Triangelua itxi nahi dute

AEBek elkarrizketak hasiko dituzte Guatemala, Honduras eta El Salvadorrekin migratzaileei igarotzen utz ez diezaieten. Egunero 500 adingabetik gora heltzen dira AEBen eta Mexikoren arteko mugara

Hainbat pertsona AEBetatik Mexikora igarotzen Ciudad Juarezen, kanporatuak izan ostean. LUIS TORRES / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Iparraldeko triangelua deritzo Guatemala, Honduras eta El Salvadorrek osatzen duten eremuari. Jatorriz, hangoak dira egunAEBen eta Mexikoren arteko mugan pilatzen diren milaka iheslarietako gehienak. Etxe Zuriak egoiliarra aldatu zuenetik, nabarmen handitu da AEBetan sartzen ahalegintzen direnen kopurua. Egoera horren aurrean, Joe Biden presidenteak Kamala Harris presidenteordearen esku utzi zuen herenegun krisiaren kudeaketa, eta hark aurreratu zuen elkarrizketak hasiko dituztela triangelua osatzen duten hiru estatuekin, haiek ahalegin handiagoa egin dezaten iparralderako migrazioa eteteko. Horren truke, Washingtonek laguntza ekonomikoa emango lieke —hori bera egin du Mexikorekin, zeinari 4.000 milioi dolar emateko prest legokeen Biden—.

Washingtoni arazoak gailentzen ari zaizkio hegoaldeko mugan. Gero eta gehiago dira han pilatzen ari direnak herrialdera sartzeko itxaropenarekin, eta horien artean asko dira 18 urtetik beherakoak. Hala, ohiko zentro itxiak beteta, Pentagonoak onartu du bere instalazioak baliatzea migratzaileak aterpetzeko.

Mugako Patruilak zabaldu duenez, egunero 500dik gora adingabe heltzen dira, bakarrik, eta dagoeneko 21.000tik gora dira AEBek aterpetu dituztenak. Horiek hala, AEBek dagoeneko sei behin-behineko gune jarri dituzte mugako estatuetan; azkena Kalifornian zabaldu dute.

Mexikon, egoera ez da askoz hobea. Herenegun, 300 bat lagunek manifestazio bat egin zuten Chiapas estatuko hiriburuan, Tuxtla Gutierrezen, INM Migrazioetarako Institutu Nazionalaren aurrean. Osasun arretarik eta edateko urik ez dutela salatu zuten, baita instalazioen egoera txarra zela eta koronabirus kasuak agertzen hasiak direla ere. Baina, batez ere, migratzaileak euren sorterrira ez itzularaztea galdegin zieten agintariei. INMren azken datuen arabera, urte hasieratik31.492 migratzaile atzeman dituzte, iazko epe berean baino %18 gehiago.

Giza eskubideak ezbaian

Washingtongo eta Mexikoko gobernuetako ordezkaritza bana bildu ziren herenegun migratzaileen krisiaz hitz egiteko, eta adostu zuten neurrietako bat izan zen Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak hegoaldeko herrialdeekiko mugako segurtasuna handituko zuela. Erabakia, ordea, gogor kritikatu dute giza eskubideen aldeko erakundeek. Horietako hainbatek salatu dute neurriok asiloa eskatzeko eskubidea ukatzen dietela indarkeriatik iheso doazen familia eta adingabeei: «Aurreikusi zitekeen COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren eta indarkeria egoeraren ondorioz, milaka izango zirela babes bila iparraldera joko zuten herritarrak, eta, hala ere, ikusi dugu estatuek ez dituztela beharrezko baldintzak sortu haien segurtasuna bermatzeko».

Besteak beste, Mexiko Hego-ekialdeko Giza Eskubideen Behaketarako Taldeak eta Migratzaileen Atxiloketa eta Torturaren aurkako Taldeak sinatzen duten komunikatuak nabarmentzen du AEBek asilo estrategia hobetu eta herritarrak migratzera behartzen dituzten arazoak amaitzeko bidean «urratsak» egin dituzten arren, Etxe Zuriak ez duela oraindik argitu eskualdeko erakunde zibilekin hitz egiteko asmoa ote duen. «Hondurasek, Guatemalak, El Salvadorrek eta Mexikok segurtasun nazionaleko auzi gisa jorratzen dute oraindk migrazioarena. Ez dituzte erraztu nazioarteko babesa lortzeko prozedura eta legezko migraziorako bideak. Ihes egiteko asmotan direnak, berriz, geldiarazi nahi dituzte deportatuak izango direla ohartarazita, eta isunekin edota kartzela zigorrekin beldurtuta».

Koronabirusaren pandemia mugari itxita eusteko «aitzakia» gisa erabiltzea ere egozten die bi aldeei, argudiatuz AEBetako hegoaldeko estatuetan kutsatze maila oso baxua dela, eta gainera ezin lotu litekeela kasuen gorakada migratzaileekin, AEBetan sartzen direnetatik gehienak hegazkinez doazelako, eta horiei ez zaielako oztoporik jartzen erakundeon datuen arabera, urtarrilean 559.000 lagun sartu ziren hegazkinez AEBetan Mexikotik, eta soilik 122.400 oinez—.

Horiek hala, erakundeek hainbat eskari aurkeztu dizkiote Mexikoko Gobernuari: berma dezala migratzeko eta asiloa eskatzeko eskubidea herriadera sartzeko gune nagusietan; ken ditzala mugako oztopo eta segurtasun neurri bereziak, langileen joan-etorria eta merkataritza harremanak zailtzen dituztenak; errespeta dezatela adingabeak eta haien familiak atxilotzea debekatzen duen araudia, eta jar ditzatela haien eskubideak bermatzeko beharrezko baliabideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.