Play botoia sakatu, eta aurreneko minutura heltzean hamar segundo atzera egin: «Benetan esan dio hori?». Horrela ikusi zuen nazioarteak AEBetako presidente Donald Trumpek, hango presidenteorde J.D. Vancek eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik atzo Etxe Zurian emandako espektakulua. Washingtonek Ukrainako mineralen akordioa sinatu nahi zuen, eta Kievek, berriz, horren truke AEBek Errusiaren aurka segurtasuna bermatzea; azkenean, baina, ez batak ez besteak ez zuten bete hasierako asmoa. Bilera gelan sartu aurretik kazetari batek egindako galderaren eta Trumpek hari emandako erantzunaren harira, berotu egin zen hiruren arteko eztabaida, elkarri hitza kendu eta ahotsa goratzeraino. Hogei minuturen ondoren, Etxe Zuritik irten zen Zelenski, baina nazioarteak play botoia behin eta berriz sakatzen jarraitu zuen, akusazio eta errieta oro entzun nahian. Liskarraren biharamunean, Ukrainak esateko daukana entzutea «oso garrantzitsua» dela nabarmendu du hango presidenteak, bere Telegram kontuaren bidez.
«Ukrainako herritarrek jakin behar dute ez daudela bakarrik», gaineratu du; eta Europak erakutsi dio, beste behin, babesa emango diola. Etxe Zuritik irten eta berehala, Europako hainbat agintarik Zelenskiren aldeko mezuak idatzi zituzten sare sozialetan. Poloniako lehen ministro Donald Tusk izan zen aurrenekoa: «Zelenski maitea, lagun ukrainar maiteak: ez zaudete bakarrik». Bat bestearen atzetik, antzeko mezuak zabaldu zituzten segidan Frantziako presidente Emmanuel Macronek, Espainiako Pedro Sanchezek eta Europako Batzordeko Ursula von der Leyenek, besteak beste. Are, Portugalgo RTP telebista katean egindako elkarrizketa batean, Macronek esan du norbait Hirugarren Mundu Gerrarekin jolasean ari bada Errusiako presidente Vladimir Putin ari dela horretan, eta ez Zelenski.
Hain justu, horixe leporatu zion atzo Trumpek Ukrainako presidenteari: «Hirugarren Mundu Gerrarekin jolasean» aritzea; eta hori izan zen bi agintarien arteko eztabaida hauspotu zuten adierazpenetako bat. Gero, bilera bertan behera utzi ondoren bere sare sozial Truth Social-en idatzitako mezu batean, AEBetako presidenteak adierazi zuen Zelenski ez zela «ados jartzeko asmoz» joan hara, eta, hari mintzatuz, gomendatu zion Washingtonera itzultzen den hurrengo aldian «jarrera hobeagoa» hartzeko. Akusazio horiei erantzun die Zelenskik gaur goizaldean, ohar baten bidez: «Bakea nahi dugu, baina baita AEBak gure alde gehiago lerratzea ere».

AEBek egindako bigarren exijentziari, berriz, oraingoz ez dio erantzun. Gaur CNN hedabidean egindako elkarrizketa batean, AEBetako Estatu Idazkari Marco Rubiok Ukrainako estatuburuari galdegin dio «barkamena» eskatzeko AEBetako agintariei, atzoko «errespetu falta» guztiengatik. Trumpen eta Zelenskiren arteko liskarrak areagotu egin du azken asteotan sortu den kezka bat: AEBen eta Europaren arteko harremana nabarmen okertuko ote den. Hori ekidite aldera, bi blokeen arteko ezohiko goi bilera batera deitu du Italiako lehen ministro Giorgia Melonik. «Mendebaldean izan den zatiketa bakoitzak ahulago egin gaitu, eta mesede egin die gure gizartea gain behera ikusi nahi duten horiei guztiei», ohartarazi du.
Mosku, pozik
Burumakur daude Europa eta Ukraina; Errusiak, berriz, begi onez ikusi du Washingtonek Kievi egindako errieta. Gaur kaleratutako komunikatu batean, Zelenskik Etxe Zurira egindako bisita «porrot diplomatiko eta politiko bat» izan zela esan du Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak; are, AEBek Ukrainari egindako kritikak «historikotzat» jo ditu. Haren arabera, bilkurak agerian utzi zituen Europako agintarien «ahulezia politikoa eta muturreko gainbehera morala».
STARMERREK ZELENSKIRI: «erresuma batuaren babes osoA DAUKAZU»
AEBetako presidente Donald Trumpekin talka egin ondoren, gaur eguerdian Londresen lur hartu du Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik. Haren taldeak jakinarazi duenez, Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrekin bildu da gaur arratsaldean, eta hauxe esan dio Zelenskiri Downing Street-en atarian: «Erresuma Batuaren babes osoa daukazu». Ukrainako estatuburuak eskerrak eman dizkio. Bihar han elkartzekoak dira Europako hemezortzi agintari eta Zelenski bera, Ukrainako gerraz eta negoziazio posibleez hitz egiteko.