Pezexkianek salatu du «terrorismoaren biktima» Iran dela, eta ez AEBak

Irango presidenteak NBEren Batzar Nagusian hitz egin du. AEBen eta Israelen gehiegikeriak salatu ditu, eta Teheranen programa nuklearra defendatu du. Bi herrialdeetako ordezkaritzak bildu dira New Yorken.

Masud Pezexkian gaur, NBEren New Yorkeko egoitzan hitzaldia ematen, Ali Khameneiren irudia eskuetan duela. SARAH YENESEL / EFE
Masud Pezexkian gaur, NBEren New Yorkeko egoitzan hitzaldia ematen, Ali Khameneiren irudia eskuetan duela. SARAH YENESEL / EFE
Igor Susaeta - Beñat Mujika Telleria
2026ko irailaren 23a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBetako presidente Donald Trumpek Iranen aurka egin zuen atzo, New Yorken, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren eztabaida orokorrean. Gaur zuen txanda Masud Pezexkian Irango presidenteak, eta Trumpen atzoko erasoetatik defendatzeko baliatu ditu hitz egiteko zituen hamabost minutuak —ohikoa da luzatzea, baina Pezexkian ez da asko luzatu—. Besteak beste, adierazi du AEBek eta Israelek «zibilen hilketa basatiak» gauzatu dituztela Iranen, eta salatu du beraiek izan direla «terrorismoaren biktimak», eta ez AEBak. «Irandik nator; hainbeste estimatzen genuen gure buruzagi gorena inolako arrazoi legalik gabe hil duten herrialdetik», esan du Ali Khameneiren argazki bat erakusten zuen bitartean.

Irango presidenteak argi utzi nahi izan du Iranek ez duela gerra abiatu, eta ez duela gerrarik nahi. Baina azpimarratu du ez dutela amore emateko asmorik, eta «gerrarako prest» daudela «Irango herria defendatzeko» bada: «Trump jaunak jakin behar du Irango herriaren erresistentzia areagotu egingo dela AEBen presioa areagotzen bada». Era berean, gaineratu du AEBek ulertu behar dutela Iran prest dagoela «elkarrizketarako, diplomaziarako eta negoziatzeko», baina ez dutela «indarraren hizkuntza» onartuko. AEBetako ordezkari bakarra zegoen aretoan, eta alde egin du Pezexkian AEBen gehiegikeriak salatzen hasi denean. 

Horrez gain, Pezexkianek Iranen programa nuklearra goraipatu eta defendatu du, eta azaldu du teknologia hori Irango herriaren «eboluzioaren parte» dela. Besteak beste, nabarmendu du teknologia «bakezale» hori baliagarria dela, herrialdeko gaixoentzat «sendabidea» izan daitekeelako, eta baliagarria izan daitekeela «nekazarientzat eta elikagaien segurtasunarentzat». 

Horrekin lotuta, salatu du arma nuklearrak Israelen daudela, baina hori aztertzeko ikuskatzaileak Iranen. «Israelek hil egiten du, baina Iranek jasotzen ditu zigorrak», esan du, Israelek Gazan hil dituen milaka pertsonak gogoratu aurretik.

Bestalde, Pezexkian hitz egiten hasi aurretik, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak adierazi du «lan gogorra» egin beharko dutela Irango ordezkariekin behin betiko akordio bat egiteko; «luze» joko duela ere esan du, eta ohartarazi du diplomaziaren bidez akordiorik lortzen ez badute prest dauzkatela beste bide batzuk; esaterako, «bide militarra». Hala zabaldu du gaur Reuters AEBetako albiste agentziak. 

Gogoratu behar da Trumpek atzo esan zuela bi aldeen arteko akordioa, iristekotan, AEBetako agintaldi erdiko bozen ostean iritsiko dela —azaroaren 3an egingo dituzte bozak, asteartearekin—. Baina islamiar errepublikaren kontra hitz egiten ari zen bitartean, bi herrialdeetako ordezkariak bilduta zeuden erakundearen areto nagusitik ez oso urrun. Hori jakinarazi zuen Etxe Zuriko maizterrak iluntzean, eta ordu batzuk geroago baieztatu zuten Teheranen iturri diplomatikoek. Haien esanetan, bileraren helburua izan zen auziari konponbidea emateko Iranen baldintzak plazaratzea.

Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak, IRNA telebistari emandako elkarrizketa batean, adierazi du Teheranek zera eskatzen duela: fronte guztietan amaitzea gerra, AEBen erasoak bukatzea, Washingtonek Teherani ezarritako itsas blokeoa amaitzea, gerra ekonomikoa etetea, eta Iranen aktiboak desblokeatzea.

Gutxi-asko, bi aldeek horren aldeko apustua egin zuten ekain erdialdean, elkarlanerako memorandum bat sinatu zutenean. Egun batzuk geroago batzartu ziren Suitzan, bitartekariekin batera, eta bide orri bat adostu gerra hirurogei egunen buruan amaitzeko. Hori guztia paper erretzat har daiteke, ordea.

Ordutik elkarrekin batzartu gabeak ziren bi aldeak —Iranen esanetan, atzo Qatarko diplomazialariak aritu ziren bitartekari—. Trumpek adierazi zien atzo iluntzean kazetariei bilera «oso ondo» joan zela, hiru ordu iraun zuela, eta aurrerago berriro biltzekotan geratu zirela. Steve Witkoff Etxe Zuriaren gatazketarako aholkularia eta Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa izan ziren ordezkaritzen buruak.

Baghaeik esan duen arren duela zenbait hilabeteko baldintzei eusten dietela, Reuters albiste agentziak goizaldean kaleratu du, Teherango iturri ofizial bat aipatuz, baldintza horietako batzuk arindu dituztela, eta Mojtaba Khamenei Irango lider goren berriak berak ontzat ematen duela planteamendu berria.

Hori bai, bien bitartean, Teheranek Trumpen mehatxuei erantzun die, eta armadako buruak azpimarratu du «erasotzaileei kolpe are suntsitzaileagoak» emateko moduan daudela. Horren berri eman zuen atzo azken orduan Irango telebista kate publikoak, armadaren buruzagitzaren ohar bat aipatuz.

UKRAINAKO GERRA MINTZAGAI

Gaur arratsaldean —goiza AEBetan— mintzatu da Ukrainako presidente Volodimir Zelenski ere. Nabarmendu du Ukrainako gerrak amaitu beharra daukala, eta esan du ez duela munduko liderrik ezagutzen Ukrainako gatazkak jarraitu dezala nahi duenik; «gizon bat izan ezik»: Vladimir Putin, Errusiako presidentea. Hala ere, adierazi du Errusia geldiarazteko «beharrezkoa» dela haren finantzei eta industriari eraso egitea. Gainera, harro agertu da Ukrainaren armamentu sistemak izan dituen aurrerapenekin.

Ukrainako presidenteak adierazi du AEBetako ordezkaritzarekin bildu dela azken orduetan Ukrainako gatazka aztertzeko, eta eskua luzatu dio Txinari: «Oraindik ez gara Txinako presidentearekin bildu. Baina eragina izan dezake Errusiarengan, beste askok baino gehiago, eta bakearen aldekoa izan dadila nahi dugu».

Era berean, ohartarazi du Errusiaren mehatxuak Europako hainbat herrialderi ere eragiten diela. Nabarmendu du Moskuri ez zaiola aski Ukraina ekialdeko hiriekin; Kiev ere jomugan duela. Eta adierazi du, hori ikusita, Europako gainerako herrialdeek ezin dutela «lasai egon».

Horrekin lotuta, Zelenskik salatu du Ipar Korea Errusiari laguntzen ari zaiola, eta tropak bidaltzen ari dela Errusiako armadari laguntza emateko. Eta ohartarazi du, trukean, Errusiak «misil balistikoekin eta droneekin hobetzen» laguntzen diola.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA