Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohi eta Alderdi Errepublikanoko presidentegaia zauritu egin dute atentatu batean. Pennsylvanian mitin batean hizketan ari zela, tiro egin diote mitinaren eremutik kanpo zegoen teilatu batetik. Zabaldutako bideoetan ikusten denez, hotsak entzun eta berehala Trumpek belarri ingurura darama eskua, eta makurtu egiten da gero. Berriro altxatzean, Trump, jada segurtasun indarrez inguratuta, belarria odoletan duela ageri da. Segurtasun zerbitzuek oinez atera dute mitinetik, ukabila altxatuta, eta auto batean atera dute handik ondoren. Trumpen bozeramaile Steven Cheungek jakinarazi du Trump onik dagoela. Fox telebista kateak New Jerseyn haren hegazkinak lur hartu dueneko irudiak zabaldu ditu, eta hegazkinetik bere kabuz jaisten ageri da.
HOLY SHIT
— Russell Brand (@rustyrockets) July 13, 2024
DONALD TRUMP JUST GOT SHOT! pic.twitter.com/vyzbZrNb5W
Erasoa Butlerren izan da, Pennsylvanian, Pittsburgetik 48 bat kilometrora, Euskal Herrian gauerdia inguru zela. 10.000-15.000 lagunen aurrean hitz egiten ari zen Trump. Bi lagun hil dituzte tiroketan, Butlerreko konderriko fiskal Richard Goldingerrek jakinarazi duenez; entzuleen artean zegoen herritar bat, eta ustez Trumpen kontra tiro egin duena. FBIren arabera, Thomas Mathiew Crooks da erasotzailea, Pennsylvaniako 20 urteko gazte bat. Eraso egiteko motiboak ikertzen ari dira, eta herritarrei laguntza eskatu diete. Lehen datuen arabera, Alderdi Errepublikanoko kide zen, baina duela urte batzuk Alderdi Demokratari hamabost euroko dohaintza egin ziola ere esan dute. Harekin batera, atentatuan beste norbaitek parte hartu duen ere ikertzen ari dira.
Pittsburgheko WTAE telebistaren arabera, AR-15 errifle erdi automatiko bat erabili du erasotzaileak, eta zortzi tiro egin ditu guztira. Sare sozialetan teilatu batean hilda dagoen gaztearen irudiak zabaldu dira. Ehizarako arropa zeraman jantzia. Ez zuen, ordea, inolako nortasun agiririk. Horregatik, orduak behar izan dituzte identifikatzeko.
Mitinean zeuden beste bi lagun larri daude ospitalean.
Alderdi Errepublikanoaren konbentzioaren atarian
2017tik 2021era AEBetako presidente izan zen Trump. 2021ean Joe Bidenek garaitu zuen. Lau hilabete barru, ordea, presidentetzarako hauteskundeak egitekoak dira AEBetan azaroaren 5ean, eta Trumpek aldeko du haizea; aise irabazi zuen Alderdi Errepublikanoko hautagai izateko lehian, eta inkestek Bidenen aurretik jartzen dute azaroaren 5eko bozketan. Hain justu, astelehenean da hastekoa Milwaukeen errepublikanoen konbentzioa, Trumpen hautagaitza berretsi behar duena. Ondoren egingo du Trumpek bere hautagai hitzaldia.
Alderdi Errepublikanotik, Demokratatik eta AEBen kanpotik heldu zaizkio Trumpi babes mezuak. Biden «esker oneko» agertu da Trump salbu dagoelako, eta erantsi du AEBetan ez dagoela «halako indarkeriarako lekurik». Batasunera deitu du, erasoa gaitzesteko. Ildo berean, Barack Obama AEBetako presidente ohi demokratak nabarmendu du AEBetako demokrazian ez dagoela «lekurik indarkeria politikorako», eta pozik agertu da Trumpek ez duelako zauri larririk.
I have been briefed on the shooting at Donald Trump’s rally in Pennsylvania.
— President Biden (@POTUS) July 13, 2024
I’m grateful to hear that he’s safe and doing well. I’m praying for him and his family and for all those who were at the rally, as we await further information.
Jill and I are grateful to the Secret…
Atzerritik, beste askoren artean, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak arbuiatu egin du Trumpen aurkako «atentatua», eta berehala osatzea opa dio: «Arerioak izan gara, baina Trump presidenteari osasuna eta bizitza luzea opa dizkiot». Javier Milei Argentinako presidenteak, berriz, nazioarteko komunitatea deitu du erasoa gaitzestera «eta bat egitera askatasunaren etsaien aurkako borrokarekin».