Donald Trumpek irabazi ditu AEBetako bozak

Estatu erabakigarrietan, presidentegai errepublikanoak irabazi du, nahiz eta zenbaketa ez den oraindik amaitu. Senatuko gehiengoa ere eskuratuko dute errepublikanoek, beharrezkoak zituzten lau eserlekuak lortu baitituzte.

Emakume talde bat Trumpek irabazi duela ospatzen, Las Vegasen. CAROLINE BREHMAN / EFE
Emakume talde bat Donald Trumpek irabazi duela ospatzen, Las Vegasen (AEB). CAROLINE BREHMAN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko azaroaren 6a
12:00
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskundeak egin dituzte bart, eta, inkesten arabera lehia estua izatekoa bazen ere, lehen orduotako emaitzek argi erakutsi dute nor izan den garailea. Donald Trumpek, Alderdi Errepublikanoko hautagaiak, erraz hartu dio aurrea Kamala Harris presidentegai demokratari, eta 270 ordezkarien langa gainditu du. Duela lau urte Alderdi Demokrataren alde egin zuten bost estatuk Trumpen alde egin dute oraingoan. Behin betiko emaitzak, hala ere, ez dira gaur jakingo, AEBetako hedabideek argitaratu dutenez. Emaitzei zuzenean erreparatzen ari zaie BERRIA.

Harrisi dagokionez, ez ditu lortu irabazteko behar zituen adina babes. Are gehiago, 2016an Hillary Clinton presidentegai demokratarekin gertatu ez bezala, oraingoan Trump boz kopuruan ere nagusitu da. Boto batzuk zenbatzeko falta diren arren, aldea nabaria da bien artean. Harrisek baino bost milioi boto gehiago lortu ditu guztira presidentegai errepublikanoak, eta boto emaileen %51en babesa bereganatu du.

Gainera, errepublikanoek irabazi dute boz hauetan giltzarri bilakatutako sei estatutan, boto gutxi batzuk oraindik zenbatzeko dauden arren. Nevadan beranduago hasi dira botoak zenbatzen, baina, %86 zenbatuta, Trump gailentzen ari da han ere.

Zenbait estatutan, lehia estua izango zela aurreikusi zuten inkestek; eta estatu batzuetan hala izan zitekeela zirudien goizaldean. Kontaketak aurrera ahala, baina, errepublikanoak indarra hartuz joan dira. Arizonan, esaterako, hautagai errepublikanoak 30.000 botoren tartea izan du bere alde ordu luzez. Azkenean, baina, 100.000 boto baino gehiagoren aldearekin irabazi du. Pennsylvanian ere Trumpek irabazi duen arren, Harris gertu ibili da, Alderdi Errepublikanoak 200.000 boto baino gutxiagoren aldea atera baitio.

Kolpe orokorra

Duela lau urte izandako emaitzei erreparatuz gero, hainbat estatutan —irabazle izanik ere—  indarra galdu dute demokratek. New Jerseyn, esaterako, Biden ia hamasei punturen aldearekin galendu zitzaion Trumpi 2020an, eta, gaurko behin-behineko emaitzen arabera, Harrisek zazpi punturen aldearekin irabaziko du. Are gehiago, historikoki demokraten alde egin duten zenbait eremuk Alderdi Errepublikanoaren alde bozkatu dute; Miamin, esaterako.

Presidentetzarako lehian ez ezik, demokratak atzean geratu dira bi ganberetakoan ere. Senatuan errepublikanoak izango dira nagusi. Ganbera horren herena zegoen atzo jokoan. Alderdi Errepublikanoak lau eserleku behar zituen 50 senatariren gehiengoa gainditzeko; demokratek, berriz, bederatzi. Bada, errepublikanoek lau eserleku horiek lortu dituzte. Gainera, AEBetako Senatuan senatari independente bat ere egongo da, ez demokrata, ez errepublikanoa: Vermonten, Bernie Sanders independenteak irabazi du, botoen %63 eskuratuta. Errepublikanoak gehiengoa lortzeko bidean dira Ordezkarien Ganberan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.