Trumpen arabera Zelenski eta Putin prest leudeke Ukrainarako menia akordio bat negoziatzeko

Errusiak esan du ez dagoela prest Ukrainarekin lurraldeak trukatzeko. Zelenskiren arabera, Putin ez da bakerako prestatzen ari; Trumpen ustez, berriz, urratsak egiten ari da. Ukrainako presidentea AEBetako presidenteordearekin batzartuko da ostiralean.

Errusiako bi soldadu Kursk eskualdeko herri batean, iazko azaroan. ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTERIOA
Errusiako bi soldadu Kursk eskualdeko herri batean, iazko azaroan. ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTERIOA
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko otsailaren 12a
14:35
Entzun

Errusia eta Ukraina prest leudeke Ukrainarako su-eten akordio bat adosteko negoziazioei ekiteko. AEBetako presidente Donald Trumpek eman du albistea, gaur arratsaldean, bere sare sozial Truth-en idatzitako mezu baten bidez. Horren arabera, «telefono dei luze eta produktibo baten ondoren» lortu du Errusiako presidente Vladimir Putin konbentzitzea; gero, telefonoz aritu da Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin ere, eta iragarri du hark ere «bakeak egin nahi» dituela. Trumpek, kargua hartu bezain laster, agindu zuen Ukrainako gerra amaituko zuela, eta azken egunotan esan izan du uste duela Mosku gerra amaitzeko bidean urratsak egiten ari dela.

Negoziazioei bide ematea ez ezik, Trumpek eta Putinek adostu dute «laster» batak besteari bisita ofizialak egitea eta hainbat alorretan «elkarrekin lan egitea». Zelenski, berriz, etzi da batzartzekoa JD Vance AEBetako presidenteordearekin, Municheko Segurtasun Konferentziaren harira (Alemania). Ukrainako gerra izango da nazioarteko segurtasun auziez hitz egiteko foro horren ardatzetako bat; are, Trumpen arabera, menia akordiorako negoziazio posibleei buruz hitz egiteko ere baliatuko dute abagunea. Konferentziak ostiraletik igandera arte iraungo du, eta bertan izango dira AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio eta Defentsa idazkari Pete Hegseth ere.

Trumpen iragarpena iritsi da Errusia eta Ukraina ika-mikan aritu ondoren. «Errusiak ez du eztabaidatuko bere lurraldeak trukatzearen inguruan», ziurtatu du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak gaur, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Eta gehitu du «suntsitu eta kanporatu» egingo dituztela Errusiako lurretan dauden Ukrainako tropak. Zelenskik mahai gainean jarri zuen Kievek Errusiako Kursk eskualdean hartutako lurraldeak Moskuk Ukrainan kontrolatzen dituenekin aldatzeko aukera, Erresuma Batuko The Guardian egunkariak atzo kaleratu zuen elkarrizketan.

Errusiako armadak Kievi eraso dio gaur goizaldean, misilekin. Ukrainako Gobernuak jakinarazi du herritar bat hil dela, eta beste lau zauritu. Zelenskik erasoa gaitzetsi du sare sozialetan, eta gehitu Putin ez dela bakerako prestatzen ari: «Ukrainarrak hiltzen eta hiriak suntsitzen ari da oraindik». Dmitri Medvedev Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteorde eta herrialdeko presidente ohiak (2008-2012), berriz, Telegramen idatzi du «batzuetan» posible dela «indarraren bidez bakea» lortzea, eta horren erakusgarri dela gaurko erasoa.

Ukrainako presidenteak bere aliatu guztiei elkarrekin jarduteko deia egin die sare sozialetan zabaldutako mezu batean: «Gure aliatuen batasuna eta laguntza behar dugu gerra honi amaiera justua emateko». Horregatik, aurrerantzean ere Errusiaren aurkako neurriak hartzeko eskatu die: «Ez da berez geldituko». Horren harira, The Guardian-ek egindako elkarrizketan, Zelenskik ziurtatu zuen AEBen laguntza beharrezkoa dela Ukrainaren segurtasunerako; ez du uste haren babesik gabe Europak Ukrainaren segurtasuna berma dezakeenik: «Segurtasun bermeak ez dira benetako berme Ameriketako Estatu Batuen babesik gabe».

