Trumpi ez diote zigorrik ezarri 'Stormy Daniels auzian'

AEBetako presidente izango dena erruduntzat jo duten arren, ez du kartzela zigorrik bete beharko, ezta isunik ordaindu ere.

Donald Trump, AEBetako Kapitolioan (Washington), atzo. WILL OLIVER / EFE
Donald Trump, AEBetako Kapitolioan (Washington), atzo. WILL OLIVER / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urtarrilaren 10a
16:24
Entzun

Gaur jaso du Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente hautatuak Stormy Daniels auziaren behin betiko ebazpena: aske utzi dute, baldintzari gabe; hau da, errudun den arren, ez du ez kartzela zigorrik bete ez isunik ordaindu beharko. Kasuko epaile Juan Merchanek jada iragarria zuen ez ziotela kartzela zigorrik ezarriko hilaren 20an Etxe Zurira itzuliko denari —presidente izan zen 2017tik 2020ra—; besterik gabe, haren espedientean gordeta geldituko da delitu batzuen erantzule dela. Dena den, lehen aldia da AEBek delitu larri batengatik zigortutako presidente bat izango dutena.

Trumpi egozten diote 2016an dirua ordaindu izana Stormy Daniels pornografia aktoreari, emakumeak ez zezan zabaldu 2006an harremanak izan zituztela, eta, gainera, ordainketa horiek ezkutatzen ahalegindu zela. Fiskaltzaren ikerketaren arabera, Trumpek 120.000 euro ordaindu zizkion Danielsi 2016ko presidentetzarako bozen kanpainan zirela, kanpainako funtsak erabiliz. Horren harira, 34 delitu leporatu zizkioten, eta, iazko maiatzean, zinpeko epaimahai batek ebatzi zuen errudun zela.

Trumpek ukatu egiten du aktorearekin harremanak izan zituela, eta behin baino gehiagotan leporatu dio Merchan epaileari Joe Biden presidentearekin eta AEBetako Justizia Departamentuarekin «erabat bat eginda» jokatzea. Jarrera berari eutsi dio gaur, prozesu judiziala martxan jarri zutenetik aurrenekoz epailearen aurrean egin dituen adierazpenetan: «Azaldu nahiko nuke oso-oso tratu bidegabea jasan dudala; guztiz errugabea naiz, ez dut ezer egin». Bideo dei baten bidez parte hartu du ebazpenaren irakurketan.

Hartutako erabakia argitze aldera, Merchanek azaldu du herrialdeko «legeei jarraikiz» ezin ziezaiokeela bestelako ebazpenik ezarri Trumpi. Halere, presidente izango denari gogorarazi dio presidente izateagatik duen «babesa» ez dela mugagabea, eta immunitate horrek ezin duela ezabatu justizia organo baten ebazpena.

Trumpek eta haren taldeak ahaleginak egin dituzte auzibide hori atzeratzeko eta bertan behera uzteko; azkenekoz, asteon bertan. Etxe Zuriko maizter izandakoaren abokatuek eskaera bat aurkeztu zuten herenegun, ebazpena irakurtzeko gaurko saioa atzeratzeko, argudiatuta beren bezeroak, Trumpek, immunitatea duela presidente hautatua izateagatik.

AEBetako Auzitegi Gorenak, ordea, ez du onartu eskaera hori. Halere, Trumpek aukera izango du helegite bat aurkezteko, nahiz eta auzitegi horrek berak atzo aitortu zuen hari ezarritako zigorra «praktikan» ez dela ezer. Manhattango Fiskaltzak ere, gaur kaleratutako komunikatu baten bidez, adierazi du ez dagoela auzibidea bertan behera uztearen alde.

Auzibide gehiago

Stormy Daniels auzia itxi den arren, Trumpek oraindik zabalik dauzka bere aurkako beste hiru prozesu judizial: Georgian 2020ko bozak manipulatzeagatik, sekretupeko dokumentuak Miamiko bere etxean ezkutatzeagatik, eta 2021ean AEBetako Kapitolioan izaniko istiluengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.