Trussek dimisioa eman du, egindako hutsegiteek eta toryen kaosak bultzatuta

45 egun egin ditu Erresuma Batuko lehen ministro karguan. Alderdi Kontserbadorea datorren ostiralerako da lider berria aukeratzekoa. Oposizioak bozetara deitzeko eskatu du

Liz Truss, atzo, Downing Streeteko 10. zenbakiaren atarian, dimititu egin zuela iragarriz. ANDY RAIN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Hauteskundeak irabazi gabe eta Alderdi Kontserbadoreak Komunen Ganberan dituen 357 diputatuen herenen babesarekin hartu zuen Erresuma Batuko lehen ministro kargua Liz Trussek, joan den irailaren 6an, alderdiko primarioetan militanteen botoei esker gailenduta. Horrenbestez, hasieran ere ez zuen oso posizio sendoa aparatuaren barruan. Bi aste pasa geroago, bere agintaldi laburreko hutsegiterik larriena egin zuen: azken mende erdiko zerga jaitsierarik handiena planteatu zuen, hori finantzatzeko herrialdea zorpetzea proposatuz. Merkatuak eta inbertsiogileak dardarka hasi ziren. Jeremy Huntek Kwasi Kwarteng ordezkatu zuen Ogasun ministro gisa, eta aurreko astelehenean Trussen zerga neurriak zuzendu zituen Komunen Ganberan, Trussen beraren aurrean. Hurrengo egunean, egindako «hutsegiteengatik» barkamena eskatu zuen BBC hedabidean, eta aitortu «urrunegi» jo nahi izan zuela eta «azkarregi» aritu zela zerga jaitsieren asmoen inguruan. Nabarmendu zuen, baina, ez zuela dimitituko. Atzo eman zuen dimisioa, karguan 45 egun, hilabete eta erdi, iraun ondoren.

Dena den, toryek haren ordezkoa aukeratu bitartean, behin-behinean jarraituko du karguan. 1922 Batzordea da gobernuan ez dauden diputatu kontserbadoreak biltzen dituen organoa, eta barne bozak antolatzen ditu, gainera. Graham Brady du buru, eta, Trussek dimisioa eman eta gero jakinarazi zuenez, toryek beren liderra eta, bide batez, Erresuma Batuko lehen ministro berria aukeratzeko prozesua datorren ostiralerako bukatuta egongo da. Ez zuen zehaztu zein prozedurari jarraituko dioten horretarako, baina hautagaitzak astelehenean aurkeztu beharko dituzte, eta hautagaitza bakoitzak ehun diputaturen babesa eduki beharko du.

Oposizioak, berriz, hauteskundeetara deitzeko eskatu zuen.«Argi dago Alderdi Kontserbadoreak ezin duela gobernatu. Hamabi urteko porrotaren ondoren, Erresuma Batuko herriak ate birakariek eragindako kaosa baino zerbait hobea merezi du», azpimarratu zuen Alderdi Laboristaren lider Keir Starmerrek. Liberal Demokratak alderdiak, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak eta Alderdi Berdeak ere bozetara joan nahi dute. Boto asmoari buruzko inkesten batezbestekoaren arabera —urriaren 17koa da azken datua—, toryek botoen %23 bilduko lituzkete hurrengo hauteskundeetan, eta laboristek, %52.

Trussek Downing Streeteko 10. zenbakiaren atarian 14:30ean egindako agerraldi laburrean azaldu zuenez, «zeregin» baterako hautatu zuten. Argudiatu zuennazioartean-eta ekonomikoki abagunea «ezegonkorra» izateak ez diola lagundu zeregin horretan. Ekonomia «zerga txikietan eta hazkunde handian» oinarritu nahi zuen, «brexit-aren askatasunak» baliatuz. «Ezin izan dut zeregina bete». Horregatik dimititu du.

Horren ondorioz, eta bestela ere, ez zuelako diputatuen babesik. Trussek agerraldia egin aurretik hamasei ziren dimititu zezala jendaurrean eskatu zioten diputatu toryak. Eta aintzat hartu beharreko beste aldagaietako bat da Alderdi Kontserbadorearen barruko kaosa. Herenegun dimisioa eman zuen Suella Braverman Barne ministroak, bere hitzetan «hutsegite bat» egiteagatik, isilpeko informazioa bere telefono pertsonaletik konpartitzeagatik.

Gainera, Komunen Ganberako herenegungo osoko bilkura oso istilutsua izan zen. Gasa lurpetik ateratzeko fracking metodoari jarritako debekua indargabetu zuen gobernuak irailean, eta laboristek zuzenketa bat jarri zioten kabinetearen asmoari. Atzera bota zuten laboristen zuzenketa, baina 40 diputatu toryk ez zuten bozketan parte hartu. Chris Bryant laboristak jakinarazi zuen «jazarpen irudiak» ikusi zituela, tory batzuek «oso oldarkor» jokatu zutela, eta haien artean bultzaka aritu zirela. Erresuma Batuko zenbait hedabidek kaleratutakoaren arabera, legebiltzarkide kontserbadore batzuk matxinatzen ahalegindu ziren, eta beste batzuek, kontrara, indarka eragotzi zuten. Lindsay Hoyle ganberako presidenteak gertatutakoa ikertzeko agindu du.

Bradyrekin bilera egin zuen Trussek, egoeraz hitz egiteko. Downing Streeteko 10. zenbakiko bozeramaile batek esan zuen lehen ministroak karguan jarraituko zuela, aldaketarik ez zegoela aurreikusita. Ordubete pasa geroago iragarri zuen dimisioa.

Azken sei urteotan lau lehen ministro toryk dimititu dute: David Cameronek, 2016ko ekainean; Theresa Mayk, 2019ko maiatzean; Boris Johnsonek, aurtengo uztailean, eta Trussek, atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.