Ordu gutxi batzuk besterik ez du behar izan Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaile Manuel Garcia Castellonek Tsunami auzia artxibatzeko, auzitegi horretako Zigor Salak azken hiru urteetako diligentziak baliogabetu eta gero. Instrukzioa 2021eko uztailaren 29an amaitzekoa zen, eta epez kanpo luzatzeagatik hartu zuen erabakia salak. Tsunami Demokratikoko hamar lagun inputatu zituzten 2019ko udazkenean izandako protesta sortaren harira, tartean, Marta Rovira ERC Esquerra Republicanaren idazkari nagusi ohia; «terrorismo» deliturik izan ote zen ikertzen ari ziren. Salaren erabakiaren ostean, Garcia-Castellonek berretsi du ez dagoela nahikoa arrazoirik delitu horiek egozteko. Eta haren atzetik, erabaki bera hartu du Auzitegi Gorenak ere. Haren esku zegoen auzi bereko beste zatia, Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiari eta Ruben Wagensberg ERCko parlamentariari eragiten ziena.
Marta Molina ERCko Gizarte Mugimenduen idazkari eta auzian ikertuak jarritako helegite bati erantzunez hartu zuen erabakia Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak, argudiatuta instrukzioaren lehen bi luzapenak modu egokian egin ziren arren, hortik aurrerakoetan forma akats bat dagoela: Garcia Castellonek 2021eko uztailaren 30ean luzatu zuen instrukzioa, baina epea egun bat lehenago amaitu zen. Prozedura Kriminalaren Legea da instrukzio epeak arautzen dituena, eta, haren arabera, posible da ezarritako epeak luzatzea, betiere horretarako tramitea aurrez ezarritako epea amaitu aurretik egiten bada. Halakorik ezean, instrukzio epaileak bi aukera ditu: epaiketa batera bideratu edo auzia artxibatu.
Erabaki horrekin, Zigor Salak ez zuen auzia artxibatzearen alde egin, Josep Lluis Alay abokatuak hala eskatu arren. Horren ordez, Garcia Castellonen esku utzi zuen erabakia. Betiere, 2021eko uztailaren 29a baino lehen jasotako informazioarekin. Horiek hala, Garcia-Castellonek auzia artxibatzearen alde egin du. Izan ere, auzitegiak baliozkotzat ezarritako epean ez zen ikertuen deklaraziorik ere hartu. Beraz, epaileak berretsi duen arren auzian jaso direla terrorismo delitu gisa kalifika daitezkeen ekintzak, gehitu du Zigor Salaren erabakian ez diola bide ematen horiek ikertuei egozteko.
Erabaki horren berri eman dio Garcia Castellonek Auzitegi Goreneko Bigarren Zigor Salari ere, «auzi bereziko prozedurarekin bat egiteko eta bidezko ondorioak izan ditzan». Auzitegi hark du auziaren beste zatia, Puigdemonti eta Wagensbergi eragiten diena. Beraz, Susana Polo instrukzio epailearen esku zegoen horien ingurukoa. Hark gaur ebatzi du auzia artxibatzearen alde.
Fiskaltzak adierazi izan du ez zela terrorismo deliturik izan, desordena publikoak baizik. Auzia terrorismoarekin lotzea izan da, ordea, orain arte amnistia legea ez aplikatzeko auzitegiek erabilitako argudioetako bat.
Auziak 2019ko urrian Tsunami Democratic mugimenduak eginiko ekintzak ditu oinarri. Mugimendu hark protestarako deia egin zuen Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentistei ezarritako espetxe zigorren kontra. Auzitegiaren ikerketaren arabera, Tsunami «istiluak» eragiteko eta «independentziaren aldeko» testuinguru bat errazteko eratu zen.
Fiskaltzak adierazi izan du ez zela terrorismo deliturik izan, desordena publikoak baizik. Hala, hark aurrez eskatu zion Garcia Castelloni auzia Bartzelonako epaitegietara bideratzeko, haien eskumenekoa zelako. Auzia terrorismoarekin lotzea izan da, ordea, amnistia legea ez aplikatzeko orain arte auzitegiek erabilitako argudioetako bat.
