Matematikek oraingoz diote Donald Trumpek ez dituela behar adina ordezkari lortu azaroan egitekoak diren AEBetako presidentetzarako hauteskundeetan Alderdi Errepublikanoaren hautagaia izateko, baina 2017 eta 2021 artean Etxe Zuriko maizterra izandakoa presidentegai izango da. Hil honen erdialderako horretarako beharrezko babesa lortzeko moduan izango da. Aurreikuspenak bete ditu bozen primarioen Astearte Handian, eta Vermont ez beste estatu guztietan nagusitu zaio errepublikanoen artean lehian jarraitzen zuen beste hautagai bakarrari, Nikki Haleyri; hau da, guztira hamabi estatutan. Hain zuzen, Haleyk gaur jakinarazi du primarioen prozesua utzi duela.
Demokratek ere primarioak izan dituzte, eta, pisuzko kontrariorik ez duenez, Joe Biden egungo presidenteak aise irabazi du gaur jokoan zeuden 15 estatuetan. Horrenbestez, 2020an gertatu bezala, Biden eta Trump elkarren kontra lehiatzekoak dira datorren azaroaren 5ean. 2017 eta 2021 arteko AEBetako presidenteak gaur irabazi du Virginian, Ipar Carolinan, Alabaman, Tennesseen, Massachusettsen, Mainen, Oklahoman, Arkansasen, Coloradon, Texasen, Kalifornian eta Minnesotan. Utahn eta Alaskan ere nagusitzea espero da, nahiz eta oraindik ez duten ordezkarien zenbaketa amaitu.
Eta Trumpek azaroaren 5erako kanpaina egiten jarraitu du, emaitzak eskuan zituela Mar-a-Lagon (Florida) duen etxean egindako agerraldian. Adierazi du, besteak beste, Biden dela AEBek inoiz eduki duten presidenterik «txarrena», eta beldurra haizatu du, beste behin: «Hauteskundeak irabazi behar ditugun, zeren, irabazten ez baldin baditugu, ez dugu herrialderik edukiko».
Ordezkari errepublikanoak nola jokatzen ari diren ikusita, soilik auzitegien erabaki posibleek oztopatu dezakete Trumpen presidentegaitza.
Immigrazioaren auzia baliatu du, berriro, bere aurkariari eraso egiteko, iruditzen baitzaio AEBak «hirugarren munduko herrialde bat» direla mugei dagokienez. «Muga irekiak nahi dituzte, eta muga irekiek gure herrialdea suntsitu behar dute. Mugak behar ditugu, eta hauteskunde libre eta bidezkoak ere bai», azpimarratu du, zalantzan jarriz, ahal duen guztietan egiten duen moduan, 2020ko bozetan Bidenek lortutako garaipena.
Ikusi gehiago
Ez du primarioetako bere kontrarioa aipatu ere egin. Haley, berriz, bai, bere lehiakideaz aritu da hautagaitza erretiratzeari buruzko agerraldian, eta ez du Trump babestu. «Onenean, jendea zure kausaren parte bilakatzea da politika, ez horiek urruntzea. Gure kausa kontserbadoreak larriki behar du jende gehiago». Eta ohartarazpena egin dio AEBetako presidente ohiari, esan baitu haren alde egin ez duten boto emaile errepublikanoen botoak «irabazi» egin beharko dituela.
AEBetako presidentearen nagusitasuna agerikoa izan da hilabeteotan. Errepublikanoek joan den urtarrilaren 15ean hasi zituzten primarioak, orduz geroztik AEBetako 24 estatutan egin dituzte, eta Haleyk bitan besterik ez du irabazi: Columbiako Barrutian aurreko asteburuan, eta Vermonten gaur.
Aste ona Trumpentzat
Oraindik ez dute bukatu ordezkari guztien zenbaketa gaurko bozketen ondoren —batez ere, Utahko eta Kaliforniako guztiak zenbatzea falta da—, baina Trumpek, behin-behinean, 995 ditu, eta Haleyk, 89. Presidentegai izateko, hautagai errepublikano batek 1.215 ordezkari behar ditu, eta Trump horiek lortzeko moduan egon daiteke martxo erdialderako, datozen bi asteetan errepublikanoek beste 11 estatutan baitituzte primarioak: etzi, Samoa Estatubatuarrean (bederatzi ordezkari banatzen dira); 12an, Georgian (59), Hawaiin (19), Mississippin (40) eta Washingtonen (43); 15ean, Ipar Marianan (9); 16an, Guamen (9); eta 19an, Arizonan (43), Floridan (125), Illinoisen (64), Kansasen (39) eta Ohion (79).
Vivek Ramaswamyk, Asa Hutchinsonek eta Ron DeSantisek primarioak hasi eta berehala egin bezala, Haley ere prozesua utziko du. Asteburuan esan zuen «borrokan» jarraituko zuela, eta, gaur goizaldean, bere bozeramaile baten ahotik esana du «harro» dagoela jaso duen babesaz.. Americans for Prosperity (AFP) sare kontserbadore boteretsuaren babesa eduki du —nahiz eta kanpaina egiteko dirua eman diotenetako batzuek hori egiten segitzeari uko egin dioten azken asteetan—, eta Astearte Handia baliatu nahi zuen establishment errepublikanoari erakusteko Trumpi aurre egiteko moduan egon zitekeela; bai, behintzat, estatu batzuetan boto ez hain muturrekoa lortzeko orduan. Ez da horretarako gai izan, baina.
Astearte Handia mugarria izan ohi da AEBetako primarioetan, bai demokratek, bai errepublikanoek ordezkarien heren bat banatzen dutelako egun horretan. Prozesuak ekainera arte iraungo du, oraindik primarioak egin behar baitituzte beste dozena bat estatutan baino gehiagotan. Ordurako jakina izango den arren nortzuk izango diren presidentegaiak, udan izendatuko dituzte, ofizialki, alderdien kongresuetan. Errepublikanoek uztailaren 15etik 18ra izendatuko dituzte Milwaukeen, eta demokratek, abuztuaren 19tik 22ra, Chicagon.
Ordezkari errepublikanoak nola jokatzen ari diren ikusita, soilik auzitegien erabaki posibleek oztopatu dezakete Trumpen presidentegaitza. Lau zigor auzibide daude irekita haren kontra. Duela hilabete batzuk ematen zuen horrek ordezkari errepublikanoen hautuan eragin zezakeela, baina ematen du ezetz. Gainera, aste honetan bertan albiste onak eman dizkio Auzitegi Gorenak, ebatzi baitu estatuek ez dutela eskumenik presidentegai bat lehiatik kanporatzeko, modu horretan Coloradoko Auzitegi Nagusiak erabakitakoa baliogabetuz eta atea irekiz Illinois eta Maine estatuetan ere Trumpi ezarritako debekua bertan behera uzteari. Hiru estatu horiek erabaki hori hartu zuten, argudiatuta Trumpek lotura zuela 2021eko urtarrilean Kapitolioan gertatutako erasoarekin. AEBetako Gorenarentzat, baina, soilik Kongresuak du hautagai bat lehiatik kanpo uzteko eskumena.