Bidenen erronkak. AEBak

TRUMPISMOA UZTEKO GARAIA

Buruzagi errepublikanoak lau urteotan hartutako erabakiak iraultzea izango da Joe Bidenen legealdiko lanik neketsuenetako bat. Baina ez bakarra. Pandemiaren aurkako neurriak hartu eta errepublikanoekiko zubiak eraikitzen ahalegintzeaz gain, etxean duen zatiketa ere leundu beharko du.

Joe Biden presidente hautatua. ALYSSA POINTER / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Logela hankaz gora utzi eta, etxeko guztiekin haserre, atea kolpe batez itxita joaten den nerabearen antzera amaituko du legealdia Donald Trumpek. Hark lau urtean hartutako erabakietako asko iraultzea edo, ahal den heinean, konpontzea egokituko zaio Joe Biden buruzagi demokratari. Bai nazioartean, Iranekiko akordio nuklearra edo Europako Batasunarekiko harremanak kasurako, bai etxean, pandemiarekin esaterako. Bere alde ditu Ordezkarien Ganberako eta Senatuko gehiengoak —Senatuan 50na senatari ditu alderdi bakoitzak, baina, berdinketa kasuetan azken hitza presidenteordeak duenez, demokratak gailenduko lirateke—, eta horrek asko erraztuko dio lana. Baina bidea ez da zailtasunik gabekoa izango.

Gobernuaren eraketan bertan egon da lehen aldaketa. Trump ez bezala, stablishment-eko kideez inguratu da Biden. Senatari eta presidenteorde karguan egin dituen urteetan ezagututako jendea da gehienbat. Zenbaitek kritikatu diote Barack Obamaren hirugarren legealdia ote den berea, presidente ohiak abian jarritako proiektuetako asko berreskuratuko edo indartuko dituela iragarri baitu buruzagi demokratak, besteak beste, Obamacare delakoa. Ez dator bat Delawareko senatari den Christopher A. Coons: «Batzuek diote, mespretxuz, hau Obama 2.0 gobernua izango dela. Baina hori ezinezkoa da. Ezin dugu atzera egin 2016ra. Lau urte hauek dena aldatu dute. Beste garai batean gaude, eta gobernua bera ere desberdina da. Uste dut administrazio honek baduela gaitasuna AEBak nahaste honetatik ateratzeko».

Dagoeneko 23,4 milioi kutsatu eta ia 400.000 hildako eragin dituen pandemiari aurre egitea izango da administrazio berri horren lehentasun nagusia. Bidenen bozetarako kanpainako zutabe nagusia izan da COVID-19aren aurkako borroka, krisi ekonomikoarekin batera. Hala ere, hark, aurreko gobernuak ez bezala, osasuna lehenetsiko duela iragarri du, eta prest agertu da beste itxialdi bat agintzeko, horrekin kutsatzeak murriztuko badira. Horrekin lotuta zenbait neurri iragarri ditu: batzorde bat osatzea, testen eta txertoen ekoizpena eta banaketa kontrolatuko dituena; maskaren derrigorrezko erabilera bultzatzea; Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak egiten dituen osasun publikoaren azterketak ugaritzea; eta OME Osasunaren Mundu Erakundearekiko elkarlanera itzultzea.

Pandemiari aurre egiteko baliabideen artean da Obamacare deritzona, zeinak osasun arreta bermatzen dien aseguru pribaturik ez duten hainbati. Demokratek bi ganberetan duten gehiengoarekin, erraz zabaldu ahal izango dute osasun arreta Medicaid sistema onartua ez duten estatuetako baliabide gutxiko herritarrengana iristeko, eta aseguru etxeen diru laguntzak handitu ahalko dituzte. Aldiz, Bidenen proposamenetan nagusi izan zen aseguru publiko baten sorrera ia ezinezkotzat jotzen dute haren gertukoek, horrek Senatuaren bi herenen babesa behar baitu. Horrekin batera, bazterrean geratu da ezkerreko demokratek, Bernie Sanders senataria buru, defendatzen duten osasun arreta publikoa, zeinak aseguru pribatuak desagerraraztea aurreikusten zuen. Proposamenak moderatuen kritikak eragin zituen hasieratik, Biden bera tartean.

