«Errusiari eta Ukrainari: eser zaitezte mahaian oraintxe bertan, beranduegi izan aurretik». Hala mintzatu da gaur AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trump bere sare sozial Truth Socialen argitaratutako mezu batean. Etxe Zuriko maizterrak asteak daramatza Ukrainarako akordio baten bila, Kievek eta Moskuk su eten bat ezarri dezaten. Orain arte Ukraina izan da bietan errieta eta ondorio gehien jaso dituena: Etxe Zurian Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari «Hirugarren Mundu Gerrarekin jolasean aritzea» leporatu zion Trumpek, eta laguntza militarra eten dio Kievi, besteak beste. Gaur, berriz, ohartarazpena mugaren beste aldera bideratu du Trumpek: zigor ekonomikoak ezartzeko mehatxua egin dio Errusiari.
Zeresana eman du Trumpen mezuak, lehen aldiz egin baitu Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurka; kargura heldu zenetik Ukrainarekin jarrera oldarkorra izan badu ere, abegikor agertu da Moskurekin. Are gehiago, Ukrainarako «bake akordio baten» inguruko negoziazioak Errusiarekin egin ditu soilik, Ukraina eta EB Europako Batasuna alde batera utziz —Trump Etxe Zurira heldu aurretik EB izan da AEBen aliatu nagusia Ukrainako aferan—. Gaurko mezuan, ordea, Ukrainari eta Errusiari egin die dei; hortaz, atea ireki dio hiru herrialdeak menia baten inguruan negoziatzeari.
Washingtonek zigor «handiak» ezarriko lizkioke Moskuri negoziazio horietan bake akordio baten alde agertu ez eta su etena lortuko ez balute. Etxe Zuriko maizterrak iragarri duenez, hiru motatako zigorrak izango lirateke: «banku zigorrak», «muga zergak» eta «beste zigor ekonomiko batzuk». Akordio bat lortzeko nahirik sumatzen ez duela argudiatuta, jada ezarri dizkio zigorrak Ukrainari. Atzo, esaterako, AEBetako zerbitzu sekretuek Errusiaren erasoen inguruan Kievi igortzen zioten informazio jarioa etetea erabaki zuen.
Eta, mezuan Errusiari mehatxu egin dion arren, gero egin duen prentsaurrekoan azaldu du «errazagoa» dela Errusiarekin negoziatzea Ukrainarekin baino: «Ukrainarekin negoziatzea zaila izaten ari da».
Ukraina «txikitzen»
Trumpek adierazi du Errusia Ukraina gudu zelaian «txikitzen» ari dela ikusita egin duela ohartarazpena. Izan ere, gaur goizaldean 67 misil jaurtita eta 200 drone inguru erabilita egin dio eraso Errusiak Ukrainari, Ukrainako aire armadak jakinarazi duenez. Kievek salatu du bizitokiak dauden guneak eta «funtsezko energia azpiegiturak» izan dituztela jomugan erasoek. Are gehiago, Zelenskik bere Telegram kontuan argitaratu duen mezuan Moskuren erasoa gaitzetsi du, eta azpimarratu du misilek jotako azpiegiturek «Ukrainako herritarren bizitza normala ziurtatzeko» balio dutela.

Ukraina «bakerako prest» dagoela esateko ere erabili du mezua, eta gaur egungo helburua «Errusia gerra etetera behartzea» dela nabarmendu du. Gainera, Frantziari eskerrak eman dizkio, Parisek emandako armei esker Errusiak egindako erasoari aurre egin ahal izan diotela esanez. Atzo, EBko agintariek Europar Kontseiluko bilera izan zuten, eta, bertan, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak proposatutako plana onartu zuten, defentsarako gastua handitzeko 800.000 milioi euro mobilizatzea. Bilera horren harira, Europako hainbat agintarik Ukrainari emango dioten laguntza militarra handituko dutela iragarri zuten.
Poloniako gizon orok entrenamendu militarra EGIN BEHARKO du
Polonia bidea urratzen ari da herrialdeko gizonezko orok entrenamendu militarra egin dezan. Hala jakinarazi du gaur Poloniako lehen ministro Donald Tuskek. Poloniako armadak, gaur egun, 200.000 soldadu ditu, eta Tusken iritziz 500.000ra heldu beharko litzateke, «erreserbistak barne». Argudiatu duenez, Errusiako armadak 1,3 milioi soldadu ditu, eta Ukrainak, 800.000. Hortaz, inguruko herrialdeen armadari erreparatuta Poloniak ere bere soldadu kopurua handitu behar duela iritzi dio Tuskek.