Gaur, Hegsethek Ukrainako gatazkaren inguruko bilkura batean hartu du parte Bruselan, eta haren ostean emandako prentsaurrekoan hala mintzatu da: «Ez da errealista Ukrainak 2014. urtearen aurretik zituen lurraldeak berreskuratzea, eta helburu horri eusteak gerra luzatzea baino ez du eragingo». 2014an, errusiazaleek Donbass eskualdeko Donetsk-eko eta Luhansk-eko herri errepublikak aldarrikatu zituzten, eta Krimea anexionatu zuen Errusiak. AEBetako Defentsa idazkariak gaineratu du Washingtonek ezin duela arreta batez ere Europako segurtasunean jarri, AEBak «mehatxupean» baitaude. Horregatik, haren ustez, Europako herrialdeei dagokie Ukrainari laguntzaren «zatirik handiena» ematea. Horrekin lotuta, esan du Ukraina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzea ez dela inoiz «aukera erreal bat izan».

«Ez da errealista Ukrainak 2014. urtearen aurretik zituen lurraldeak berreskuratzea, eta helburu horri eusteak gerra luzatzea baino ez du eragingo»

PETE HEGSETHAEBetako defentsa idazkaria

Bestalde, Errusian hiru urte eta erdi preso eman dituen estatubatuar bat Etxe Zurian hartu du, goizaldean, Trumpek. Marc Fogel estatubatuarra 2021ean hartu zuten atxilo Moskuko aireportuan, kalamua edukitzeagatik, eta hamalau urteko kartzela zigorra ezarri zioten droga kontrabandoagatik. Moskuk aske utzi du, eta atzo itzuli zen AEBetara. Kremlinek esan du haren trukean Washingtonek aske utziko duela preso errusiar bat, eta datozen egunetan itzuliko dela Errusiara.

Truke hori Ukrainako gerra bukatzeko pausotzat jo zuen atzo gauean Trumpek —gaur goizaldea, Euskal Herrian—, eta esker oneko hitzak izan zituen Errusiako presidentearentzat.

Kremlineko bozeramaileak, berriz, ez du uste presoen trukea Ukrainako gerrarako «mugarri» izango denik, baina iruditzen zaio Etxe Zuriaren eta Kremlinen arteko «konfiantza lantzeko urratsa» izan daitekeela.

Lur arraroak tartean

AEBetako Altxor idazkari Scott Bessent izango da Trumpen bigarren agintaldiko lehen idazkaria Ukraina bisitatzen. Trump berak baieztatu zuen sare sozialetan Bessent aste honetan dela Ukrainara joatekoa. Izan ere, Etxe Zuriak gerra amaitzeaz gaindiko asmoak ditu herrialde hartan. Ukrainako baliabide naturaletara sarbidea izan nahi du Trumpek, AEBetako Fox telebista katean astelehenean egindako elkarrizketa batean azaldu zuenaren arabera.

Ukrainak lur arraro ugari ditu, eta Trumpek jomugan ditu horiek. Kievi emandako laguntza militarraren truke mineral horiek eskuratu nahi ditu AEBetako presidenteak: «Esan diet bueltan jaso nahi dudala jarritako dirua, 500 bilioi dolarren [485.000 milioi euro ingururen] lur arraroak», azaldu zuen Fox katean.

Bestalde, NATOko idazkari nagusi Mark Ruttek jakinarazi du aliantzak adostutakoa baino laguntza handiagoa eman diola Ukrainari 2024an: «Aliatuek konpromisoak bete eta gainditu egin dituzte: 50.000 milioi euro baino gehiago eman dituzte», azaldu du gaur Ruttek NATOko Defentsa ministroen bilkuraren bezperan emandako prentsaurrekoan. 40.000 milioi euroko laguntza emateko konpromisoa hartu zuen NATOk aurreko urterako. Bihar egingo dute Defentsa ministroen bilera, Bruselan. Trumpek AEBetako presidente kargua hartu zuenetik lehena izango da.

%2

BPGaren zer ehuneko erabili beharko duten defentsarako NATOko kideek. Mark Rutte NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak aliantzako herrialdeei eskatu die uda baino lehenago beren BPGaren %2a defentsara bideratu dezaten. 2014ko goi bileran ezarri zuen helburu hori NATOk, eta aliantza osatzen duten herrialdeen bi herenek bete dute. Oraindik ehuneko horretara iritsi ez diren herrialdeei bide bera hartzeko deia egin die gaur idazkari nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.