Bihar hasiko da ofizialki AEB Ameriketako Estatu Batuetako 47. presidentearen legegintzaldia. Donald Trumpek (New York, 1946) kargua hartuko du Washingtonen, eta haren bigarren presidentetza hasiko da. Izan ere, 2017tik 2021era jada presidentea izan zen. Aurreneko legegintzaldi horretan ez zituen aurrera eraman hitzemandako politika asko: auzitegiek ebatzi zuten zenbait neurri legez kontrakoak zirela, eta Trump hainbatetan burokraziaz kexatu zen, neurriak aurrera eramatea zailtzen baitzion.
Oraingo honetan, baina, gauzak ezberdinak izango direla iritzi dio David Cay Johnston RIT Rochester Institute of Technology unibertsitateko irakasleak. Johnstonek Pulitzer saria irabazi zuen 2001ean, The New York Times egunkarian lan egiten zuenean, eta Trumpen inguruko hainbat liburu argitaratu ditu azken urteetan. Haren ustez, Trumpek «ondo prestaturiko lantaldea» izango du inguruan oraingoan.
Datozen lau urteei begira, presidente hautatuak zin egin du neurri andana ezarriko duela AEBetako barne politikari dagokionez. Alex Vitale Brooklyn Collegeko irakasle eta unibertsitate horretako Justizia Sozialeko proiektuko arduradunak, ordea, nabarmendu du horietako asko ezingo dituela bete. Haren politikak aurreikustea zaila dela azpimarratu du: «Gauza bakarra daukat argi: ustelkeria handia egongo dela».
Immigrazioa
AEBetako presidente hautatuaren diskurtsoek migratzaileak dituzte jomugan bereziki. Duela zortzi urte, kargua hartu zuenean, immigrazioaren aurkako politikekin hasi zen, familiak banatzeraino. Hainbat auzitegik ebatzi zuten hori legez kontrakoa zela, baina horrek ez zuen Trumpen diskurtsoa apaldu, eta bigarren presidentetzan harago joan nahi duela ohartarazi du: «Inoizko deportaziorik handiena egingo dut». Hori nola egingo duen, baina, ez du zehaztu.
Vitaleren eta Johnstonen ustez, deserriratzeek gora egingo dute, baina ez dira benetan esanguratsuak izango datuei erreparatuz gero. Izan ere, Vitalek azaldu duenez, Bidenen legegintzaldian paperik gabeko migratzaileak AEBetatik kanporatzeko burokrazia «garai gorenean» zegoen jada, eta inoiz migratzaile gehien kanporatu dituen gobernua izan zen: 2024an 271.484 migratzaile deportatu zituen.
Hori dela eta, Johnstonek iragarri du «show» hutsa izango direla Trumpen gobernuak egingo dituen operazioak. «11 milioi migratzaile kanporatu nahi dituela esan du. Horretarako armadaren laguntza beharko du, eta, armadari jendea atxilotzeko agindua emanez gero, arazo judizialak izan ditzake. Legearen aurkakoa da neurri hori, baina Trumpekin zaila da iragartzen...», gaineratu du RITko irakasleak.
Bi adituek nabarmendu dutenez, gainera, AEBetako hegoaldean «nahitaezko rola» jokatzen dute paperik gabeko migratzaileek, eta, kanporatuz gero, baliteke Trumpen alde egin izan dutenak haren aurka agertzea. Nekazaritza sistema izango litzateke kaltetuena, Johnstonen iritziz: «Kolapsatzeraino».
Hala ere, diputatu eta senatari errepublikanoak hasiak dira deportazioak errazteko bidea urratzen. Laker Riley izeneko legea onartzekoak dira datozen egunetan, ezustekorik ezean. Ordezkarien Ganberak eta Senatuak jada onartu dute lege proposamena; hortaz, azken debatea baino ez da falta. Indarrean sartzen bada, paperik gabeko migratzaileren bati larritzat jotzen ez den krimenen bat leporatuz gero —lapurreta, esaterako— , herrialdetik kanporatuko dute. Hau da, ez da beharrezkoa izango epaile batek erruduntzat jotzea; delitua leporatzearekin nahikoa izango da norbait AEBetatik bota ahal izateko.
Osasun sistema
AEBetako osasun sisteman ere aldaketak egingo dituela iragarri zuen Trumpek kanpainan, eta Robert F. Kennedy Jr. izendatu du Osasun Departamentuko buru. Horrek kezkak sortu ditu herritarren artean, izan demokrata, izan errepublikano. Izan ere, Kennedyk txertoen aurkako jarrera agertu izan du, eta Trumpek jakinarazi du askatasun osoa emango diola. «Osasun sistema hankaz gora jarriko dugu», adierazi izan du presidente hautatuak.