Roviraren itzulera
Garcia Castellonen erabakiaren ondorioetako bat izan daiteke Rovira Kataluniara itzultzea; hura 2018tik dago Suitzan. RAC1 irrati katean egindako adierazpenetan, ERCko kideak adierazi du asteburuan alderdiko emakumeen batzarrean parte hartzea gustatuko litzaiokeela, baita Vic sorterrira itzultzea ere. Halere, azaldu du oraindik ez duela hartu erabakirik, ikusteko baitago ea akusazio partikularrek helegiterik aurkeztuko ote duten.
Auzitegiaren erabakiaz, ERCko idazkari nagusi izanak adierazi du badela «nolabaiteko justizia poetiko bat» auzia artxibatzeko moduan. Izan ere, salatu du Garcia Castellonek «etengabe» luzatu duela ikerketa, auzia «politizatzeko» helburuarekin. Erabaki hori Roviraren aldeko bigarrena da egun gutxian. Aurrez, Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak haren aurkako atxilotze agindua erretiratu zuen, argudiatuta ERCko kideari egozten zitzaion desobedientzia delituan amnistia legea aplikatu behar zela.
Pere Aragones Generalitateko jarduneko presidenteak adierazi du Tsunami auziak «hainbeste jenderi eragindako sufrimenduaren eta itoaldiaren amaiera» behar duela izan. Jordi Turull JxCko idazkari nagusiak sare sozialetan idatzi du: «Al Capone bezala, azkenean zergak zirela-eta erori zena, Toga Nostraren epaileari azpijokoa desegin diote epe kontuagatik». «Jende askoren mina» amaitu izana ospatu du, eta auzia «guztiz artxibatzea» eskatu. ERCko presidente ohi Oriol Junquerasek, berriz, poza adierazi du Rovirak Kataluniara itzuli ahal izango duelako: «Zurekin urte asko elkarbanatu ditugu politikagintzan, zoritxarrez, espetxeak eta erbesteak zailduak. Orain, zazpi urteren ostean, poz handi bat izango da berriz elkartzea». Izan ere, Junquerasek gehitu du erbestea «bozkatzearen egitate demokratikoaren kontrako» beste injustizia bat izan dela.
Amnistiaren kontra
Bartzelonako Lehen Instrukzio Epaitegiko epaile Joaquin Aguirrek uko egin dio Artur Mas eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohien aurkako auzian amnistia legea aplikatzeari. Volhov auzian, bi presidente ohiei eta beste 11 laguni funts publikoak bidegabe erabiltzea, traizio egitea eta gaizkile taldeko bateko kidea izatea egozten die, Errusiako Gobernuak Kataluniako independentzia prozesuan izandako ustezko esku hartzearen harira. Era berean, Kataluniako zenbait egunkariren arabera, epaileak hartua du Puigdemonten eta Francesc de Dalmases JxCko diputatuaren kasuak Auzitegi Gorenera bideratzeko erabakia, forudunak direlako. Hala, horrek bide eman dezake Gorenak auzia bere osotasunean hartzeko.
Agirre epaileak ekainaren 21ean ebatzi zuen auziari lotutako pieza berri bat irekiko zuela, Bartzelonako Auzitegiak Volhov auzia ixteko agindu baitzion, luzapen bat onartzeagatik horretarako ekinbiderik zehaztu gabe. Orduan iragarri zuen auzia Gorenera eramateko asmoa zuela. Gonzalo Boye defentsa abokatuak, berriz, Aguirreren aurkako salaketa bat aurkeztu zuen Kataluniako Auzitegi Nagusian prebarikazio delitu batengatik, eta auzia ixteko eskatu zuen. Aguirrerenak dira, besteak beste, Canal Red hedabideak publiko egindako adierazpen hauek: [amnistia] legea niri esker bota zen atzera».