Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohia ofizialki presidente izendatu behar zutenean, 2021eko urtarrilaren 6an, orduko jarduneko presidente Donald Trumpen jarraitzaileak Kapitolioan sartu ziren, hori eragozten saiatzeko. Lau urte igaro dira eraso hori egin zutenetik, eta Trump Etxe Zurian da berriz. Atzo izan zuen aurreneko eguna karguan, eta, agintaldiari hasiera emateko, hainbat dekretu sinatu zituen; tartean, eraso horretan parte hartu zutenen 1.500 lagun ingururi indultua emateko erabakia.
Presidentetzarako bozetako kanpainan eta horiek irabazi ostean, iazko azaroaren 5ean, Trumpek behin eta berriz esan izan du barkatu egingo ziela erasotzaile horiei. Hori, ordea, ez da izan AEBetako 47. presidenteak agintaldiko aurreneko egunean ezarritako neurri bakarra. Bai kanpainan eta bai hauteskundeen osteko hilabeteetan, iragartzen aritu da datozen lau urteetan zer politika eramango dituen aurrera, eta agintaldiaren lehenengo egunean ez da urrundu ildo horretatik. Besteak beste, migratzaileen aurkako politikak indartu ditu, administrazio federaleko funtzionarioen lan baldintzak aldatu, eta AEBak atera egin ditu Parisko Hitzarmenetik eta OME Osasunaren Mundu Erakundetik. Bidenek atzera bota zituen Trumpek aurreneko agintaldian (2017-2021) hartutako erabaki batzuk, eta, beraz, horiek berrezartzeko bidea urratzen hasi da egungo presidentea —esaterako, Kuba «terrorismoa babesten duten herrialdeen» zerrendan sartu du berriz—.
Lehen agintaldian legez, hainbat neurri nekez sartuko dira indarrean, AEBetako legearen aurkakoak baitira.
Immigrazioaren aurkako neurriak gogortu
Lehenengo dekretu horietako asko Bidenek aurreko agintaldian indarrean sartutako politikak eteteko baliatu ditu Trumpek: 78, hain zuzen. Errefuxiatuen Onarpen Programa behin-behinean eten zuen atzo, adibidez, eta ez da berriz indarrean sartuko harik eta «errefuxiatuak herrialdean sartzea AEBen mesederako den arte». Immigrazioaren arloan hartu du beste erabakirik ere, ordea. AEBetako Konstituzioaren 14. zuzenketan ezartzen denez, herrialde horretan jaiotakoek AEBetako herritartasuna izan dezakete. Trumpek, baina, erabaki du eskubide hori ukatzea paperik gabeko migratzaileen seme-alabei. Ez dago argi nola ezarriko duen neurri hori; izan ere, Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren bi herenek ados egon behar dute konstituzioa aldatzeko, eta Alderdi Errepublikanoak ez du hainbesteko babesik Kongresuan.
AEBen eta Mexikoren arteko muga ere arretagune izan du agintaldiaren lehen egunean. «Larrialdi nazionala» ezarri du, mugako migrazio fluxuak direla eta. Horri esker, han neurriak hartzeko erabil dezake aurrekontuetako dirua, AEBetako Kongresuaren baimenaren beharrik gabe. AEBetako hainbat hedabidek kaleratu dutenez, dekretu horren helburuetako bat da baliabide ekonomikoak izatea aurreneko agintaldian mugan egiten hasitako hesia eraikitzen jarraitzeko. Gainera, zenbait oztopo gehitu dizkie muga igaro nahi dutenei: kasurako, Remain in Mexico [Gelditu Mexikon] programa abiarazi du berriro. Beraz, AEBetan asilo eske sartu nahi dutenek Mexikon itxaron beharko dute AEBetako immigrazio epaile batek haien egoera aztertu arte.
Mexiko estuago hartzeko xedez, «atzerriko erakunde terrorista» izendatu ditu herrialde horretan droga trafikoan aritzen diren hainbat kartel.
Nazioarteko zenbait erakundetatik irten
Etxe Zurira heldu zen aurreneko aldian legez, 175 herrialdek 2016an sinatutako Parisko Hitzarmenetik irteteko dekretua sinatu zuen Trumpek atzo. Hitzarmen horren helburua da berotegi efektuko gas gutxiago isurtzea, industria iraultzaren aurreko batez besteko tenperatura baino 1,5 gradu gehiagoren langa ez igarotzeko. Espero izatekoa zen hitzarmen horretatik irtengo zela; harrabotsa, baina, beste erabaki batek eragin du. Izan ere, Trumpek OMEtik ateratzeko dekretu bat ere sinatu du. Horiek horrela, NBE Nazio Batuen Erakundeko organo horretatik ateratzeko prozesua gauzatuko dute AEBek datozen hamabi hilabeteetan. Beraz, 2026an OME finantzatzeari utziko diote. Kontuan hartzekoa da AEBak direla pisu handieneko herrialdea erakunde horren aurrekontuan.
Ingurumenaren defentsaren aurka egin
Parisko Hitzarmenetik irteteko dekretua ez da ingurumenarekin lotuta sinatu duen bakarra, ezta zeresanik handiena eman duena ere. «Energia larrialdia» ezarri izanak eragin du harrabots handiena, AEBen historian lehen aldiz ezarri baita. AEBetako hedabideek eta barne politikako adituek ez dute argi zer eragin dezakeen horrek, baina, dirudienez, aurrerantzean Trumpek ahalmena izango du ingurumena babesteko neurriak eteteko eta ustiapen proiektu gehiagori bide emateko. «Energia hornidura prekarioa, desegokia eta aldizkakoa dugu; ekintza azkarrak eta erabakigarriak egitea eskatzen du testuinguruak», dio dekretuan. Hala, Alaskan (AEB) petrolioa eta gasa ustiatzeko zulaketak baimentzea erabaki du presidenteak.
Gainera, justizia klimatikorako programak deuseztatu ditu. Horien helburua da klima larrialdiaren ondorioek herrialdeko komunitate pobreenetan izan dezaketen eragina arintzea.
Bestalde, eten egin du Bidenek auto elektrikoen salmentekin hartutako konpromisoa. AEBetako 46. presidenteak plan bat abiarazi zuen, 2030ean herrialdean salduko diren autoen erdiak elektrikoak izateko; Trumpek, Etxe Zurira heldu eta ordu gutxira, erabaki du helburu horri ez eustea.
Funtzionarioen lan baldintzak okertu
Trumpen kanpainan norbaitek zeresana eman bazuen, Trumpek berak ez ezik, Elon Muskek eman zuen; X sare sozialaren jabea da, eta, Forbes aldizkariaren arabera, munduko pertsonarik aberatsena. Trumpek lehendik esana zuen Muskek DOGE Gobernuaren Eraginkortasun Departamentua gidatuko zuela, eta hala berretsi zuen atzo, dekretu bidez. Departamentu horren helburua administrazioa argaltzea da, eta lan horri ekin zion atzo Etxe Zuriko maizterrak. Dirudienez, funtzionarioen lan baldintzen kontu izango dira aurreneko aurrezkiak. Hainbat dekretu sinatu ditu Trumpek horri lotuta; besteak beste, ez dituzte langile federal gehiago kontratatuko, ez badira «immigrazioaren kontrolarekin, segurtasun nazionalarekin edo segurtasun publikoarekin zerikusia duten postuak». Eta F zerrenda abian jarri du berriz; hau da, funtzionarioak kaleratzea errazagoa izango da hemendik aurrera.
Israelgo kolonoak barkatu
Palestinako gatazkak ere lekua izan du Trumpen aurreneko dekretuetan: kendu egin ditu Zisjordanian palestinarrei eraso egin izana leporatzen dieten Israelgo zenbait kolonori Bidenek ezarritako zigorrak. Iazko otsailean zigortu zituen AEBetako Gobernuak, herrialdean dituzten aktibo ekonomikoak blokeatu, eta AEBetako enpresei galarazi egin zien haiekin harremana izatea.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuaren adarrik muturrekoenak pozik hartu du albistea. Finantza ministro Bezalel Smotrichek sare sozialetan argitaratu duen mezu batean esan du zigor horiek «kalte» egiten zietela «demokraziaren oinarriei».
Genero aniztasuna ukatu
AEBetako kontserbadoreen jomugan dago woke deituriko ideologia ere. Eta Trumpek hasieratik adierazi horren aurka egingo duela, diskurtso aurrerakoiak baztertuz eta aniztasuna ukatuz. Atzo kargua hartzeko ekitaldian eman zuen hitzaldian aurreratu zuenez, «gobernuarentzat bi genero baino ez dira egongo: gizonezkoa eta emakumezkoa». Ideia hori dekretu bidez berretsi du. Ez da aniztasunari lotuta hartu duen erabaki bakarra: transek espetxeetan duten babesa kendu du.