BIM soziologia institutuko ikertzailea

Daniel Kubiak: «Tristea da alderdien irtenbidea izatea errefuxiatuak gutxitzea, eta ez azpiegiturak handitzea»

Kubiakek deitoratu egin du immigrazioa izatea kanpainaren ardatz nagusia. Adierazpenak adierazpen, ez du uste immigrazio politika asko gogortuko denik, «dagoeneko nahiko zorrotza» baita.

Daniel Kubiak. IKER ARANBURU
Daniel Kubiak. IKER ARANBURU
Iker Aranburu.
Berlin
2025eko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Berlingo erdialdean, Justizia Ministerioaren pareko eraikin batean du egoitza BIM Berlingo Integrazio Enpirikorako eta Migrazioen Azterketarako Institutuak, eta han aritzen da Daniek Kubiak (Berlin, 1982). Immigrazio politika eta Alemania ekialdeko herritarren nortasuna aztertu ditu batez ere.

Badirudi, emaitza edozein izanda ere, immigrazio politika gogortuko duela hurrengo gobernuak. Zer espero duzu zuk?

Ez dut uste askoz zorrotzagoa izango denik, dagoeneko hala da eta.  2024ko udan, hiruko gobernuak muga kontrol gehiago jarri zituen, eta kanporatzeko arrazoiak zabaldu. Oraingo kanpainan ikusten dugu CDUk, SPDk eta Berdeek esaten dutela migrazioa mugatu behar dela, eta jende bat beren herrialdera bidali. Ñabardurak baizik ez daude haien artean. Interesgarria da CDUk esaten duela epe motzean neurri nazionalistagoak behar ditugula, Europako Batasun osoan sistema zorrotzagoa indarrean jarri arte [2026an].

Kanpainaren gai nagusia migrazioa izan da...

Inkestei begiratzen badiegu, jendearen interesekoa Gizarte Segurantza da, alokairua, zaintza, ekonomia, alokairua... Asiloa ere agertzen da, baina ez da gauza bera hori eta immigrazioa. Errefuxiatuak parte bat bakarrik dira; jendea batera eta bestera doa, familiarengatik edo lanarengatik. Alemanian ere garai batean gehiago joaten ziren etorri baino, eta demografikoki gain behera zegoen. Horregatik, gogorra da ikustea kanpainan immigrazioa dela gai nagusia. Bazegoen garai bat alderdiek esaten zutena gai hori kanpoan utzi behar zela, oso konplexua delako.

«Hainbat hamarkadatan azpiegiturak eguneratu ez dituen herrialde batean bizi gara: ez ditu etxebizitza berriak eraiki, ez ditu trenbideak berritu... eta orain migrazioarekin lotzen dira arazo guztiak»

Orain, segurtasuna eta migrazioa lotuta azaltzen dira; etxebizitza eta migrazioa... Hainbat hamarkadatan azpiegiturak eguneratu ez dituen herrialde batean bizi gara: ez ditu etxebizitza berriak eraiki, ez ditu trenbideak berritu... eta orain migrazioarekin lotzen dira arazo guztiak.

Gainera, ekonomista guztiek diote milaka migratzaile behar ditugula lanpostuak betetzeko. Baina horri buruz ez da hitz egiten, soilik errefuxiatuei buruz. Paperik ez dutenak zati txiki-txikia dira, baina badirudi arazo nagusia direla.

AfDri botoak kentzeko egiten dute, ala benetan uste dute arazo bat dagoela?

Biak direla uste dut. Politiko batzuek onartzen dute estrategia dela. Friedrich Merzek berak esan du: «Zerbait egin behar dugu; bestela, AfD hazi besterik ez da egingo». Edonola, azterketek diote eskuin muturraren aurka egiteko ez duela balio eskuin muturreko neurriak hartzeak. Migrazioa kanpainaren ardatzean jartzen baduzu, eskuin muturra sendotu egingo duzu.

Baina egia da, aldi berean, jendeari galdetuz gero errefuxiatu gehiegi ote dauden, gehiengoak dioela baietz. Asko aipatzen da udalek esan dutela errefuxiatuei aurre egiteko gaitasunik ez daukatela, baina %45 dira; besteek esaten dute moldatzen direla. Zer egin nahi duzun da gakoa? Jendea gutxitu, ala irakasleak ugaritu? Tristea da alderdi guztien irtenbidea izatea errefuxiatuen kopurua gutxitzea, eta ez azpiegiturak handitzea.