Aldaketak zeintzuk izango diren argi ez dagoen arren, ezustekorik ezean Obamacare programaren aurka egingo du, aurreneko legegintzaldian bezala. Johnstonek aurreikusten duenez, ordea, bigarren honetan ere ez du lortuko eraistea Barack Obama AEBetako presidente ohiak (2009-2017) herritar orok osasun sistemarako eskubidea izateko abiatutako plana. «Ez dute ezer aurreikusi Obamacare kendu eta gerorako», ohartarazi du.
Egungo sistema beharrezkoa dute gune errepublikanoetako herritar askok, eta, hortaz, RITko irakasleak uste du Ordezkarien Ganberan atzera botako dutela Trumpen edozein saiakera hori kentzeko. Hala ere, pobreentzako osasun programa federalak —Medicaid du izena, eta Bidenek onartu zuen— murrizketak izango ditu aurrekontuetan, Johnstonen aburuz.
Administrazioa
Teknologia enpresa handiek presentzia nabaria izango dute Trumpen gobernuan. Izan ere, X sare sozialeko jabe Elon Musk departamentu bateko buru izango dela iragarri du presidente hautatuak. DOGE Gobernuaren Eraginkortasun Departamentua izango da Muskena, eta kanpainan zin egin zuen hiru bilioi dolar —2,9 bilioi euro— aurrezteko adina neurri hartuko dituela. Azken egunetan, baina, ohartarazi du zaila izango dela kopuru horretara gerturatzea.
Vitalek gogorarazi du Trumpen aurretik beste hamaika presidentek ere burokrazia amaituko zutela hitzeman zietela herritarrei kanpainan, «eta, azkenean, hura arindu beharrean, handitu egin zuten».
«Gutxiengoen, dibertsitatearen eta ekitatearen aurka egiteko erabiliko dute Musken departamentua»
DAVID CAY JOHNSTONRITko irakaslea
Johnstonek gogor egin du departamentu berri horren aurka: «Ez dago horrelako departamenturik, broma hutsa da. Txantxa politiko zoro eta kaltegarri bat da». Pulitzer saridunaren aburuz, errepublikanoek gogoko ez dituzten programen aurka egiteko erabiliko dute DOGE saila: «Gutxiengoen, dibertsitatearen eta ekitatearen aurka egiteko erabiliko dute Musken departamentua».
Hezkuntza
Azken urteetan zeresana eman du AEBetako kontserbadore multzo batek eskoletako liburutegietan aurrera eramandako ekintzak: zenbait liburu galarazteko eskatu dute. Liburu horiek, orokorrean, LGTBI komunitatearen ingurukoak dira, eta haurren aurka egiten dutela argudiatuta kendu dituzte eskola batzuetako apalategietatik. Trumpek kanpainan esan zuen «ideologia ezabatuko» duela hezkuntzatik. Etxe Zuriak, baina, gutxi du esateko klase barruan egiten denaren inguruan, estatuek baitute hezkuntzaren eskumena.
«Trumpen saiakerak sinbolikoak izango dira, besterik ez», esan du Vitalek, eta kontserbadoreen kexak gaitzetsi ditu: «Eskoletan transen eskubideen inguruan ez hitz egiteko eskatzen dute, baina hori ez dago curriculumaren barruan. Haiek asmatutako krisi bat da». Gauzak horrela, Trumpen nahiek ez dute zertan aurrera egin Alderdi Demokratak gobernatzen duen estatuetan.
Brooklyn Collegeko irakasleak azpimarratu duenez, Alderdi Errepublikanoaren gobernuak hezkuntzako «desberdintasunak handitu» baino ez du egingo: «Gobernu federalak historikoki diruz lagundu ditu gune txiroenetako eskolak, eta baliteke Trumpekin hori amaitzea». Gainera, errepublikanoak diren zenbait estatu —Texas eta Tennessee, besteak beste— neurriak hartzen hasi dira eskola pribatuetako ikasleei bekak emateko.
Estatuekiko harremana
Hezkuntza, baina, ez da Trumpen gobernu federalak estatuekin izango duen ika-mika bakarra. Izan ere, AEBak herrialde federal bat dira, eta, beraz, estatuek autonomia maila handia dute. Horregatik, eta estatu bakoitzak bere interes propioak dituenez, Trumpek Washingtondik babestuko dituen ideien aurkako politikak agertuko direla uste du Vitalek; ingurumenari edo etxebizitzari dagozkien politikak, esaterako.
