Trump limurtzen ahaleginduko dira Macron eta Starmer

Frantziako eta Erresuma Batuko buruzagiak datorren astean dira AEBetako presidentearekin biltzekoak. Bruselak esan du «bakea» lortu nahi duela, baina «indarraren bidez».

Trump eta Macron Parisen, joan den abenduan. THIBAULT CAMUS / EFE
Trump eta Macron Parisen, joan den abenduan. THIBAULT CAMUS / EFE
Igor Susaeta.
2025eko otsailaren 21a
11:00
Entzun

Europako potentziak Ukrainari buruzko negoziazioetatik kanpo utzi dituzte AEBek eta Errusiak, eta, hori dela eta, Frantziak eta Erresuma Batuak ahalegin diplomatikoa hasi dute Donald Trump Etxe Zuriko maizterra limurtzeko, hura konbentzitze aldera haiek ere elkarrizketa mahaian egon beharko luketela. Horregatik, Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa Trumpekin biltzekoak dira datorren astean AEBetan, nor bere aldetik: Etxe Zuriaren bozeramaile Karoline Leavittek goizaldean jakinarazi duenez, Macronekin astelehenean egingo du bilera, eta Starmerrekin, ostegunean. Hain justu, astelehenean beteko dira hiru urte Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik.

Gutxi-asko, batzar horretan zein estrategiari jarraituko dion azaldu zuen Macronek atzo gauean, sare sozialetan herritarrei erantzundako galderetan. Jakinarazi zuenez, AEBetako presidenteari esango dio ezin duela «ahul» jokatu Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurrean. «Esango diot hori ez dela bere zigilua. Nola izango zara sinesgarria Txinaren aurrean, Errusiarekin ahul jokatzen baduzu?».

Macronen esanetan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari ere kontatu dio zer azaldu asmo dion Trumpi. Frantziako presidentearen arabera, aliatuek «bake sendo eta iraunkor baten alde» lan egin nahi dute. AEBetako Gobernuko ordezkariek adierazi dute azken egunetan Errusiak ez diela zertan uko egin 2014tik Ukrainan hartu dituen lurrei, hau da, Krimeako penintsulari, eta Donetsk, Luhansk, Zaporizhia eta Kherson eskualdeei —ez ditu goitik behera kontrolatzen—. Macronen hitzetan, «bakea» nahi dute Europako potentziek; ez, ordea, «kapitulazio bat». Horren harira, Andrius Kubilius Europako Batzordeko Defentsa komisarioak esan du gaur talde komunitarioaren jarrera «oso argi» dagoela: «bakea» lortu nahi duela blokeak, «indarraren bidez». Prentsaurreko batean iradoki duenez, EBk laster emango du Ukrainarentzako beste laguntza sail baten berri.

Baina Ukrainaren kontrako diskurtsoa gogortu dute AEBek, pixkanaka, Trumpek joan den urtarrilaren 20an kargua hartu zuenetik. Herenegun bertan iradoki zuen, esaterako, Zelenskiren erruz hasi zela gerra. Ukrainako presidenteak egotzi zion «desinformazio eremu batean» bizitzea. Horren ondoren, Mike Waltz Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko aholkulariak azpimarratu zuen «onartezinak» zirela Zelenskiren hitzak, eta «tonua apaltzeko» eskatu zion; baita lur arraroei buruzko «akordioa» sinatzeko ere. Waltz ere parte hartu zuen, besteak beste, AEBek eta Errusiak Ukrainaren inguruan negoziatzeko oinarriak jartzeko antolatutako bileran, Riaden (Saudi Arabia), aurreko asteartean.

G7koen oharraz

Ez dago argi Waltzek aipatutako itun hori ere existitzen ote den, baina Trumpek otsail hasieran esan zion Ukrainako presidenteari lur horien kontrola nahi zuela, AEBen laguntza militarraren truke. Gauero eman ohi duen hitzaldian, Zelenskik adierazi zuen atzo «akordio sendoak» behar dituztela AEBekin, baita Errusiaren aurrean «segurtasun berme fidagarriak» ere.

Halere, AEBetako iturri ofizialen azken egunetako eta asteetako adierazpenak aintzat hartuta, Washingtonek beste lehentasun batzuk dituela dirudi. Astelehenean da inbasioaren hirugarren urteurrena, eta G7 taldekoak adierazpen bat kaleratzekoak dira. Munduko ekonomia nagusiak biltzen ditu talde horrek —AEB, Alemania, Italia, Erresuma Batua, Frantzia, Japonia, Kanada eta EB Europako Batasuna—, eta, Financial Times egunkariak horretako iturriak aipatuz kaleratu duenez, adierazpen horretan Errusiari «erasotzaile» deitzearen aurka daude AEBak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.