AEB

Trump, higatzearen indarraren menpe

Azaroan egitekoak dira AEBetako presidentetzarako bozak, eta errepublikanoek bihar hasiko dute hautagaia aukeratzeko primarioen prozesua, Iowan. 2017 eta 2021 artean Etxe Zuriko maizterra izandakoa da faborito argia, inkestek diotenez.

DONALD TRUMP.
Donald Trump New Yorkeko estatuko Auzitegi Gorenean, iazko apirilean. JUSTIN LANE / EFE
Igor Susaeta.
2024ko urtarrilaren 14a
05:05
Entzun

Gaur-gaurkoz, eta inkestek diotena kontuan hartuz gero, Donald Trump izango da Alderdi Errepublikanoaren hautagaia, datorren azaroaren 5ean egitekoak diren AEBetako presidentetzarako hauteskundeetan. Oraindik, ordea, hamar hilabete falta dira horietarako, eta, tarte horretan, kanpaina betean, higatze handi bat jasatekoa da 2017 eta 2021 artean Etxe Zuriko maizterra izandakoa; batez ere, lau zigor auzibide daudelako zabalik haren kontra, eta Maine zein Colorado estatuek haren hautagaitza baliogabetu dutelako, argudiatuz 2021ean Kapitolioaren aurkako matxinadan parte hartu zuela. Beraz, ikusteko dago datozen asteetan auzitegietatik iritsiko diren berriek edo horiek hartuko dituzten erabakiek eragingo ote duten bozkatzaile errepublikanoek iritzia aldatzea eta alderdiaren beste hautagai bat babestea. Horiek, oraingoz, inkestetan gutxienez, kilimarik ere ez diote eragiten Trumpi, nahiz eta Nikki Haley bihurtu den establishment errepublikanoaren kutuna, eta, orduan, elite horren diruarekin, kanpaina indartsu bat egiteko modua ematen ari den. Hain zuzen, errepublikanoen primarioen prozesua bihar hasiko dute, Iowa estatuko caucus-etan.

Hurrengo hilabeteetan, ekainera bitartean, herrialdeko estatu guztietan egingo dituzte primarioak, bai errepublikanoek, bai demokratek —hilaren 23an hasiko dituzte, New Hampshiren—, eta gero, udan, kongresuak antolatuko dituzte: Alderdi Errepublikanoak uztailaren 15etik 18ra; eta Alderdi Demokratak abuztuaren 19tik 22ra. Orduan jakinaraziko dituzte presidentegaiak, nahiz eta primarioak egin ahala nahiko argi ikusiz joango den zeintzuk izango diren.

Nolanahi ere, horretaraino heldu aurretik, AEBetako Auzitegi Gorenak datozen asteetan hartuko duen jarrerak baldintzatuko ditu, neurri handi batean, primarioak. Coloradoren erabakiari helegitea jarri diote presidente ohiaren abokatuek Gorenean, eta auzitegi horrek ez du jakinarazi, oraindik, ea tramiterako onartzen duen. Halere, presidente izandakoak ez du, alde horretatik, gehiegi kezkatzeko motiborik, Gorenak gehiengo kontserbadorea baitu: bederatzi epaileetatik sei, eta horietako hiru Trumpek bere agintaldian izendatutakoak.

Coloradok eta Mainek hautagaitza indargabetu dute, AEBetako Konstituzioaren 14. eranskineko 3. atalari helduta. Horren arabera, ezin du herrialdeko presidentegai izan matxinada batean parte hartu duenak. Trumpen defentsak argudiatu du, baina, batetik, zuzenketa hori aurrera eraman zuteneko testuingurua aintzat hartu behar dela: 1868an onartu zuten, sezesio gerra bukatu eta hiru urtera. Bestetik, Kapitoliokoa ez zela matxinada bat izan, eta Trumpek ez zuela horretan parte hartu. Eta hirugarrenik, haren abokatuek defendatzen dute bozkatzaileei dagokiela presidentea aukeratzea, ez auzitegiei. Gaineratu dute, bide batez, 14. eranskineko 3. atala aplikatu behar izanez gero, Kongresuari eta hauteskunde batzordeari dagokiela hori egitea.

7,8

Trumpek zenbat milioi dolar jaso zituen. AEBetako presidente izan zenean (2017-2021), Donald Trumpen enpresei 7,8 milioi dolar —7,1 milioi euro— eman zizkieten hainbat herrialdetako gobernuek: Txina, Qatar, Turkia, Saudi Arabia, India... Hori jasotzen duen txosten bat kaleratu zuen Ordezkarien Ganberak urte hasieran, demokratek eskatuta. Horiek salatu dute modu horretan Konstituzioaren klausula bat urratzen duela Trumpek. Horren arabera, presidente batek ezin du onartu beste estatu batzuen ordainketarik, dirurik edo oparirik.

Mainek eta Coloradok ez bezala, beste dozena erdi bat estatuk —Kalifornia aurrerazaleak barne— atzera bota dituzte Trumpen hautagaitza baliogabetzeko eskaerak, irudituta konstituzioaren zuzenketa horren interpretazioa behartuegia dela. Ikusteko dago beste estatu batzuetan zer erabakitzen duten.

Eta haren kontra zabalik dauden zigor auzibideetan 91 delitu egozten dizkiote. Hauek dira kasuak: Kapitolioaren aurkako matxinadaren erantzulea izatea; 2016an, aurrenekoz presidentegai izan zenean, 120.000 euro ordaintzea Stormy Daniels porno aktoreari, zabaldu ez zezan hogei urte lehenago harremanak izan zituztela; haren etxe batera sekretupeko dokumentuak eramatea baimenik gabe; eta 2020ko hauteskundeen emaitzan esku hartzen saiatzea. Lehen bi kasuen epaiketak martxorako daude programatuta —estatu askotan orduan egingo dituzte primarioak—, hirugarrenarena maiatzerako, eta laugarrenak ez du datarik. Horrekin guztiarekin lotuta, Gorenak ebatzi beharko du ea Trumpek immunitaterik ba ote duen matxinadaren eta esku hartzearen auzibideetan, artean presidente zelako.

Haley alternatiba

Americans for Prosperity (AFP) sare kontserbadore boteretsua Haleyren alde posizionatu da. Horrek esan nahi du bere milaka aktibista mobilizatu dituela, horiek etxeetako ateak jotzen ari direla Haleyren aldeko botoa eskatzen, eta kanpaina masibo bat egiten ari direla. Koch anaiek sortutako taldeak orain aste batzuk bere webgunean argitaratutako ohar batean nabarmendu zuenez, beren zundaketek «sistematikoki» erakusten dute Haley izango litzatekeela, «alde handiarekin», errepublikanoen hautagairik egokiena Joe Biden presidentegai demokrataren aurkako buruz buruzko posiblean. Sare horrek uste du Trump eta beste hautagai errepublikanoak —Ron DeSantis, Chris Cristie, Asa Hutchinson eta Vivek Ramaswamy— doazela AEBen «oinarrizko printzipioen kontra», eta Haleyk dela «Washingtongo kultura toxikoa» gainditu dezakeena.

NIKKI HALEY. AEB
Nikki Haley hautagai errepublikanoa, urtarrilaren 3an New Hampshiren egindako ekitaldi batean. CJ GUNTHER / EFE

Trumpek berak aukeratuta, 2017tik 2018ra AEBen enbaxadorea izan zen NBE Nazio Batuen Erakundearen aurrean, eta, hori baino lehenago, Hego Karolinako gobernadorea (2011-2017). Americans for Prosperity-ren planteamendua gorabehera, FiveThirtyEigh webguneak egindako inkesten batezbestekoak erakusten zuen, aurreko asteazkenean, Trumpek 35 punturen aldea ateratzen diola.

Eta, nagusiki, Trumpen beste agintaldi posible batek ekar dezakeenaren beldurra haizatuko du Bidenek datozen hilabeteetan, presidente karguan jarraitzeko ahaleginean. Dean Phillips eta Marianne Williamson dira beste hautagai demokratak, baina ia ez dute aukerarik izango primarioetan; hilaren 23an hasiko dituzte, New Hampshiren. Egungo presidentearen administrazioa gai izan da ekonomia suspertzeko COVID-19ak eragindako pandemiaren atzeraldiaren ondoren, enplegu sorrera mantentzeko, eta laguntza sozialak areagotzeko. Halere, bozkatzaile demokraten artean egindako inkestek adierazten dute soilik horien heren batek babesten dutela. Iruditzen zaie Bidenen adina —81 urte— ez dela egokia presidente izateko, eta, gainera, Israeli babesa erakutsi izanak ez dio onik egin demokraten artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.