Bi hilabete eskas geratzen zaizkio Donald Trump AEBetako presidente hautatu berriari kargua hartzeko, baina dagoeneko hasi da datorren agintaldian abian jarri nahi dituen zenbait neurri iragartzen, eta irudi du asmoa duela hauteskunde kanpainan egindako hainbat mehatxu betetzeko. Etxe Zuriko maizter izandakoak (2017-2021) esan du %25eko muga zergak ezarriko dizkiela Mexikori eta Kanadari, eta %10 handituko dituela Txinako produktuei egun ezarritakoak.
Trumpek bere sare sozialean, Truth Social-en, eman du bere asmoen berri. Migrazioaren eta droga trafikoaren aurkako borrokak baliatu ditu bere iparraldeko eta hegoaldeko bizilagunei ezarri nahi dizkien muga zergak argudiatzeko. Izan ere, horiek murrizteko edo bertan behera uzteko baldintza gisa jarri die beren mugak igarota AEBetara sartzen diren migratzaileen kopurua jaistea eta droga trafikoa murriztea; batez ere, fentaniloarena.
Nolanahi ere, ikusteko dago agindutakoa beteko ote duen, EB Europako Batasuna ez ezik, Mexiko, Kanada eta Txina baitira AEBekin harreman komertzialik estuena duten herrialdeak, hots: iaz, Mexikok AEBetara bideratu zituen bere esportazioen %83 inguru; Kanadak, halaber, hara bideratu zituen bere esportazioen %75.
Presidente hautatu berriak Kanadako lehen ministro Justin Trudeaurekin hitz egin du gaur goizaldean, muga zergen inguruko neurria iragarri ondoren, Kanadako Gobernuaren gertuko iturri ofizialak aipatuz Reuters berri agentziak kaleratu duenez. Horren arabera, elkarrizketa «adeitsua» izan da. Zertxobait geroago, Kanadako lehen ministrorde eta Finantza ministro Chrystia Freelandek hitz egin du, prentsaurreko batean, eta irmo zuzendu zaio Washingtoni: «Gaur egun, Txina, Japonia, Frantzia eta Erresuma Batua batuta baino gehiago erosten die Kanadak AEBei».
Mexikoko behe ganberako buru eta agintean dagoen Morena alderdiko kide Ricardo Monrealek, berriz, nabarmendu du, X sare sozialean, pertsona eta droga trafikoari aurre egiteko «ezinbestekoa» dela harreman bilateralei eta instituzionalei eustea: «Tentsio komertziala areagotzeak herritarren poltsikoei egingo die kalte, eta ez du, inola ere, oinarrizko arazoak konpontzeko balioko».
Txinako produktuen aurkako neurria argudiatze aldera, Trumpek egotzi dio Pekini «nahikoa ez egitea» handik AEBetarako droga trafikoa murrizteko. Txinak Washingtonen duen enbaxadako bozeramaile Liu Pengyuk akusazio horiek ukatu ditu, gaur goizaldean egindako adierazpenetan, eta adierazi du azken urtean Txinak «urrats handiak» egin dituela fentaniloaren ekoizpenerako beharrezkoak diren produktuen esportazioak mugatzeko. Are, ohartarazpen bat egin du: «Ez da irabazlerik izango gerra komertzial batean edo muga zergen gerra batean».
Ez dago argi, oraingoz, zehazki zenbateko muga zergak izango dituzten Txinak esportatutako produktuek. Izan ere, presidentetzarako bozen kanpainan, Trumpek hitzeman zuen %60ko muga zergak ezarriko zizkiela Pekindik inportatutako produktu guztiei. Bart egindako iragarpenean, ordea, ez du adierazi Txinako produktuei %60ko muga zergak ezarriko dizkien, eta ondoren horiek %10 handituko dituen; edo, besterik gabe, egun indarrean dituzten muga zergak %10 handituko dituen.
Trumpen kezkak, datuetan
Fentaniloaren erabilera gero eta zabalagoak eta droga horren ondorioek kezka handia eragin dute AEBetan, bai hango politikan, bai hango gizartean. Herrialdeko Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak urrian kaleratutako ikerketa batean erakutsia dutenez, halere, behera egiten ari da fentaniloaren gaindosiak eragindako heriotzen kopurua, hots: %14 egin du behera iazko uztailaren eta aurtengo ekainaren artean. AEBetara Mexikotik sartu diren migratzaileen kopuruari dagokionez, %77 egin du behera iragan abenduaren eta joan den urriaren artean, Pew Research ikerketa zentroak emandako azken datuen arabera.
Edonola ere, datorren urtarrilaren 20tik aurrera ikusiko da zer forma hartzen duten Trumpen asmoek. Orduan hartuko du presidente kargua. Bada, egungo presidente Joe Biden kargu-hartze ekitaldian izango dela baieztatu du gaur Etxe Zuriak, komunikatu baten bidez.
AEB-ETAKO FISKALAK ESKATU DU BERTAN BEHERA UZTEKO TRUMPEN AURKAKO BI PROZESU JUDIZIALAK
Jack Smith AEBetako fiskal bereziak zera eskatu zuen atzo gauean, bertan behera uzteko presidente hautatu berri Donald Trumpen aurka abian dauden bi prozesu judizialak. Columbiako epaile Tanya Chutkanek onartu egin du Smithen eskaera, eta argudiatu du herrialdeko konstituzioaren arabera ezin dela presidente hautatu baten aurkako epaiketarik abiatu, eta, beraz, bertan behera utzi beharko dutela, behin-behinean, nola jokatu dezaketen argitu artean. 2021eko Kapitolioko erasoaren aferaren inguruko prozesu judiziala da etenda geratu direnetako bat; Mar-a-Lagoko (Florida) etxean zituen dokumentuen ingurukoa, bestea.