Migrazio kontuetan, alderik bada ekialdearen eta mendebaldearen artean?

Bai. Mendebalderako emigrazioa 1950-1960an hasi zen, langile gonbidatuekin. Alemaniako Errepublika Demokratikoan ere bazeuden kontratupeko langileak deitutakoak, 1960an iritsitakoak Vietnamdik, Aljeriatik, Kubatik... Baina gizartearen %1 baizik ez ziren izan, eta mendebaldean, berriz, %10. Beste diferentzia da ekialdera etorritakoek alde egin behar zutela behin kontratua bukatzen zenean. Ez zegoen gizartean integratzeko asmorik; blokeetan bizi ziren, eta kontaktu gutxi zuten alemaniarrekin. Hortaz, eten egin zen immigrazioarekiko harremana, mendebaldean ez bezala.

Horregatik, 2015ean siriarrak eta 2022an ukrainarrak iritsi zirenean, mendebaldean ongi txertatu ziren, hara joan izan direlako lanera etorritako migranteak ere. Ekialdean, berriz, errefuxiatuak dira gehienak. Mendebaldeak berandu onartu zuen immigrazio lurraldea zela, eta ekialdeak oraindik ez du onartu. Ultraeskuineko alderdiei botoa ematen dietenek esaten dute ez dutela nahi mendebaldea bezalakoak izan, baina Leipzigen, Dresden eta Magdeburgen %20-25ek dute atzerriko jatorria. Hogei urte barru, mendebaldeko hirietako egoera bera izango da: jatorri desberdineko jendea biltzen den lekuak izango dira haiek ere.

Milioi bat siriar iritsi ziren 2015ean Alemaniara. Nola txertatu dira Alemaniako gizartean?

Hezkuntzan daude, hizkuntza ikasi dute... Siriako gizonek alemaniar petoek baino enplegu tasa handiagoa daukate. Emakumeek, ez hainbeste, eta agian arrazoi kulturalak daude horretarako, baina, biena batzen baduzu, 1990eko hamarkadan Alemania osoak zeukanaren oso antzekoa da. Hortaz, denbora kontua izan daiteke. Eta sektore batzuetan siriar asko daude, bereziki osasunean.

«Siriar asko alemaniarrak dira ofizialki. Sei eta zortzi urte artean biziz gero eska daiteke herritartasuna, eta gehienek hamar urte daramatzate»

Integrazio sozialari dagokionez, hau da, harreman ona ote daukaten bizilagunekin, elkarteetan ari diren, futbol taldeetan...Tira, ni neu ez nago erabat integratuta; futbola maite dut, baina ez zait gustatzen Alemaniako pop musika edo nire jardintxoa izatea.

Errefuxiatuak beren sorterrira itzuliko ote dira?

Ukrainar gehienek diote baietz, gerra bukatzen denean itzuliko direla. Sirian egoera aldatu egin da, eta batzuek esaten dute itzuli egingo direla bere herria berreraikitzeko. Beste askok zera diote: «Gure seme-alabek hamar urte egin dituzte hemen eskolan, eta ezin gara itzuli. Bihotzak dio agian itzuli beharko genukeela, baina geure egitura guztiak hemen daude». Horrek erakusten du integrazioa badagoela. Duela hamar urte etorri ziren, oso egoera gogorretan, traumatizatuta. Pentsa, nire adiskide siriar batek esan zidan ez zela gurekin igeri egitera joango, Mediterraneoa zeharkatu zuenean nahikoa ur ikusi zuelako.

Bultzatuko dituzte? CDUko buruek esan dute badutela garaia Siriara itzultzeko.

Legez, ezin dituzte joatera behartu. CDUko batzuek esan dute dirua emango dietela itzuli nahi dutenei, eta hori agian ez da ideia txarra, horretan pentsatzen ari direnentzat laguntza bat ba eta.

Baina errefuxiatu izaera kendu al diete, argudiatuz Siria herrialde segurua dela?

Hori gerta daiteke. Baina kontuan izan behar duzu siriar asko jada ez direla errefuxiatu. Lana dutenez, edo hezkuntza sisteman daudenez, Alemanian bizitzeko baimena daukate. Gainera, asko alemaniarrak dira ofizialki. Sei eta zortzi urte artean biziz gero eska daiteke herritartasuna, eta gehienek hamar urte daramatzate.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.