AEBetako presidente Donald Trump eta Errusiako Vladimir Putin prest leudeke Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik atzo iluntzean egindako su etenerako proposamena onartzeko. Trumpek AEBetako Kongresuan bart egindako hitzaldian eman du horren berri, atzo Zelenskiren gutun bat jaso zuela jakinarazi ondoren. Dokumentu hori esku artean, hitzez hitz irakurri ditu Ukrainako presidenteak idatzitako pasarte batzuk: «Ukraina prest dago ahalik eta lasterren negoziazio mahaian esertzeko»; eta esan du «benetan estimatzen» duela mineralen akordioa sinatzeko eta negoziazioetan parte hartzeko Zelenski egiten ari den saiakera. Putinen baiezkoari buruz Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek hitz egin du, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Halere, gogorarazi duenez, Zelenskik 2022an sinatutako dekretu baten arabera Ukrainak debekatua du Errusiarekin negoziazioak abiatzea, hortaz, ez daki nola egingo dituzten eztabaida horiek.
Ukrainako presidenteak «menia partzial baterako akordio bat» eskaini dio Putini. Moskuk nahi izanez gero, Kiev prest legoke aire eta itsaso bidezko erasoak eteteko; are, tregoaren lehen fasean preso trukea egitea ere jasotzen du eskaintzak. «Ez al litzateke ederra izango? Zentzurik gabeko gerra hau amaitzeko ordua da», esan du bart Trumpek, Zelenskik bidalitako gutunaren zati batzuk ahoz gora irakurri ondoren. Eta gero esan du «motibo asko» dituela Putin «bakerako» prest legokeela pentsatzeko.
3,5Moskuk Ukrainan anexionatutako lurraldeetako zenbat milioi biztanleri eman dien errusiar herritartasuna. Moskuk Errusiako herritartasuna eman die Ukrainan anexionatutako lau eskualdeetako 3,5 milioi biztanleri, Errusiako Barne ministro Vladimir Kolokoltsevek gaur jakinarazi duenez. Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia dira lau eskualde horiek.
Kongresuan egindako agerraldian, Trumpek apaldu egin du Kieven aurkako tonua; baina Europari dagokionez, azken egunetan bezain oldarkor agertu da. Ukrainaren aliatu europarrei aurpegiratu die Ukraina defendatzen baino diru gehiago gastatzen dutela «Errusiaren gasa eta petrolioa» erosten. AEBetako bi ganberen aurrean hitz egin bezperan, Ukrainara bidean zegoen laguntza militarra eten zuen Trumpek; egun berean, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek planteatu zuen 800.000 milioi euro jartzea EBko estatu kideen gastu militarra handitzeko planerako.
Etendako laguntza hori, hala ere, Ukrainara itzul liteke gutxi barru. Izan ere, Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko aholkulari Mike Waltzek Fox News telebista kateari esan dionez, Trumpek blokeoa etengo luke Kievek «bakea lortzeko pausoak ematen jarraituz gero».

Ukrainarako su eten posible baten aukera mahai gainean dagoenetik, hainbat herrialdek beren burua eskaini dute elkarrizketa horien topaleku izateko. AEBen eta Errusiaren ordezkaritzak Saudi Arabiako hiriburuan, Riaden, bildu ziren joan den hilean; aurreko astean, Ukrainako gerrarako akordio baterako negoziazioak Ankaran egin litezkeela jakinarazi zuen Turkiak; eta, gaur, eztabaida horiek Minsken, Bielorrusiako hiriburuan, egiteko prest agertu da hango presidente Alexander Lukaxenko.
Balizko negoziazioen topalekua eta horien edukia bera zehazteko daude oraindik, baina Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek eztabaida horietan «segurtasun bermeak» lehenestearen garrantzia azpimarratu du, gaur Komunen Ganberan egindako hitzaldi batean. Haren arabera, hori izango da Putinek menia haustea eragozteko modu bakarra. Bestalde, Londresek afera honetan izan dezakeen rola nabarmendu du, argudiatuta «harreman estua» dutela Washingtonekin, eta esan du ez dagoela zertan AEBen edo Europaren artean erabaki beharrik; kontrara, Ukrainaren aliatuek lerratuta egon behar dutela adierazi du.
