Trumpen presioarekin, independentzia lortu nahian

Gaur egingo dituzte Groenlandiako Parlamenturako hauteskundeak. Aurkeztuko diren sei alderdietatik lau dira independentistak, eta haietako bi dira faboritoak. Trumpen hitzak direla eta, lehen ministroak adierazi du Groenlandia ez dagoela «salgai».

(ID_14757626) GREENLAND ELECTIONS
Siumut alderdiaren aldeko kartel bat aurreko larunbatean, Nuuk Groenlandiako hiriburuaren kale batean. MADS CLAUS RASMUSEEN / EFE
urko iridoy alzelai
2025eko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur egingo dituzte Groenlandiako Parlamenturako hauteskundeak. Indarrean dagoen legealdia apirilaren 4an amaituko da, baina otsail hasieran, Groenlandiako lehen ministro Mute Egedek hauteskundeak aurreratzea proposatu zuen parlamentuan, eta bertako alderdiek begi onez ikusi zuten proposamena. Danimarkaren parte da Groenlandia, baina 2009. urtetik lurralde autonomoa da, eta gobernu propioa dauka. Lehen ministroak adierazi zuen Groenlandia garai «oso garrantzitsuan» dagoela, eta «kanpo presioek bultzatuta» beharrezkoa zela hauteskundeak martxoan egitea. Kanpo presio horiek Donald Trump AEBetako presidenteak egindakoak izan dira, Groenlandia AEBetara batzea nahi duela adierazi du-eta maiz. «Munduko segurtasuna bermatzeko, beharrezkoa da Groenlandia AEBen parte izatea», adierazi zuen Trumpek urtarrilaren 7an.

Groenlandiako Unibertsitateko Artikoko Gizarte Zientzien eta Ekonomiaren Departamentuko buru Javier Arnautek uste du Trumpen hitzek eta haren semeak urtarrilean Groenlandiara egindako bisitak «ezegonkortasuna» sortu dutela lurraldean, eta horren ondorioz ideia banaketa bat egon dela: «Polarizazio bat sortu da jendearen artean, eta, hori ikusita, gobernuak bere ideiak argitu nahi dizkio jendeari». Danimarkako Nazioarteko Ikasketen Institutuko doktore Ulrik Pram Gadek adierazi du biztanleria «mehatxatuta» sentitu dela Trumpen hitzekin: «Bi jarrera sortu dira Trumpen adierazpenen aurrean: batzuek irain moduan hartu dute, eta beste batzuek, aukera moduan».

«Ez dugu estatubatuarrak izan nahi, eta ezta danimarkarrak ere. Groenlandiarrak gara, eta gure etorkizuna guk erabaki behar dugu»

MUTE EGEDEGroenlandiako lehen ministroa

Lehen ministroak argi utzi izan du Groenlandia ez dagoela «salgai», eta prozesu independentista indartzeko nahia agertu zuen hauteskundeen data jartzerakoan. «Ez dugu estatubatuarrak izan nahi, eta ezta danimarkarrak ere. Groenlandiarrak gara, eta gure etorkizuna guk erabaki behar dugu», esan zuen Egedek urtarrilean. Inkesta bat egin zuten hil hartan bertan, eta herritarren %85ek esan zuten ez zutela AEBen parte izan nahi.

Bi interes handi ditu Trumpek Groenlandian. Alde batetik, hango baliabide naturalak bereganatzea. Lur arraro asko daude Groenlandian —hamazazpi elementu kimiko jakini esaten zaie lur arraro—, eta horiek auto elektrikoak eta turbina elektrikoak egiteko erabiltzen dira, besteak beste. Bestetik, Trumpen ustez, Groenlandiak kokaleku estrategiko «oso garrantzitsua» dauka Artikoan. Izotza urtzen den heinean, bide gehiago sortzen dira Ozeano Artikoan, eta, horrekin batera, Txinako eta Errusiako itsasontzi militarren eta komertzialen presentzia areagotzen ari da.

