AEBetako hurrengo presidentea, Donald Trump, bere konfiantzako politikariak ari da proposatzen gobernu egitura osatzeko, eta izendapen horietako asko polemikak zipriztinduak dira. Orain iragarri du Robert F. Kennedy Jr. izendatuko duela AEBetako Osasun idazkari kargurako. Pandemiaren garaian, txertoen kontrako diskurtsoagatik eta konspirazioaren aldeko teoriak babesteagatik nabarmendu zen Kennedy.
Robert F. Kennedy fiskal nagusi izandakoaren semea da Kennedy, eta John F. Kennedy presidente ohiaren loba; biak ala biak 1960ko hamarkadan hil zituzten atentatu banatan. Alderdi Demokratan hasi zuen ibilbide politikoa, eta alderdi horretako presidentegai izateko asmoa agertu zuen, baina, geroago, alderdia utzi, eta Trump babestu zuen.
Pandemiaren garaian, Kennedy gogor mintzatu zen txertoen kontra, eta esan zuen COVID-19 hedatzearen atzean «zuriak akabatzeko plan bat» zegoela, «birusak txinatarrei eta juduei gutxiago» eragiten ziela iritzita. Halaber, AEBetako ikastetxeetan ohiko bilakatu diren tiroketak Prozac eta depresioaren kontrako bestelako botikak erabiltzeari egotzi dizkio. Children's Health Defense txertoen kontrako erakundearen sortzaileetako bat da, eta inoiz esan du txertoek autismoa eragiten dutela.
«Denbora larregiz, estatubatuarrak elikadura sistemak eta farmazia enpresek zanpaturik egon dira», zabaldu du Trumpek sare sozialetan. Haren iritziz, enpresa horiek «gezurra, desinformazioa eta manipulazioa» erabili dituzte, eta hori «amaitzea» litzateke Osasun idazkari berriaren lana.
Albistea jakindakoan, txertoak egiten dituzten farmazia enpresa handien akzioek beherakada nabarmena izan dute Wall Streeteko burtsan. Modernaren akzioek %6 egin dute behera, Pfizer enpresarenek %3, eta Novavaxek, berriz, %7ko beherakada izan du.
Bestelako izendapenak
Beste izendapen batzuk ere iragarri ditu Trumpek azken orduotan. Bere konfiantzako abokatu Todd Blanche fiskalburu laguntzaile izendatuko du. Blanche Trumpen defendatzailea izan zen presidente ohiaren kontra New Yorken egindako epaiketan. Izendapena gauzatzen bada, Matt Gaetz fiskalburu berriaren laguntzaile nagusia izango da Blanche, eta bigarrena Justizia Sailaren organigraman. Gaetz fiskalburu izateko aukeratu izanak ere hautsak harrotu ditu: gaur egun ikerketapean dago, 17 urteko adingabe baten sexu trafikoko plan baten parte izatea egotzita. Orain arte Ipar Dakotako gobernadore izandako Doug Burgum, berriz, Barne Aferetarako idazkari izateko hautatu du Trumpek.
Esanguratsua da, era berean, AEBek Nazio Batuen Erakundeak izango duten ordezkariaren soslaia. Israeli erabateko babesa ematearen aldekoa da Elise Stefanik. Inork ez du zalantzan jartzen hark ere betoa ezarriko diela NBEn Israelekin kritiko diren mozioei —halaxe egin dute orain artean AEBetako ordezkari guztiek erakunde horretan, errepublikanoak edo demokratak izan—. Baina Stefanikek urrats bat gehiago ere egin du. Maiatzean, Israelgo Parlamentuan egindako agerraldi batean adierazi zuenez, «baldintzarik gabeko laguntza» eman beharko liokete AEBek estatu juduari, «gaizkia garaitzeko». Hitzaldi berean, Stefanikek kritikatu egin zituen AEBek Palestinaren alde egindako protestak, eta antisemitismoarekin lotu zituen.