Munduko hainbat lider izan dira gaur Vatikanoan Frantzisko aita santuaren hileta dela eta, eta, zeremoniaren atarian, bilera bat egin dute Donald Trump AEBetako presidenteak eta Volodimir Zelenski Ukrainakoak. Done Petri basilikan batzartu dira hamabost bat minutuz, eta, Etxe Zuriak kaleratutako ohar batean arabera, «eraikitzailea» izan da bilera. Zelenskik X sare sozialean idatzi du «positiboa» izan zela bilkura. «Esparru guztietan espero ditugu emaitzak. Gure herriaren bizitza babestea. Su eten iraunkor bat izatea, baldintzarik gabekoa. Bake iraunkor eta fidagarri bat, beste gerra bat piztea eragotziko duena». Bi buruzagiak otsailaren 28an bildu ziren azkenekoz, Washingtonen; orduko hartan, Trumpek jendaurrean gutxietsi zuen bere homologoa.
Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin, Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroarekin, eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruzagiarekin ere bildu da Zelenski, bakarka. Macronek X sare sozialean esan duenez, Trumpekin «bat» datoz Ukrainako gerra amaitzea dela helburua. «Orain Putin presidenteari [Vladimir, Errusiakoa] dagokio erakustea egiazki bakea nahi duela». Downing Streeteko 10. zenbakiko iturriek kaleratutako komunikatu baten arabera, «azken egunetako aurrerapauso positiboez» hitz egin dute Starmerrek eta Zelenskik. Von der Leyenek gogorarazi du Ukrainak «beti» alboan izango duela Brusela «bake iraunkor bat» lortze aldera.
Bitartean, Trumpek belarrietatik tira egin dio berriro Putini. Ostegunean, kritikatu egin zuen Errusiak Kieivi egindako erasoa —hamabi hildako eragin zituen—, eta, gaur, mehatxu egin dio zigor ekonomiko gehiago jarriko dizkiola. «Putinek ez zuen arrazoirik azken egunetan zibilei eraso egiteko. Iruditzen zait beharbada ez duela gerra amaitu nahi...», idatzi du Truth Social bere sare sozialean. Aita santuaren hiletaren ondoren zabaldu du mezua.
Bestalde, Errusiako Estatu Nagusiaren buru Valeri Gerasimovek adierazi du gaur Kursk eskualdea askatu dutela. Errusiako telebista publikoan esan du Ukrainako tropak kanporatu dituztela handik. Kievek partzialki okupatu zuen Errusiako eskualde mugakide hori iazko abuztuan. Ukrainako Estatu Nagusiak, baina, gezurtatu egin du Errusiakoak esandakoa.