Hain zuzen ere, alderdi barruko zatiketa hori, ezkertiarren eta moderatuen artekoa, leuntzea izango da Bidenen beste erronketako bat. 2016an Hillary Clinton hautagai zenean ez bezala, Bidenen kanpaina bultzatu dute progresistek 2020an, baina baita ohartarazi ere presidente berria estu hartuko dutela behin hura Etxe Zurira heltzen denean. Aldi berean, baina, progresisten goraldiarekin kexu agertu dira moderatuak, batez ere haien mesedetan eserlekua galdu dutenak. «Politika progresistek ez diote inori kalterik egiten. Zalantzan ziren barrutietan, denentzako osasun arreta defendatu duten hautagai guztiek irabazi dute. Baina, hala ere, eta bozen emaitzak jakin aurretik, segurutzat jotzen zituzten hainbat barrutitako porrotaren erantzule egin gintuzten gu eta BLM Black Lives Matter mugimendua», salatu du duela aste batzuk New Yorkeko ordezkari progresista Alexandria Ocasio-Cortezek. Bidenek bozak irabazi zituela jakin eta gutxira eskainitako agerraldian, argi utzi zuen ez zela fidatzen moderatuek hartuko duten norabideaz: «Historia kontua da. Komunitateen babesa eskatzen dute hauteskundeak irabazteko, eta gero, politikak egiteko garaian, bazterrean uzten dituzte».

Ezin da gutxietsi progresisten indarra. Azaroko bozen ostean, haienak dira Ordezkarien Ganberako 435 eserlekuetatik 94 —duela lau urte baino 16 gehiago—, eta Senatuan ere ordezkaritza bat eskuratu dute. Haien ahalmenaren jakitun, Bidenek aurreratu du bultzatuko dituela haien zenbait proposamen; esaterako, doako koronabirus probak egitea eta etxegabetzeak atzeratzea pandemiak irauten duen bitartean. Baina beste egitasmo batzuen kasuan, aurka agertu da buruzagi demokrata; esaterako, Poliziarentzako funtsak murrizteko eskarian.

Black Lives Matter

Biden ez legoke Etxe Zurira sartzeko puntuan BLM Black Lives Matter mugimenduaren bultzadarik gabe. Afro-amerikarren %93k egin zuten hautagai demokraten alde, eta Georgian mobilizazio gaitasun izugarria erakutsi zuten, Senatuko gehiengoa Bidenen aldera iraulita. Estatu horretan, 800.000 hautesle berri bildu ditu demokraten inguruan Stacey Abrams politikari eta abokatuak. Abrams izan zen Bidenek hautagai izan zituen izenetako bat presidenteordegaia aukeratzeko lanetan aritu zenean. Baina Abrams progresista da, eta egungo Polizia sistema aldatzearen aldekoa, Kamala Harris presidenteorde hautatua eta Biden bera ez bezala.

Mapping Police Violence atariaren arabera, AEBetako Poliziak 1.127 pertsona hil zituen iaz, horietatik %28 afro-amerikarrak, nahiz eta azken horiek biztanleen %13 soilik izan. Datu horiek eta iaz Poliziak hildako Rayshard Brooksen, George Floyden eta Breonna Taylorren kasuek komunitatearen haserrea eragin zuten, eta BLM mugimenduaren eskari nagusiak bilakatu direnak sendotu: Poliziaren funtsak murriztea eta zurien eta afro-amerikarren arteko arrakala etetea —pandemiak 1,6 aldiz afro-amerikar gehiago hil ditu—.

Argazki oina. ALYSSA POINTER / EFE

«Hamarkadetan, afro-amerikarrok ahaleginak eta bi egin ditugu herri honen alde, eta jaso dugun erantzuna izan da gure bizitzek ez dutela balio. Ez dugu nahikoa esker oneko mezuekin. Administrazio honek lanean hasi behar du, eta gurekin duen zorra kitatzen», ohartarazi du Mary Hooksek, BLM mugimenduaren Atlantako ordezkariak. Presidente hautatuari mezu zuzen bat helarazi zion mugimenduak hark bozak irabazi eta berehala: «Zerbait nahi dugu gure botoaren truke».

Mugimenduko kideek Bidenekin biltzeko asmoa dute hark kargua hartu ostean, eta, badakiten arren ez duela egungo egoera egun batetik bestera irauliko, ez dute itxaropena galdu. «Administrazio honek ohartu behar du afro-amerikarrok kanporatu dugula Trump Etxe Zuritik. Hori ez da doakoa», dio Hooksek.

Harris presidenteorde aukeratzea bera komunitate afro-amerikarrari egindako keinu bat izan da, baina, askoren iritziz, ez nahikoa. «BLM mugimendua ez da presio talde handi bat, Erriflearen Aldeko Elkartea izan daitekeen moduan, baina horrek ez du esan nahi pisurik ez duenik», azaldu du Todd Boydek, Kaliforniako Hegoaldeko Unibertsitateko irakasleak. Boydek argi du Bidenek bozak irabazi baditu afro-amerikarrek Trump kargutik kendu nahi zutelako irabazi dituela, eta ez hautagai demokrataren ideietatik gertu sentitzen zirelako. Hain justu, progresisten aldeko joera izan du hasieratik BLMk, eta haiekin egin zuen aliantza iazko urrian, «presio talde bat» sortzeko helburuarekin. Herritarren gutuna izenburupean biltzen ditu blokeak bere eskari nagusiak: guztientzako doako osasun arreta; hamasei milioi lagunentzako enplegu programa bat; arriskuengatiko kalte-ordaina oinarrizko langileentzat, atzera begirako eragina izango duena; eta Polizia finantzatzeko erabiltzen den dirua heziketara eta gizarte zerbitzuetara bideratzea. Ocasio-Cortez bera eta Ilhan Omar ordezkari demokratak dira bloke horretako kideetako bi.

Oposizioa

Garaile izendatu ostean eskainitako lehen hitzaldian, zera esan zuen presidente hautatuak: «Ez gara etsaiak. Estatubatuarrak gara. Zauriak sendatzeko garaia da». Zer gertatzen da, baina, guztiak iritzi berekoak ez badira? Bozetan «iruzurra» izan zen ideia oso zabalduta dago oraindik, eta sustrai sakonak ditu. Argi geratu zen urtarrilaren 6an, Trumpen milaka jarraitzaile indarrez Kapitolioan sartu zirenean; baita aurretik ere, ehun ordezkari baino gehiagok hainbat estatutako emaitzen aurka jo zutenean.

Hauteskunde hauek agerian utzi dute gizartearen banaketa, familia bereko kideek elkarri hitza ukatzea ere eragin duena, eta lau urteok azaleratu dutena. Egoera horren atzean daude gobernuak bultzatutako politikak eta, batez ere, bi alderdi nagusien arteko ezinikusiak. «Hor egin behar dugun galdera hau da: zenbateraino da ezinikusi hori benetakoa? Eta zenbateraino ari dira alderdiak gezurretan euren politikak aurrera atera ahal izateko, nahiz eta horrek adiskidetzerako bideak itxi? Izan ere, gehienetan, helburu politikoak gizartearen beharren aurretik jartzen dituzte alderdiek, azken horiek euren nahiak lortzeko manipulatuz». Trumpen aurkako impeachment prozesua hasteko Ordezkarien Ganberako bozketan ikusi da ez dela ezinezkoa elkarlana. Orain arte buruzagi errepublikanoaren erabakiak zalantzan jarri ez dituzten hamar ordezkarik bozkatu dute hura auzipetzearen alde.

Azken hamarkadetan, Alderdi Demokratan progresistak bezainbat indartu dira Alderdi Errepublikanoan eskuin muturrekoak. Hala, garai batean bi aldeetako moderatuak, une jakinetan bada ere, akordioak lortzeko gai baziren, gaur ia ezinezko bilakatu da halakorik gertatzea. Bidenek lan handia egin beharko du bi bloke gotorretako testuingurua iraultzeko, eta batetik besterako zubiak eraikitzeko. Pandemiak eman diezaioke horretarako aukera bat, baldin eta errepublikanoentzat onargarriak eta progresistentzat balekoak izan daitezkeen neurriak bultzatzeko gai bada. Aurrean lau urte luze ditu Bidenek kanpainan egin zituen promesak betetzen ahalegintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.