Starmerren ildo beretik jo du gaur gauean Frantziako presidente Emmanuel Macronek. Telebista bidez egindako adierazpenean iragarri du datorren astean bilduko direla «Ukrainaren bakea» ziurtatu nahi duten herrialdeetako agintariak, Parisen. Gainera, Errusiak 2030erako 300.000 soldadu gehiago izango dituela gaitzetsi du, eta Europako herrialdeek gastu militarra handitzearen garrantzia azpimarratu. Horiek horrela, jakinarazi zuen Frantziak «armada eta industria indartzeko» plan bat egingo duela datozen egunetan. Gainera, atea ireki dio arma nuklearrak «disuasiorako arma» gisa erabiltzeko debateari.
Groenlandia eta Panama
Ukrainako auzia alde batera utzita, Etxe Zuriko maizterrak azken asteetan kasik aipatu ez duen asmo bat ekarri du gogora: Groenlandia AEBetara anexionatzea. Trumpek ohartarazi du lurralde hori kontrolpean hartuko duela, «modu batera edo bestera», argudiatuta AEBen «segurtasun nazionala eta nazioartekoa» bermatzeko «beharrezkoa» dela Groenlandia beren parte izatea. Hori esan ondoren, hainbat promesa egin dizkie hango biztanleei: «Erabat errespetatzen eta babesten dugu zuen etorkizuna eta subiranotasuna erabakitzeko daukazuen eskubidea. Hori erabakitzen baduzue, besoak zabalik hartuko zaituztegu Ameriketako Estatu Batuetan». Eta gehitu du: «Babestu egingo zaituztegu»; «aberats egingo zaituztegu».
Trumpen zabalkunde planak Groenlandiatik haratago doaz, Panamako kanala ere AEBena izango dela esan baitu: «Kanal hau amerikarrek eraiki zuten, amerikarrentzat, ez beste inorentzat. Halere, beste batzuek ere erabil dezakete». Txinan egoitza nagusia duen konpainia batek kanaletik gertu dauden bi portu saldu dizkio asteon AEBetako Blackrock enpresari, eta albiste hori pozez jaso du Trumpek, iritzita horrela Txinak «influentzia gutxiago» izango duela kanalean. «Ez genion kanala Txinari eman; Panamari eman genion, eta orain gurea dena hartuko dugu».
Are, Etxe Zuriko maizterrak jakinarazi du dagoeneko hasi direla hori lortzeko lanean. Burlati eta irribarrez, iragarri du Marco Rubio Estatu idazkaria dela plan horren gidaria: «Zorte on, Marco. Zerbait gaizki ateratzen bada, orain badakigu nor izan den erruduna».
TRUMPEN OHARTARAZPENA estatubatuarrei: «hAU HASI BESTERIK EZ DA EGIN»
Bi hilabete ere ez dira pasatu Donald Trumpek AEBetako presidente kargua hartu zuenetik, eta, halere, ohiko duen tonuari eutsita, Kongresuan egindako agerraldian harro esan du beste administrazio batzuek lau edo zortzi urteetan baino «gauza gehiago» lortu dituela berak 43 egunean. Ohartarazi du bere agintaldia «hasi besterik» ez dela egin, eta are neurri gehiago hartuko dituela datozen hilabeteetan.
Asmo horietako batzuk iragarri ditu bi ganberei zuzendutako hitzaldian: migrazioari dagokionez, jakinarazi du eskaera ofizial bat aurkeztu diola ganbera legegileari, funts federalak erabili ahal izateko «historiako deportaziorik handiena» egiteko. Etxe Zurian egin dituen aurreneko egunetan, Trumpek 37.660 papergabe deportatu ditu. Horrekin lotuta, Kongresuko bi ganberei eskatu die «mundu guztiari» zuzendutako zergen murrizketa bat onar dezatela. Gero, agerraldia baliatu du AEBetako presidente ohi Joe Bidenen agintaldiari kritika egiteko: «Bidenek ez zuen ezer egin arrautzen prezioaren igoerari aurre egiteko, eta gogor ari gara lanean horri buelta emateko».
Trumpek adierazpen horiek egin dituenean, ordezkari eta senatari demokrata batzuek kartel batzuk erakutsi dituzte: gezurra mezua idatzita zuten. Behin baino gehiagotan erakutsi dituzte AEBetako presidentearen aurkako mezuak, eta momentu batzuetan txistu ere egin diote. Protesta gisa, Emakume Demokraten Caucuseko kideak arrosaz jantzita joan dira Kongresura; halere, Trumpek berdintasun eta aniztasun politiken aurka hartutako neurriak goraipatu ditu beste behin. «Gure herrialdea ez da woke-a izango hemendik aurrera».