Trump Mexikoren eta AEBen arteko muga gogortzen hasi da

Pentagonoak jakinarazi duenez, 1.500 militar bidaliko dituzte hegoaldeko mugara. AEBetako presidenteak %60 handituko du han dauden militarren kopurua.

Militar bat, Mexikoren eta AEBen arteko mugan, iragan abenduan, San Diegon (AEB). CAROLINE BREHMAN / EFE
Militar bat, Mexikoren eta AEBen arteko mugan, iragan abenduan, San Diegon (AEB). CAROLINE BREHMAN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko urtarrilaren 23a
13:03
Entzun

Hirugarren eguna egin zuen atzo Donald Trumpek AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente gisa, eta, aurreneko bi egunetan legez, hark sinatutako dekretuek zeresana eman dute. Paperik gabeko migratzaileak herrialdean sartzea eragotziko zuela promestu zuen kanpainan, eta helburu horretara bideratutako urrats bat egin zuen atzo: Etxe Zuriak azaldu zuen astelehenean dekretu bat sinatu zuela AEBen eta Mexikoren arteko mugara 1.500 militar bidaltzeko, eta atzo jakinarazi zuen soldaduak mugiarazten hasi zirela.

Etxe Zuriko Bozeramaile Karoline Leavittek eman zien erabakiaren xehetasunen berri kazetariei, atzo, eta Pentagonoak bart jakinarazi zuen neurria indarrean sartzen hasi dela; Euskal Herrian gaurko ordu txikiak zirenean hasi dira soldaduak mugara eramaten. Ez dira soilik soldadu horiek izango, ordea. Jarduneko Defentsa idazkari Robert Salessesek bart ohar batean azaldu zuenaren arabera, helikopteroak eta zerbitzu sekretuetako analistak ere mugiaraziko dituzte bertara, migratzaileak atzemateko lanetan lagundu dezaten.

Salessesek adierazi zuen Trumpek sinatutako dekretuari esker %60 handituko dela militarren presentzia mugan. Izan ere, AEBetako hegoaldeko mugan jada 2.200 militar zeuden herrialdeko 47. presidenteak astelehenean kargua ofizialki hartu zuenean.

Baina 1.500 soldadu horiek mugara eramatea lehen pausoa besterik ez dela iragarri du Trumpen administrazioak: Defentsa idazkariak oharrean jakinarazi zuenez, «hasiera da soilik». Eta, Etxe Zuriko maizterraren lehen agintaldiari erreparatuta (2017-2021), muga are gehiago militarizatuko duela aurreikus daiteke. Izan ere, 5.200 soldadu mugiarazi zituen hango hartan.

10.000

Donald Trumpek zenbat soldadu bidali nahi dituen AEBen eta Mexikoren arteko mugara Atzoko dekretuak 1.500 militar gehituko dizkio jada AEBen eta Mexikoren artean dauden 2.200 militarrei. Horiei Texasen erreserban dauden eta mugara bidali ahal diren 4.500 soldaduak gehitu dakizkieke. Bada, CBS AEBetako telebista kateak Defentsa Departamentuko barne txosten bat aipatuz bart argitaratu zuenez, Trumpen helburua da AEBetako hegoaldeko mugan 10.000 soldadu egotea.

Mexikoko mugan soldaduen presentzia areagotu izanak harrabotsa eragin duen arren, indarrean sartuz gero are garrantzitsuagoa izan daitekeen neurri bat du ardatz dekretuak. AEBetako presidenteak 90 egun ditu Matxinada Legearen —bi mende baino gehiago ditu— neurriak indarrean sartzeko. 1807an onartu zuten legea, eta, hari esker, militarrek legea betearazteko ekintzak aurrera eramateko eskumena izango dute; hau da, Poliziaren ekintzetatik gertu egongo lirateke. Hori indarrean sartzen bada, ordea, litekeena da auzitegi batzuk atzera botatzen saiatzea. 

