada horrelako 41 kasu daude 2016tik. Hori da, azkenean, Europa Mediterraneoan egiten ari dena.
Urteak joan, urteak etorri, iheslarien egoera aldatu al da?
Grezian egun dagoen ministro berriarekin deportazioak masiboak izango direla diote. Atenasen, Tesalonikan... Denak aterarazi egingo dituela diote. Egoerak hurrengo hilabeteetarako ez du itxura onik.
Eta, etorkizunari begira, zer espero duzu?
Nahiko beltz ikusten dut etorkizuna. Alde batetik, Greziako gobernu eskuindar berriarengatik. Bestetik, Europak ezer egin gabe jarraitzen du. Balkanetako bideetan, Poliziak muga guztiak itxita ditu. Jendea egunero ibiltzen da Mazedonia, Bosnia eta Serbiako mugetan ezkutuan saltatu nahian, pasaporte faltsuekin hegazkinak hartuz; horrela, azkenean, ahal duten moduan Greziatik irten nahi dute, bertako egoera tamalgarria baita.
David Julia. Zaporeak proiektuko kooperantea
«Turkia Europari presio egiten ari zaio, eta joko politikoa tartean da»
Turkiak dio bertan behera utziko duela 2016an Europako Batasunarekin adostu zuen migrazio akordioa. Greziako errefuxiatu kanpalekuak gainezka daude, eta erantzuteko eskatzen diete Turkiari eta EBri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu