Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente hautatuak aldaketa bat egin behar izan du hurrengo administraziorako hautatutako kideen artean. Hasieran, Matt Gaetz izendatu zuen fiskalburu izateko. Gaetz ikerketapean egon da sexu trafikoagatik, eta AEBetako Kongresuko hainbat kide errepublikanok ez zutela babestuko jakinarazi zuten. Horregatik, Gaetzek atzera egin zuen atzo, eta, gaur goizaldean, Trumpek Pam Bondi izendatu du kargu horretarako. Kongresuko bi ganberek berretsi beharko dute izendapena.
Trumpek esan du AEBetako Justizia Departamentuak bere aurkako joera hartu duela, eta ziurtatu du Bondirekin ez dela hala izango. Bondi Floridako fiskalburu izan zen 2011tik 2019ra; garai hartan drogen aurka egindako lana nabarmendu du Trumpek. Fiskalburu kargurako izendatutakoak Trumpen defentsa taldean egin zuen lan, haren aurkako lehen impeachment-ean —2019ko abenduan hasi, eta 2020ko otsailean amaitu zen—. AEBetako presidentearen aurkako epaiketa politiko hartan absolbitu egin zuten Trump. Presidente kargua uztear zela egin zuten Trumpen kontrako bigarren impeachment-a, 2021eko urtarriletik otsailera. Hartan ere absolbitu egin zuten.
«Pamekin [Bondi] Justizia Departamentua krimenaren aurka borroka egitera itzuliko da, eta Amerika [AEBak] seguru egingo du berriz», adierazi du Trumpek, Truthen, bere sare sozialean. Izan ere, Trumpen ustez, bere eta beste errepublikano batzuen aurka egiteko erabili dute AEBetako Justizia Departamentua «denbora gehiegiz».
Ez oztopatzeko
Azaroaren 14an, AEBetako presidente hautatuak Gaetz izendatu zuen fiskalburu kargua hartzeko. Baina erabaki hark errezeloa sortu zuen Kongresuko hainbat kide errepublikanoren artean.
Gaetz sexu trafikoagatik ikertu zuen Justizia Departamentuak, baina haren kontrako kargurik aurkeztu gabe itxi zuten ikerketa 2023an. Era berean, adin txikiko baten sexu trafikoko plan baten parte izatea egotzita, hura ikertzen aritu da Ordezkarien Ganberako etika batzordea. Ikerketa hori iragan astean eten zuten, Trumpek Gaetzen izendapenaren berri eman eta hark ordezkari kargua utzi zuenean.
Atzo, albora egitea erabaki zuen Gaetzek. Bere izendapena Trumpen lana «oztopatzen» hasi zela-eta hartu zuen erabakia; hala argitu zuen X sare sozialean.