Margaret Thatcherri hamaika keinu egin dizkion eta Boris Johnsonekiko leialtasunari eutsi dion buruzagi bat aukeratu dute Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreko buruzagi eta herrialdeko lehen ministro. Azken agintaldian Atzerri ministro izandako Liz Truss gailendu zaio Rishi Sunak Ekonomia ministro ohiari, babesen %57,4 bilduta —81.326 boto—, eta hamarkadotan profil kameleoikara duela erakutsi duen politikariak «kontserbadore gisa» eta «agindutakoa betetzen» gobernatuko duela adierazi zuen atzo, garaipenaren berri izan eta berehala. Truss kontuan hartuta, kontserbadoreek lau buruzagi —eta gobernuburu— izan dituzte 2010etik hona.
Joan den uztailaren 13ko astean, Alderdi Kontserbadoreko diputatuek bost bozketa egin zituzten, bi finalistak aukeratzeko, eta Sunakek jaso zuen babesik handiena azken-aurrekoan: 137 boto —Trussek, 113—. Azken bozketan, alderdiko 172.437 afiliatuei egokitu zaie iritzia ematea, eta horretan gailendu da iragan agintaldian Atzerri ministro izandakoa. Kanpainako mezu baikor eta lausoez gain, boto emaileek Trussi eskertu diote, Sunakek ez bezala —dimisioa eman zuen Ekonomia ministro kargutik—, ez ziola presio egin Johnsoni haren dimisioa behartzeko. Beste modu batera esanda: leialtasuna begi onez ikusi dute.
Lehen ministro berriak testuinguru oso zailean hartuko du gobernuburu kargua gaur, Johnsonek ofizialki dimisioa ematen duenean. Erresuma Batuko inflazioa %10,1ekoa da, eta espero da hiru puntu igoko dela urte amaierarako; gainera, Ofgem Elektrizitate eta Gas Merkatuen Bulegoak —sektoreko erregulatzailea da— iragan hilabetean jakinarazi zuen energia konpainiek etxebizitzei urtero kobratu ahalko dieten gehieneko prezioa %80 igoko dela —2.325 eurotik 4.202ra— urriaren 1etik aurrera.
Trussek oraindik ez du argitu nola egingo dion aurre bizitzaren kostuaren garestitzeari —atzoko hitzaldian ere ez zuen ezer garbirik esan—, baina herenegun BBC telebista kateari emandako elkarrizketa batean azaldu zuen gobernuburu kargua hartu eta astebetera hasiko dela afera hori lantzen. «Jendea lasaitu nahi dut: astebetean ekingo diogu horri».The Times egunkariaren arabera, gobernuburu berria neurri baten inguruan ari da gogoeta egiten: fakturak izoztea; primarioen kanpainan, berriz, Trussek adierazi zuen zergak jaitsiko zituela.
Udan protesta asko egin dituzte Erresuma Batuan, besteak beste, burdinbideko langileek, postakoek eta zamaketariek, eta, lehen ministro berriak ezer aldatu ezean, udazkenean manifestazio gehiago aurreikusi dituzte sindikatuek, lan gatazken eta egoera ekonomikoaren harira.
Ipar Irlanda, EB eta Eskozia
Azken urteotan bezala, Ipar Irlandak eta EB Europako Batasunarekiko harremanak zeresan handia izango dute herrialdeko politikan. Brexit zale amorratuenek Erresuma Batua erabat atera nahi dute talde komunitariotik, eta lehen ministro berriak horien alde izan duen jarrerak —EBtik irtetearen aurka bozkatu zuen 2016ko galdeketan— agerian utzi du protokoloaren inguruko desadostasunek bere horretan jarraituko dutela.
Irlanda iparraldea, gainera, gobernurik gabe dago iragan maiatzeko Asanblearako hauteskundeetatik, DUP Alderdi Demokratiko Unionistak erakundeak blokeatzea erabaki baitzuen protokoloagatik kexa adierazteko. Hori eginda, unionistek argudiatu zuten Londresi eta Bruselari «mezu argi bat bidaltzen» ari zaiela, eta baliteke Trussek protokoloko 16. artikulua aktibatuta erantzutea DUPi —mekanismo horrekbrexit-erako akordioaren parte batzuk alde bakarrez bertan behera uzteko balio du—.
Eskozia ere izango da hainbat eztabaidaren arrazoi, Nicola Sturgeon hango lehen ministroak beste independentzia erreferendum bat egin nahi baitu datorren urteko urriaren 19an; oraingoan, Londresen baimenik gabe —Trussek ezezkoa eman dio jada. Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak bost aste barru entzungo ditu bi aldeen argudioak afera horretaz—urriaren 11n eta 12an—, eta urte amaieran edo datorren urte hasieran emango du erabakiaren berri.
Lehen ministro berriak, behintzat, ez zuen ongi hasi Eskoziako gobernuburuari aurre egiteko estrategia, esan baitzuen Sturgeon «atentzioa bilatzen» ari dela auzi horrekin, eta, hortaz, ez zaiola «jaramonik egin behar». Eskoziako alderdikide kontserbadoreak kritiko agertu ziren adierazpen horiekin, boto emaile unionista moderatuak eta zalantzati daudenak konbentzitzeko balio ez duelakoan.
Afera horiei aurre egiteaz gain, Erresuma Batuko lehen ministro berriak haren alderdiaren erakargarritasuna —eta batasuna— berreskuratzea izango du helburu eta erronka, Johnsonen agintaldiko eskandaluak argitara atera zirenetik toryak laboristen atzetik baitaude inkestetan; batez bestekoaren arabera, Alderdi Kontserbadoreak botoen %32 jasoko lituzke, eta Keir Starmer buru duenak, %41.
Trussek eraginkortasuna eta izaera kontserbadorea iragarri ditu agintaldirako
Toryen buruzagi eta Erresuma Batuko lehen ministro aukeratu dute Atzerri ministro izandakoa. Bizitzaren kostuaren garestitzea izango du erronka nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu