Trumpentzat, Kapitolioko erasoaren aferan eguneraturiko akusazioa «irrigarria» da

Fiskalak AEBetako presidente ohiaren kontrako akusazioa aldatu du, Gorenak ebatzi baitzuen errepublikanoen hautagaiak immunitatea duela estatuburu izan zen garaiko ekintzetarako. Lau delitu egotzi dizkio berriz, baina alegazio batzuk kendu ditu.

Donald Trump AEBetako presidente ohia, iragan ostiralean, Glendalen (Kalifornia, AEB) egindako mitin batean. ALLISON DINNER / EFE
Donald Trump AEBetako presidente ohia, iragan ostiralean, Glendalen (Kalifornia, AEB) egindako mitin batean. ALLISON DINNER / EFE
ander perez zala
2024ko abuztuaren 28a
13:15
Entzun

Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako estatuburu ohi (2017-2021) eta datorren azaroko presidentetzarako hauteskundeetarako Alderdi Errepublikanoaren hautagaiaren iritziz, Jack Smith fiskal bereziak 2021eko Kapitolioko erasoaren aferan haren aurka eguneraturiko akusazioa «irrigarria» da. Joan den uztailean, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Trumpek immunitatea duela presidente izan zen urteetan egindakoentzako, eta horrek Smith behartu du akusazioa eguneratzera; hori bai, lau delitu leporatu dizkio, aurreko akusazioko berberak, eta aldaketak alegazioetan egin ditu, horietako batzuk kendu baititu.

Trumpek Truth Social sare sozialean atzo idatzi zuen fiskal bereziak egindakoa «desesperazio ekintza bat» izan dela, eta presidentetzarako bozen prozesuan «sartzea» egotzi zion: «Harrigarria da hau egitea. Sistema judizial kriminalaren abusu bat da, aurrekaririk gabea». Are, AEBetako estatuburu ohiak Alderdi Demokratari leporatu zion, atzo ere, 2020ko hauteskundeetan «tranpa egitea» —Joe Bidenek irabazi zuen—.

Smithek, lau delitu akusazioak mantenduta, mezu bat bidali du: uste duela Trump zigortu egingo dutela, immunitatea tartean dagoen arren. Hortaz, besteak beste, fiskal bereziak argudiatu du AEBetako presidente ohiak Mike Pence garai hartan presidenteorde zenari presio egin ziola bozetako emaitzak onar ez zitzan, eta konspiratu egin zuela herrialdearen kontra. Hau da, ustezko ekintza horiek ez dutela zerikusirik presidente baten egitekoekin, eta, beraz, immunitateak ez duela eraginik izango horietan.

Zehazki, honako krimen hauek egotzi dizkio Trumpi: AEBetako Gobernuari iruzur egiteko konspirazioa; prozesu ofizial bat eragozteko konspirazioa; prozesu ofizial bat eragoztea, edo eragozten saiatzea; eta eskubide zibilak urratzeko konspirazioa. Gaur-gaurkoz, ematen du AEBetako presidente ohiaren kontrako epaiketa ez dutela egingo datorren azaroko hauteskundeen aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.