Trumpek Mendebaldeko Sahararen subiranotasuna onartu dio Marokori

Herrialde okupatua eremu autonomo bihurtzea da irtenbide «errealista bakarra», Washingtonen iritziz. Marokok eta Israelek normalizazio ituna sinatu dute

Marokoren kontrolgunea Guergueraten, Mendebaldeko Sahararen eta Mauritaniaren arteko mugan, Rabatek okupatutako lurretan. JAVIER OTAZU / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Etxe Zuria uzteko aste gutxi falta dituen arren, nazioarteko harremanak baldintzatu ditzaketen erabakiak hartzen jarraitzen du Donald Trump AEBetako jarduneko presidenteak. Mendebaldeko Sahararen gatazkari dagokion neurria iragarri zuen atzokoan, Twitter bidez. Jakinarazi zuenez, AEBetako Gobernuak Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna onartu dio Marokori.

Trumpen arabera, Mendebaldeko Sahara Marokoren lurralde autonomo bihurtzeko proposamena da «bake iraunkor baterako eta aberastasunerako irtenbide justu eta egonkor baten oinarri serio, sinesgarri eta errealista bakarra».

Fronte Polisarioak gaitzetsi egin du AEBen erabakia, eta gaineratu du haren keinuak ez duela aldatzen Mendebaldeko Sahararen «izaera juridikoa». Nazio Batuen Erakundeak Segurtasun Kontseiluaren erabakietan oinarritutako irtenbide bat babesten jarraitzen duela argitu du.

AEBetako Gobernuaren erabakia Mendebaldeko Saharako gatazkak indarra hartu duen garaian iritsi da. Azaroaren 14an, Fronte Polisarioak hautsitzat jo zuen Rabatekin 1991n sinatu zuen su-etena, Marokori ituna urratzea leporatuta. Gerra egoera ezarri zuen, Marokoko armadak Guergueraten eraso egin ziola argudiatuta.

Atzo, Etxe Zuriak azaldu zuen Marokori eginiko subiranotasun onarpena beste akordio baten parte dela: Trumpek jakinarazi zuen Marokok eta Israelek harremanak normalizatzeko ituna sinatu dutela. Abuztutik, Israelekin harremanak normalizatu dituen laugarren herrialde arabiarra da Maroko. Bahrainek, Arabiar Emirerri Batuek eta Sudanek egin dute urrats bera aurretik.

Itunak jasotzen duenez, Rabatek harreman diplomatiko normalizatuak hasiko ditu Tel Avivekin, eta Israeldik irteten diren hegaldiak baimenduko ditu bere aire eremuan.

Saudi Arabiak ere Israelekin antzeko itun bat sinatzea «saihetsezina» da, Jared Kushner Trumpen aholkulariaren esanetan. Dena den, Riadek adierazi du oraindik ez dagoela urrats hori egiteko prest.

Saudi Arabiako Atzerri ministro Faisal bin Farhan al-Saud printzeak azaldu duenez, herrialdeak halako neurri bat aztertzeko ezinbestekoa da bake akordio batek «estatu palestinar duin bat» eta «palestinarrek onar dezaketen subiranotasun bat» jasotzea.

Palestinako agintariek gogor kritikatu dituzte Israelen eta herrialde arabiarren arteko itunak. Bahraini, Arabiar Emirerri Batuei eta Sudani leporatu diete Israel mintzakide zilegi gisa onartzea, hark Palestinako lurrak okupatzen jarraitzen duen arren.

Trumpek urtarrilaren 20an utziko du Etxe Zuria, eta haren lekua hartuko du Joe Biden presidente hautatuak. Gobernuburu izango denak Trumpen atzerri politikarekiko aldaketak iragarri dituen arren, esana du ere saiatuko dela Israelen eta herrialde arabiarren arteko akordioak lortzen. Beraz, ikusi beharko da Marokori eginiko onarpenari eutsiko dion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.