2021ean egin zituzten azkeneko hauteskundeak, eta Inuit Ataqatigiit alderdi ezkertiar independentistak irabazi zituen. Gaur egun, Egederen alderdiak Siumut sozialdemokratekin batera gobernatzen du parlamentuan. Arnautek uste du jendeak statu quo-ari eutsi nahi diola. Gadek, posta elektronikoz, esan du ziurrenik gaur egungo gobernuan dagoen alderdiak irabaziko duela, baina Naleraq alderdia gertu geldituko dela aurreikusten du. Urtarrilean egindako zundaketen arabera, Inuit Ataqatigiitek irabaziko luke, botoen %31 lortuz.

«Gehienak [alderdi politikoak] independentziaren aldekoak dira, baina plan eta denbora ezberdinak dituzte hori gauzatzeko»

JAVIER ARNAUTGroenlandiako Unibertsitateko Artikoko Giza Zientzien Departamentuko burua

Sei alderdi aurkeztuko dira gaurko hauteskundeetara. Haietatik lau Groenlandiaren independentziaren aldekoak dira —Inuit Ataqatigiit, Siumut, Naleraq eta Qulleq—, eta bi Danimarkarekin harremanak estutzearen aldekoak —Demokraatit eta Atassut—. «Gehienak independentziaren aldekoak dira, baina plan eta denbora ezberdinak dituzte hori gauzatzeko», esan du telematikoki Arnautek.

Azken hilabetean polemikaren erdigunean egon da Siumut alderdia, bertako politikari batek, Aki Matildak, alderdia utzi duelako, «independentziaren grina galdu dutelako» bere ustez. Naleraq alderdi ezkertiarrera pasatu da Matilda.

Erreferenduma dute helburu

Independentzia hauteskundeetako gai nagusietako bat izan arren, Egedek ez du erreferendum hitza aipatu. «Egederen alderdiak poliki joan nahi du, ez du posible ikusten-eta gaur egun Groenlandiaren independentzia», esan du Arnautek. Simiuteko liderrak, berriz, erreferenduma hurrengo legealdian egin beharreko zerbait dela esan du. 2008. urtean egin zuten autogobernua erabakitzeko erreferenduma Groenlandian. Autogobernuaren alde 21.355 boto izan ziren, eta 6.663 aurka. Erreferendum horri esker, lurraldeko alor juridikoa eta erabakitzeko eskubidea Groenlandiako Gobernuaren esku dira orain.

«Negoziazioak amaitzeko eta azken erreferendum erabakigarri bat egiteko hamar edo hamabi urte faltako lirateke, nire ustez»

ULRIK PRAM GADDanimarkako Nazioarteko Ikasketen Institutuko doktore eta ikertzailea

Danimarkarekin eduki beharreko negoziazioak gertu ikusten ditu Gadek: «Izan liteke hauteskunde ziklo hau amaitzean independentziarako erreferendum bat egitea. Baina erreferendum hori Danimarkarekin elkarrizketak eta kontsultak egiten hasteko izango litzateke. Negoziazioak amaitzeko eta azken erreferendum erabakigarri bat egiteko hamar edo hamabi urte faltako lirateke, nire ustez». Arnaut: «Alderdi batzuek diote soilik inuitek eta haien ondorengoek bozkatu beharko luketela, eta beste batzuek, gobernuan daudenek adibidez, esaten dute lurraldean sei hilabete baino gehiago bizitzen daraman orok ahalko lukeela».

Gaur egun, Groenlandiako ekonomia arrantzan oinarritzen da ia guztiz. «Urtero 600 milioi euroko diru laguntza jasotzen du Groenlandiak Danimarkaren aldetik. Hori bera lurraldeko ekonomiaren %50 da, eta, horregatik, independentzia etorriko balitz, askok uste dute Groenlandiak ezingo lukeela bakarrik iraun», esan du Arnautek. Arazo horren aurrean, alderdi politiko batzuek lehenengo independentzia politiko bat planteatzen dute. «Independentzia politikoak atzerri politikak indartzeko eta beste herrialdeekin merkataritzan aritzeko balioko lioke Groenlandiari, eta horrela, aurrerago, Danimarkak diru laguntza kentzerakoan, agian zulo ekonomikoa estaltzeko gai izango litzateke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.