Turingiako landerrean CDU Batasun Kristau-Demokratak eskuin muturrarekin bat egin izanak barne krisia eragin du alderdian, eta zuzendaritzak ezohiko bilera bat egin zuen atzo Berlinen. Bertan, SDP Alemaniako Alderdi Sozialdemokratari eta Berdeei presio egin zien denen oniritzia duen hautagai bat aurkezteko, gobernuak «zentro demokratikoaren esku» egon behar duela argudiatuta. Bi alderdiek guztiz baztertu zuten ideia hori, eta Wolfgang Tiefense eskualdeko lider sozialdemokratak «huts egindako» saiakera gisa definitu zuen kontserbadoreen proposamena.
Annegret Kraamp-Karrenbauer CDUko presidenteak argi adierazi zuen zein zen haien jarrera, eta azpimarratu zuen ezin zutela inongo lankidetzarik izan AfD Alemaniarentzako Alternatibak alderdiarekin: «Eskuin muturrekoekin ez gara elkarlanean arituko». Die Linke ezkertiarrarekin koaliziorik ez zutela osatuko ere esan zuen. Halaber, ohartarazi zuen egoera ez bazen konpontzen hauteskundeak berriz egin beharko liratekeela —hain zuzen, horren aldeko apustua egin zuen hasieran—.
CDU astindu egin du Turingiako landerrean gertatutakoak, zuzendaritza nagusian eta agerian utzi du eskualdean bi ikuspegi desberdin dituztela. Haatik, beste alderdiek ere akatsak egin zituztela kritikatu zuen atzo Kraamp-Karrenbauerrek: «Lehen hutsa Bodo Ramelowek eta bere kideek egin zuten, gehiengo nahikorik gabe aurkezteagatik. Bigarrena FDP alderdi liberalarena izan zen, AfDk botoa emateko aukera zuen hautagai bat aurkezteagatik, eta azkena, Turingiako CDUrena, alderdiaren goi karguen aholkuei izkin eginez hautagai horri botoa emateagatik». CDUk eta SPDk osatzen duten gobernu koalizioa gaur elkartuko da krisiaz aritzeko.
Desadostasunak
Ustez ustekaberik gabeko inbestidura saio lasai bat izan beharko lukeenak hautsak harrotu ditu Alemanian. Turingiako landerrean du jatorria krisi politikoak: asteazkenean egindako parlamentuko saioan, espero zen hirugarren bozketan Bodo Ramelow Die Linkeko hautagaitza aurrera ateratzea gehiengo soilarekin,SPDren eta Berdeen babesarekin. Ezustean, baina, CDUk eta eskuin muturrak batera bozkatu zutenFDP liberaleko hautagaiaren alde, eta Thomas Kemmerich atera zen garaile.
Erreakzio zaparrada berehalakoa izan zen, eta estu hartu zuten Kemmerich, bai gainontzeko alderdiek eta baita alderdikideek eurek ere. Presio horren ondorioz, lehen ministroak iragarri zuen dimisioa emango zuela; oraindik, ordea, ez da formalki gauzatu, eta baliteke oraingoz ez egitea urrats hori. Izan ere, azaldu zuen parlamentuko legelariek aholkatu diotela ez dimititzeko, horrek sortuko lukeen hutsune administratiboa eragozte aldera.
Turingian eskuin muturrak babes zabala duen arren, hainbatek naziekin alderatu izan dute alderdia. Alemanian, gainera, alderdiek orokorrean saihestu egiten dute AfDren babesa.
Turingian SPD eta Berdeen oniritzia izango duen presidentea nahi du CDUk
Merkelen alderdiko zuzendaritzak ezohiko bilera bat egin du. CDUko presidenteak dio ez direla lankidetzan arituko eskuin muturrarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu