AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek migratzaileak izan ditu jomugan kargua hartu zuenetik. Urtarrilaren 20an hartu zuen kargua, eta agintaldiko aurreneko zortzi egunetan 6.244 papergabe deportatu ditu Mexikora. Hala jakinarazi du gaur Mexikoko presidente Claudia Sheinbaumek. Prentsaurreko batean argitu duenez, lehen egun horietako deportazioak ez dira «asko» izan: «Trumpek kargua hartu aurretiko egunetan izandako deportazio kopuruen aldean, ez da oso handia».
6.244 horietatik, halere, denak ez dira mexikarrak: Mexikora bidali dituzten arren, 1.371 beste herrialde batzuetako herritarrak dira, gehienak Latinoamerikakoak. Sheinbaumek argitu duenez, hori ere ez da Trumpek asmatu duen zerbait, aurreko presidenteek ere egiten baitzituzten halakoak. AEBetan paperik gabe zeuden migratzaile horiek herrialdean hartzeagatik kritikak egin dizkio oposizioak Sheinbaumi. Hark, baina, nabarmendu du «laguntza humanitarioa» emateko prest agertuko dela Mexiko.
Ikusi gehiago
Mexikoko presidenteak azpimarratu duenez, bertako herritarrak ez diren migratzaile horietako gehienek beren herrialdera itzultzea eskatzen dute, eta Mexikok horretarako garraioa errazten die. Gehienak Erdialdeko Amerikako herrialdeetakoak direla esan du.
Trumpek, presidentetzarako kanpainan eta kargua hartu zuenean, hitzeman zuen «inoizko deportaziorik handiena» egingo zuela. Etxe Zuriko maizterrak adierazi izan du herrialdean dauden 11 milioi papergabeak kanporatuko dituela, eta horretarako pausoak ematen hasi da; esaterako, eskoletan sarekadak egitea baimendu du. AEBetako 47. presidenteak immigranteen aurkako diskurtsoa duen arren, ez da historian deportazio gehien baimendu duen presidentea. Bere aurreneko agintaldian (2017-2021), 1,2 milioi lagun deportatu zituen. Barack Obamak (2009-2017), berriz, 1,6 papergabe deportatu zituen lehen agintaldian, eta 1,5 milioi bigarrenean.