Kamala Harris prest agertu da Trumpen aurkako «borrokarako»

AEBetako presidente Joe Bidenek eman du Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionaleko aurreneko eguneko hitzaldi nagusia. Abortuaren babesa nabarmendu du presidenteak.

Kamala Harris eta Joe Biden, bart, Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionalean, Chicagon (AEB). JUSTIN LANE / EFE
Kamala Harris eta Joe Biden, bart, Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionalean, Chicagon (AEB). JUSTIN LANE / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko abuztuaren 20a
16:25
Entzun

AEB Amerikako Estatu Batuetako Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionala atzo hasi zen, Chicagon (AEB). Ezustekorik ezean, herrialdeko presidenteorde Kamala Harris alderdiko hautagai aukeratuko dute azaroko presidentetzarako hauteskundeei begira. Harris ez zen hitz egitekoa kongresuan azken egunera arte, etzi arte; atzo, ordea, oholtzara igo zen inork espero gabe. Alderdiko delegatuei helarazitako aurreneko mezuan, adierazi zuen prest dagoela Alderdi Errepublikanoaren hautagai eta presidente ohi Donald Trumpen aurkako «borrokarako»: «Borrokatzen garenean, irabazi egiten dugu».

Minutu gutxiko agerraldia izan arren, zeresana eman zuen Harris delegatuen aurrean agertzeak. Izan ere, AEBetako presidente Joe Biden zen hitzaldi nagusia ematekoa. Bidenek hitza hartu aurretik, Harrisek esker oneko hitzak eskaini zizkion uztailaren 21era arte presidentetzarako berriz aurkeztekoa zen hautagaiari. Bidenena «agintaritza historikoa» izan dela nabarmendu zuen Harrisek: «Beti eskertuko dizugu nazioaren zerbitzura bizi izana».

Harrisen agerraldiaren ostean hartu zuen hitza Bidenek. Hitzaldiaren hasiera-hasieratik, adierazi zuen Harrisi emango diola lekukoa, eta presidenteordearen alde egiteko eskatu zien alderdikideei, azaroan «askatasunaren aldeko botoa» ematera gonbidaturik. Gainera, herrialdea «inflexio puntu batean» dagoela iritzi dio presidenteak, eta, Trump zuzenean ez aipatu arren, esan zuen hari aurre egiteko Harrisi eman behar zaiola botoa: «Orain hartzen ditugun erabakiek gure herrialdearen eta munduaren etorkizuna zehaztuko dituzte».

Trumpen harira, aurreneko aipamena presidente ohiaren aurkako erasoaren arbuioa izan zen —Pennsylvanian mitin batean hizketan ari zela, tiro egin zioten, eta belarri batean jo, uztailean—: «Amerikako Estatu Batuetan ez dago indarkeria politikoarentzako lekurik». Hala ere, Bidenek salatu zuen errepublikanoa zenbait indarkeria moten «aliatua» dela: «Naziak, supremazistak eta KKK ere [Ku Klux Klan] adoretu ziren Trump agintean zegoenean». 2020ko hauteskundeetan haien gainetik «demokrazia gailendu» zela nabarmendu zuen Bidenek. Horregatik, eta bere agintaldian «emaitzak» lortu dituztela iritzi dionez, azaroan «demokrazia nagusitu behar» dela esan zuen.

Abortuaren afera ere erabili zuen Bidenek Alderdi Errepublikanoaren aurka egiteko, Harrisek azken asteetan egin duen gisan. «Trumpek igarriko dio emakumeen botereari», adierazi du Bidenek. 2022ko ekainean, AEBetako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen abortuak AEBetan zuen babes konstituzionala; beraz, bidea ireki zien hura legez kontrakotzat jo nahi duten estatuei —errepublikanoak, gehienbat—. Hori dela eta, emakumeak Alderdi Demokrataren alde mobilizatu nahi ditu Harrisek, abortuaren aferari garrantzi berezia emanda.

Alderdiko ahots garrantzitsuenetariko batek babesa Harrisi eman eta haren hautagaitza indartzeaz gain, presidentea agurtzeko ekitaldi itxura izan zuen demokraten kongresu nazionaleko aurreneko egunak. Biden hunkituta agertu zen hitzaldia eman bitartean; are gehiago ekitaldira sartu eta bertaratutakoek txalo egin eta «Maite zaitugu, Joe [Biden]» pankartekin harrera egin ostean. Datozen egunetan, Bidenen agintaldiaren balorazioa egingo dute kongresuan dauden alderdikideek.

Progresisten oniritzia

Harrisek bozak irabaziz gero Minnesotako gobernadore Tim Walz presidenteorde hautatzea txalotu zuen Alderdi Demokrataren ildo progresistak. AEBetako Ordezkarien Ganbaran New Yorkeko estatua ordezkatzen duen eta progresisten aurpegirik famatuenetarikoa den politikariak, Alexandria Ocasio-Cortezek, babesa adierazi zion Harrisi. «Herriaren hautagaia da», esan zuen Ocasio-Cortezek, Chicagon.

Latinoen artean babes handia du —Puerto Ricon jaio zen haren ama, eta aitaren arbasoak ere puertorricarrak dira—. Latinoamerikarren botoak garrantzi berezia izan dezake Harrisek irabazteko —Bidenekin ere babes handia izan zuen latinoen artean—, eta, dirudienez, demokrata latinoen artean begi onez ikusten dute Harris. Gainera, hautagaiaren kanpainako zuzendaria Julie Chavez da, AEBetako presidentetzarako kanpaina baten buruzagitza izan dezakeen aurreneko latinoamerikarra.

Gaza, kongresuan eta kalean

Hauteskundeak irabazi ahal izateko, Harrisek aurre egin beharko dio arazo nagusi bati: Palestinako gatazkaz boto emaile gazteek duten iritziari. Izan ere, Siena Collegek eta The New York Times-ek kaleratutako inkesta baten arabera, 30 urtetik beherakoen %45ek gaitzesten dute Bidenen gobernuak aferan izandako jokabidea. Horren adibide da kongresu nazionaleko aurreneko egunean Chicagon Palestinako gatazkaren aurkako manifestaziora deitu izana. AEBetako 200 erakundek baino gehiagok antolatu zuten manifestazioa, eta bertan milaka pertsona bildu zirela adierazi zuten. Protestaren helburua zen Harrisi eskatzea AEBetako Gobernuak orain arte izan duen jarrera alda dezala; Israeli babesa emateari eta armak saltzeari uztea, besteak beste.

Chicagon egindako protestek eragina izan dute kongresuan. Izan ere, Bidenek aurrenekoz onartu du Palestinaren aldeko manifestariek nolabaiteko arrazoia izan dezaketela: «Badute zerbait». Presidenteak esan du «errugabe asko» hil dituztela «bi aldeetan [Israelen eta Palestinan]».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.