Vladimir Putinek ez du azken hitza esan Kievek eta Washingtonek Ukrainarako onartutako 30 eguneko su etenaren inguruan. AEBen proposamena ontzat jo zuen Ukrainak joan den martxoaren 11n, eta, bi egun geroago, Errusiako presidenteak adierazi zuen baietz, alde dagoela, baina «ñabardurei» erreparatu behar zaiela. Donald Trump AEBetako presidenteak esan du bihar dela Putinekin hitz egitekoa, eta baikorra da. «Uste dut ados egongo dela», adierazi zuen atzo Full Measure programan egin zioten elkarrizketan. Kremlinek baieztatu du bi agintariak elkarrekin hitz egitekoak direla asteartean.
Ondoren, Floridatik Washingtonera bueltan Air Force One hegazkinean kazetariei esan zienez, bi herrialdeetako ordezkari diplomatikoak harremanetan egon ziren asteburuan, eta «zenbait aktibo banatzeaz» hitz egin zuten; bide batez, zehaztu zuen Putinekin mintzatuko dela «lurrez, zentral hidroelektrikoez». Horren harira, Steve Witkoff AEBen Ekialde Hurbilerako ordezkaria CNN telebista katean elkarrizketatu zuten atzo, eta azpimarratu zuen Putinek onartzen duela AEBen planteamenduaren «filosofia». Witkoff, hain zuzen, Kremlineko buruarekin bildu zen Moskun joan den astean. Horren harira, Mike Waltz Etxe Zuriaren Segurtasun Nazionalerako aholkulariak atzo adierazi zuen «makilaren eta azenarioaren estrategia» erabiltzen ari direla Ukrainarekin eta Errusiarekin, bi aldeak negoziatzera eser daitezen.
Wittkofen arabera, Putinekin egindako bileran irtenbideak jarri zituzten mahai gainean. Etxe Zuriko funtzionarioari galdetu zioten ea Errusiako presidenteak tregoa onartzeko baldintzetako batzuk ote ziren hauek: Mendebaldeak Errusiako eskualde gisa aitortzea Ukrainan okupatutako lurrak; Ukrainako tropek amore ematea eta Kursketik alde egitea; eta gatazka amaitzen bada Kieven aliatuek uko egitea Ukrainara tropak bidaltzeari. Ez zuen baieztatu, ordea. Horrekin lotuta, hain justu, larunbat gauean hainbat hedabideri emandako elkarrizketa batean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan zuen ez dagokiola Errusiari erabakitzea Ukrainan etorkizunean aliatuen tropak egongo diren ala ez.
Baina Mosku ari da errepikatzen ez dituela tropa horiek Ukrainan nahi. Aleksandr Gruxko Atzerri ministrordeak Errusiako Izvestia egunkarian azpimarratu zuenez, «segurtasun berme sendoak» nahi dituzte, eta, horrenbestez, Ukrainak, gatazka bukatzen bada, «neutrala» izan beharko luke. Hain justu, Putinek argudiatu izan du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hedatzeari aurre egiteko hasi zutela Ukrainaren inbasioa 2022ko otsailean. Errusiaren «segurtasunaren» izenean, Moskuk eskatzen du Mendebaldeko aliantza militarraren tropak, armak eta ekipamendua erretiratzea 1997an kide ez ziren herrialdeetatik; hau da, Hungariatik, Poloniatik, Errumaniatik, Txekiatik, Estoniatik, Lituaniatik eta Letoniatik, besteak beste.
Eta horri guztiari buruz ere hitz egiteko, EB Europako Batasuneko estatu kideetako Atzerri ministroak Bruselan bildu dira gaur. Bilera hasi aurretik, Kaja Kallas talde komunitarioko diplomaziaburuak zalantzan jarri du Errusiaren jarrera. «Erakusten ari da, egiazki, ez duela bakerik nahi». Hori ondorioztatu du, aintzat hartuta zer erantzun eman duen. «Baldintza gisa jarri ditu gerraren bidez lortu nahi dituen helburu guztiak».
Ukrainaren aldaketa
Atzo arratsaldean, Ukrainako Gobernuak iragarri zuen armadako Estatu Nagusiko burua kargugabetu duela, Anatoli Bargilevitx, eta Andrii Gnatovek ordezkatuko duela. «Eskatu diogu zuzendaritzaren eraginkortasuna handitu dezala», nabarmendu zuen Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ohar batean, eta gaineratu armadaren nagusi berria «borroka gizon bat» dela. Rustem Umerov Defentsa ministroak jakinarazi zuen armada «sistematikoki itxuraldatzen» ari direla.
Hain zuzen, Ukrainako indarrak Errusiako Kursk eskualdean lurrak galtzen ari diren honetan heldu da aldaketa —partzialki okupatu zuen iazko abuztuan—. Errusiako Defentsa Ministerioak sare sozialetan zabaldutako mezu batean esan duenez, Ukrainako tropak «txikitzen» jarraitzen dute han. Dena den, Kievek ez du guztiz amore eman. Izan ere, Moskuren esanetan, atzoko 18:30 eta gaurko 07:00 artean dozenaka drone jaurti zituen, nahiz eta Errusiak horietako gehienak (72) erorarazi zituen herrialdeko bederatzi eskualdetan; ia erdiak, hain justu, Kursken. Kieven esanetan, baina, erorarazi ez zituztenek Errusiako energia azpiegitura batzuk jo dituzte. Bestalde, Ukrainako armadak jakinarazi du Errusiaren 90 drone erorarazi dituela.
Kursken, hain zuzen, Ipar Koreako soldaduak aritu dira Errusiakoekin batera borrokan —10.000 inguru, Washingtonen eta Kieven arabera—. Ukrainak horietako bi atxilotu zituen, eta, Hego Koreako Yonhap berri agentziak Seulgo iturriak aipatuz gaur kaleratu duenez, Kiev eta Seul pentsatzen ari dira bi soldadu horiek Hego Koreara bidaltzea.