Etxe Zuria uzteko aste gutxi falta dituen arren, nazioarteko harremanak baldintzatu ditzaketen erabakiak hartzen jarraitzen du Donald Trump AEBetako jarduneko presidenteak. Orain, Mendebaldeko Sahararen gatazkari dagokion neurria iragarri du, Twitter bidez. Jakinarazi duenez, Marokori Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortzen dion adierazpen bat sinatu du.
Today, I signed a proclamation recognizing Moroccan sovereignty over the Western Sahara. Morocco's serious, credible, and realistic autonomy proposal is the ONLY basis for a just and lasting solution for enduring peace and prosperity!
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) December 10, 2020
Trumpen arabera, Mendebaldeko Sahara Marokoren barruko lurralde autonomo bihurtzeko proposamena da «bake iraunkor baterako eta aberastasunerako irtenbide justu eta egonkor baten oinarri serio, sinesgarri eta errealista bakarra». Gogorarazi du Marokok 1777an aitortu zituela AEBak, eta, beraz, «egokia» dela orain Rabati Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortzea.
Fronte Polisarioak gaitzetsi egin du AEBen erabakia, eta gaineratu du haren keinuak ez duela aldatzen Mendebaldeko Sahararen «izaera juridikoa». Nazio Batuen Erakundeak Segurtasun Kontseiluaren erabakietan oinarritutako irtenbide bat babesten jarraitzen duela argitu du.
AEBetako Gobernuak Marokori Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortzeko erabakia, lurralde hari lotutako gatazkak indar hartu duen garaian iritsi da. Fronte Polisarioak hautsitzat jo du Rabatekin 1991an sinatu zuen su-etena, Marokori ituna urratzea leporatuta. Polisarioak gerra egoera ezarri zuen, Marokoko armadak Guergueraten eraso egin ziela argudiatuta.
Sahararrek ia 30 urte daramatzate autodeterminazio erreferendum baten zain, Marokok su-eten akordioan irtenbide hori onartu eta NBE Nazio Batuen Erakundeak erreferenduma antolatzeko Minurso misioa eratu zuenetik, 1991an. Pazientzia agortu zaiela adierazi dute herrialdeko agintariek, eta NBEri eskatu diote hartutako konpromisoa betetzeko.
Beste akordio baten parte
Trumpek aurreratu duenez, Marokok eta Israelek harremanak normalizatzeko ituna sinatu dute, eta akordio horren parte da Washingtonek Rabati egin dion aitortza. Abuztutik hona, Israelekin harremanak normalizatu dituen laugarren herrialde arabiarra da Maroko. Bahrainek, Arabiar Emirerri Batuek eta Sudanek eman dute urrats bera aurretik.
Itunak jasotzen duenez, Marokok harreman diplomatiko normalizatuak hasiko ditu Israelekin, eta estatu judutik irteten diren hegaldiak baimenduko ditu bere aire eremuan.
Jared Kushner Etxe Zuriko goi aholkulariak Reuters berri agentziari azaldu dionez, Rabaten eta Tel Aviven enbaxadak irekitzeko lanak hasiko dituzte bi estatuek, eta elkarlan ekonomikoa sustatuko dute enpresa marokoar eta israeldarren artean.
Saudi Arabiak ere Israelekin antzeko itun bat sinatzea «saihestezina» da, Kushnerren iritziz. Dena den, oraingoz ez dira mamitu Washingtonek horretarako egin dituen ahaleginak. Riadek adierazi du oraindik ez dagoela urrats hori emateko prest.
Saudi Arabiako Atzerri ministro Faisal bin Farhan Al Saud printzeak azaldu duenez, herrialdeak halako neurri bat aztertzeko baldintza ezinbestekoa da bake akordio batek «estatu palestinar duin bat» eta «palestinarrek onar dezaketen subiranotasun bat» jasotzea.
Palestinako agintariek gogor kritikatu dituzte Israelen eta herrialde arabiarren arteko itunak. Bahraini, Arabiar Emirerri Batuei eta Sudani leporatu diete Israel hizketakide zilegi gisa aitortzea, hark Palestinako lurrak okupatzen jarraitzen duen arren.
Trumpek urtarrilaren 20an utziko du Etxe Zuria, eta haren lekua hartuko du Joe Biden presidente hautatuak. Gobernuburu izango denak Trumpen atzerri politikarekiko aldaketak iragarri dituen arren, Israelen eta herrialde arabiarren arteko akordioak bilatzen jarraituko duela esana du.