Armenia eta Turkia arteko mugako igarobide bat aurrenekoz ireki dute 35 urte eta gero, horretatik laguntza humanitarioa eramateko joan den astelehenean Ekialde Hurbilean gertatutako lurrikarak kaltetutako eremuetara. Hori kaleratu zuen, atzo, Anadolu Turkiako berri agentziak, Ankarako funtzionario baten hitzak aipatuta.
Turkiak Armeniarekin iaz hasitako negoziazioetarako Ankarak duen ordezkari berezi Serdar Kilicek Twitterreko bere kontuan zehaztu zuenez, Alicango igarobidetik igaro ziren ura eta elikagaiak zeramatzaten bost kamioi. Armeniako Atzerri Ministerioko Prentsa idazkari Vahan Hunanyanek ere konboiek Margarako zubia igaro zutela azaldu zuen.
Ankarak eta Erevanek urte askoan ez zuten harreman diplomatikorik eduki, Turkiak ez duelako onartzen 1915ean hasi eta hainbat urtez Otomandar Inperioak egindako genozidioa: Armeniaren arabera, 1,5 milioi armeniar inguru hil zituzten sarraski hartan. 2009ko saiakerak porrot egin ondoren, iaz harremanak normaltzeko elkarrizketak hasi zituzten bi herrialdeek.
Turkia eta Armenia arteko muga ireki dute laguntza humanitarioa igarotzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu