Behin hauteskundeak irabazita eta AEBetako presidente hautatua izanik, Donald Trumpek jarraitzen du hurrengo administrazioa nortzuek osatuko duten iragartzen. Atzo gauean jakinarazi zuen, esaterako, Matt Gaetz izendatu duela fiskalburu izateko. Eta horrek errezeloak eragin ditu Kongresuko kide errepublikano batzuen artean. Gaetz 2017tik da Floridaren ordezkarietako bat Ordezkarien Ganberan, eta Trumpen nahietara lerratuta jokatu izan du. Batetik, hori. Bestetik, 17 urteko adingabe baten sexu trafikoko plan baten parte izatea egotzita, hura ikertzen ari da behe ganberako etika batzordea; ikerketapean dute kanpainako dirua bere gastuetarako erabili izana leporatuta ere. Justizia Departamentua zuzentzeko aukeratu du Trumpek, eta, hain zuzen, organo horrek berak sexu trafikoagatik ikertu zuen; 2023an itxi zuen ikerketa hori, haren kontrako kargurik aurkeztu gabe. Kongresuak berretsi beharko du Gaetzen izendapena.
Errepublikanoek, hori bai, bi ganberen kontrola izango dute. Senatuarena kendu diete demokratei, eta AEBetako zenbait hedabidek atzo egindako kalkuluen arabera, baieztatu da Ordezkarien Ganberan duten gehiengoari eutsiko diotela. Dena den, ikusteko dago zer bozkatuko duten senatariek eta diputatuek.
Senatuak 100 aulki ditu, eta 53 dira errepublikanoenak; hau da, aldea txikia dela. John Cornyn senatari errepublikanoa elkarrizketatu zuen atzo CNN telebista kateak. Ez zuen argitu Gaetz babestuko duen, eta nabarmendu zuen harekin «liskar batzuk» izan dituela zenbait auziren inguruan. Max Miller diputatu errepublikanoa harago joan da, eta, Axios hedabidearen arabera, zera adierazi du: «Gaetzek aukera gehiago ditu Elizabeth II.arekin [2002an hil zen] afaltzeko, Senatuan berretsia izateko baino».
Trumpek atzo ohar batean esan zuen, hori adierazteko frogarik erakutsi gabe, azken lau urteotan justizia «instrumentalizatu» duela Joe Biden presidentearen administrazioak, eta hori bukatu nahi duela Gaetz izendatuta. Baina aintzat hartu behar da urtarrilaren 20an berriro Etxe Zurira itzuliko denaren aurkako hiru zigor auzibide daudela zabalik, eta Justizia Departamentuari eskatu asmo diola horiek itxi ditzala. Bere politikak defendatzearren fiskalburuei aginduak eman zalea dela erakutsi zuen Trumpek bere lehen agintaldian (2017-2021); are, bere arerio politikoen kontra ikerketak abiatzeko eskatu zuen. Hori dela eta, aurreneko agintaldian ez zuen harreman onegia eduki berak izendatutako bi fiskalbururekin, Jeff Sessionsekin eta William Barrekin.
Rubio, Estatu idazkari
42 urte ditu Gaetzek, eta, iazko urrian, bera izan zen Ordezkarien Ganberako presidente Kevin McCarthy errepublikanoaren kargugabetzea nabarmenen bultzatu zuen diputatua. Leporatzen zion, batik bat, Alderdi Demokratarekin akordioak egin izana. Gaetzen ideiak bat datoz eskuin muturrak defendatzen dituenekin. Esate baterako, holokaustoa ukatzen duen ekintzaile bat gonbidatu zuen Kongresura; gainera, hori egiteko oinarririk gabe adierazi du Joe Bidenek 2020ko hauteskundeak «lapurtu» zizkiola Trumpi.
Trumpek egindako beste izendapen esanguratsuetako bat Marco Rubio da. Senatari errepublikanoa herrialdearen diplomaziaburua izango da, Estatu idazkaria. Trumpek kargua eskaini ziola kaleratu zuten AEBetako zenbait hedabidek astearen hasieran, eta Trumpek berak atzo gauean baieztatu zuen. Belatz bat da Rubio; izan ere, defendatzen du, besteak beste, Txinarekiko politika gogorragoak izatea, eta iruditzen zaio Hamas dela Palestinan gertatzen ari denaren «erantzule bakarra».