Presidenteak horren aurka egiteko tresna bat izan dezakeela ohartarazi du Brooklyn Collegeko irakasleak: «Ziurrenik auzitara joko du politika aurrerakoien aurka egiteko. Kontuan hartuta Trumpek zenbateko eragina duen sistema judizialean, garaipen batzuk lortuko dituela aurreikus daiteke».
Estatu eta hiri demokratek Trumpen politiken aurka egitea aurreikusten zen hark iazko azaroaren 5ean hauteskundeak irabazi zituenean; azken egunetan, baina, errepublikanoaren aurkako ustezko erresistentzia gero eta arinago agertu da: New Yorkeko alkate Eric Adamsek adierazi du «indarkeriazko krimenak» egin dituztenak deportatzen lagunduko duela. Hori dela eta, Trumpen aurkako erresistentziak indargune bakarra izango du, ezustekorik ezean: Kalifornia.
«Ziurrenik auzitara joko du politika aurrerakoien aurka egiteko. Kontuan hartuta Trumpek zenbateko eragina duen sistema judizialean, garaipen batzuk lortuko dituela aurreikusi daiteke»
ALEX VITALEBrooklyn College unibertsitateko irakaslea
Gavin Newsom Kaliforniako gobernadoreak (demokrata) behin baino gehiagotan esan du «Trumpen aurkako estatu bat» izango dela berea. Are gehiago, ezohiko bilerak antolatu ditu datozen egunetarako, estatuko aurrekontuetan aldaketa bat egiteko: Trumpen administrazioaren aurka salaketak jartzeko 25 milioi dolar —24,2 milioi euro— mugiarazi nahi ditu. Kalifornia aurka izatea ez da ezusteko bat; izan ere, Trumpen aurreneko legegintzaldian ehun salaketa baino gehiago jarri zizkion estatu horrek gobernu federalari.
Kontuan hartzekoa da Kaliforniako herritarren %23 immigranteak direla; hau da, 10,4 milioi lagun inguru. Eta horietako %18 papergabeak dira; hau da, Trumpen politikei begira zaurgarri izan daitezkeenak.
Alderdi Errepublikanoaren barneko gatazkak
Trumpen aurka ager daitezkeen estatu horietako zenbaitetan Alderdi Errepublikanoa dago gobernuan, baina presidentetzarako hautagaitzarako iazko lehiak argi utzi zuen New Yorkeko enpresaburuak duela lidergoa alderdi barruan. Vitalek azaldu duenez, haren agintea zalantzan jartzen duenik ia ez dagoen arren, Alderdi Errepublikanoan agerikoa da barne zatiketa.
Alde batetik, paleokontserbadoreak daude; hau da, historikoki elite kontserbadoreko kide izandakoak, atzerrian esku hartze militarrak egitearen alde daudenak, eta Wall Streeten interesen alde aritzen direnak, esaterako. Bestetik, eskuin mutur populista dago. Trump da ildo horren irudia. Kontserbadoreek tradizionalki merkataritza librearen alde egin dute; Trumpen eskuin muturra, ordea, bakartzearen eta muga zergen alde dago.
Litekeena da alderdiaren barneko zatiketa horren ondorioz zailagoa izatea Trumpek agindutako hainbat politika aurrera eramatea. Izan ere, errepublikanoek Ordezkarien Ganberan eta Senatuan gehiengoa duten arren, aldea txikia da. Ordezkarien Ganberan, adibidez, Alderdi Errepublikanoko bi ordezkarik lege proposamen baten aurka bozkatuz gero, bertan behera geldituko litzateke. Hori dela eta, Johnstonek iragarpen bat egin du: 2026ko Ordezkarien Ganberarako hauteskundeetan bere aurka egon daitezkeen ordezkariak kendu, eta bere ildoko beste batzuekin ordezkatuko ditu.
Vitalek ez du argi Trumpek duen babesa apalduko ote den ezintasun horren ondorioz: «Trumpek, aurreneko agintaldian, ez zituen aurrera eraman hitzemandako hainbat neurri, eta herritarrek balorazio ona egin zioten kargua utzi zuenean. Dirudienez, jendeak politika sinbolikoak nahi ditu, eta besteei ez die garrantzi handirik ematen, herrialdearentzat garrantzitsuagoak izan daitezkeen arren». Gauzak horrela, Johnstonen iritziz, Trumpek oinarrien eta alderdi barrukoen babesari eutsiko dio baldin eta krisi ekonomikorik ez badago.