Kanada. Herri indigenak

Trudeauk ez du argitu andre indigenen aurkako hilketak genozidiotzat joko dituen

«Ekintza nazionalerako plan bat» egingo dutela besterik ez du esan Kanadako lehen ministroak. Ikerketa egin duen batzordeak dio estatua «konplize» izan dela

Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
ander perez zala
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Erreferentziarik ez «arrazan oinarrituriko genozidio» salaketari. Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak atzo ez zuen argitu, komunitate indigenen ordezkariak aurrean zituela, emakume autoktonoen aurkako indarkeria genozidiotzat joko duen. Hori bai, gobernuaren izenean aitortu zuen «huts egin» zietela, eta gaurtik aurrera ez dutela «halakorik» egingo: «Ekintza nazionalerako plan bat osatuko dugu emakume, neska eta2SLGBTQQIA [bi espirituko, lesbiana, gay, bisexual, transgenero, queer, zalantzadun edo zehaztugabe, intersex eta asexual] indigenen aurkako indarkeria amaitzeko».

Hildako eta Desagertutako Emakume eta Neska Indigenei buruzko Ikerketa Nazionalak bi urte eta erdi egin ditu gobernuak agindutako ikerketa batekin, eta atzo jakinarazi zituen ondorioak, nahiz eta iragan ostiralean CBC News telebista kateak horren edukia eskuratu eta filtratu zuen. Batzordeak ez du indigenen aurkako indarkeria orokorra ikertu; emakumeek pairatu duten indarkeriarik muturrekoena aztertzeko sortu zuten, baina atera duen ondorioa argia da: «Arrazan oinarrituriko genozidio bat» izan da.

Hiru ordu iraun zuen zeremonian, herri indigenen ordezkariek justizia eskariak ugaritu zituzten, Trudeau bera aurrean zutela, lehen lerroan eserita. Hark jaso zuen, hamahiru indigena gazteren eskuetatik, gobernuaren batzordearen ondorioak biltzen dituen txostena; 1.192 orrialde ditu.

Lantaldearen arabera, emakume edo neska indigena batek hamabi bider arrisku handiagoa zuen hiltzeko beste edozein emakumek baino —1980-2012 aldia ikertu du—. eta «genozidioaren» erantzukizuna estatuari egotzi dio, «kolonialismoan eta ideologia kolonialetan oinarrituta dauden ekintzengatik eta ekintzarik ezarengatik». Hau da, estatua «konplize» izan dela. Mario Buller batzordearen buruzagiak laburbildu zuen ideia nagusia: «Kolonialismo honek, diskriminazio honek eta genozidio honek azaltzen dute indarkeria maila handia».

Txostenean, indarkeria horren adibide gisa aipatu dituzte ikasle indigenentzako egoitzak, adopzio behartuak, antzutze behartuak eta estatuko zerbitzuek adingabeei emandako tratua. «Emakume eta neska indigenen aurkako indarkeriak eta giza hilketak joera horren parte izan dira, eta gobernuak hori gelditzeko lan egin behar du berehala, herri indigenekin batera».

Denera, lantaldeak 230 gomendio egin dizkio gobernuari; tartean, hizkuntza indigenei ingelesaren eta frantsesaren estatusa onartzea. Eskari horiek ikusita, Kanadako lehen ministroak jakinarazi zuen txostena «sakon» aztertuko dutela, eta indigenekin lan egingo dutela «hurrengo pausoak zeintzuk izango diren» zehazteko: «Gure gobernuak justizia eskariei erantzungo die neurri zehatz eta koherenteak hartuz, herri autoktonoen gidaritzan». Duela bi urte, Trudeauk barkamena eskatu zien gertakari horiengatik.

Bost gertakariren aitortza

Egun, Kanadako Gobernuak honako gertakari hauek hartzen ditu genozidiotzat: Armeniako Genozidioa (1915); Ukrainako Gosetea eta Genozidioa (1932-1933); Holokaustoa (1933-1945); Ruandako Genozidioa (1994); eta Bosniakoa (1995).

Ez du, beraz, gizatalde baten suntsiketa sistematikotzat jotzen haren kontrolpean dauden lurretako indigenen aurkako indarkeria; batzordeak, baina, adierazi du genozidioa autoktonoen aurkakoa izan dela, eta «beste txosten bat» prestatzen ari dela «Kanadako indigenen aurkako genozidioaz, genozidioaren legezko definizioan oinarrituta».

Ez du aurreratu, ordea, noiz egingo duen publiko dokumentu hori, ezta zer eduki izango duen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.