Izan ere, AEBetako zenbait legek galarazi egiten dute militarrek Polizia gisa jardutea; horien artean dago, esaterako, Posse Comitatus izenekoa, 1878an sinatutakoa.

Hain justu, dagoeneko atzera bota dute Trumpek asteon hartutako neurri bat. AEBetan jaiotakoek herrialde horretako herritartasuna izateko eskubidea dutela dago jasota AEBetako Konstituzioaren 14. zuzenketan. Bada, Trumpek astelehenean erabaki zuen eskubide hori ukatzea paperik gabeko migratzaileen seme-alabei. Gaur, epaile federal batek «konstituzioaren aurkakotzat» jo du presidente berriaren erabakia, eta behin-behinean blokeatu egin du.

Huthien aurka

Trumpek atzerrira begira esandakoak zeresan handia eman du. Kuba, adibidez, «terrorismoa finantzatzen duten herrialdeen» zerrendan sartu du, eta Joe Biden presidente ohiaren (2021-2025) erabakia deuseztatu hala. Eta «terrorismoari» lotutako beste neurri bat hartu zuen atzo: Yemengo huthiak «talde terrorista» izendatzeko prozesua hasteko dekretua sinatu zuen. Gauzak horrela, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkari berriak, zerbitzu sekretuetako buruzagiarekin eta Altxor Publikoko idazkariarekin bildu ostean, 30 egun izango ditu huthien izendapen berri hori aztertzen duen txosten bat egiteko.

Trumpek aurreneko agintaldian hartutako erabakia berrezartzeko saiakera da. Izan ere, Etxe Zuriko maizterrak orduan ere izendatu zituen huthiak «talde terrorista» gisa. Bidenek, baina, zerrenda horretatik ateratzea erabaki zuen, Yemengo krisi humanitarioa apaltzeko xedez. Izendapen hori indarrean sartuz gero, Yemenen laguntza humanitarioa ematen duten AEBetako erakunde batzuek ezingo dute lan hori egin. Izan ere, ezingo dira elkarlanean aritu huthien aurka egiteko «ahaleginen aurka» egin duten erakundeekin. Huthiek Yemengo lurraldearen zati bat kontrolatzen dute; hortaz, bertan laguntza humanitarioa banatzen ari diren erakundeei ahalegin horien aurka aritzea egotzi ahal diete.

Huthiek zeresan handia eman dute azken hilabeteetan. Israelek Gazaren aurka 2023an hasitako erasoaldiaren harira, eta palestinarren alde egiteko, hainbat itsasontziren aurka egin dute eraso Itsaso Gorrian. Itsasontzi horiek, orokorrean, merkataritzarako erabiltzen dira, eta huthiek adierazi izan dute Israelen eta Mendebaldearen interes ekonomikoei kalte egiteko erasotzen dietela. Bada, eraso horiei erantzunez, AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak behin baino gehiagotan bonbardatu dute Yemen.

Trumpek zigor ekonomikoekin mehatxu egiteak ez du harritu Errusia

Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Vladimir Putin Errusiako presidenteari Ukrainako gerra amaitzeko exijitu zion atzo. Hori egin ezean zigor ekonomikoak ezarriko dizkiola ohartarazi zuen Trumpek. Kremlinek gaur esan du isun eta muga zergekin mehatxu egiteak ez dituela harritu. Errusiako presidentetzako bozeramaile Dmitri Pexkovek eguneroko agerraldian esan duenez, zigor ekonomikoak ezartzea da Trumpen politika egiteko era: «Trumpi asko gustatzen zaizkio isunak. Gutxienez hala zen haren aurreneko agintaldian. Inoiz zigor ekonomiko gehien jarri dituen AEBetako presidentea izan zen». Hala ere, Washingtondik datorren mezu oro aztertuko dutela nabarmendu du Pexkovek, «gertatzen ari denaren xehetasun denak ondo ulertzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.