Alemania. Merkelen ondorengotza

Trantsizioa edo haustura

Angela Merkelek CDU alderdiaren buruzagitza utziko du gaur, hemezortzi urteren ondoren. Kramp-Karrenbauer da Merkelen ordezko izateko faboritoa, kantzilerraren hautagairik gogokoena

Langileak CDUren gaurko kongresurako oholtza atontzen, atzo, Hanburgon. CLEMENS BILAN / EFE.
mikel rodriguez
2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
EB Europako Batasuneko potentzia ekonomiko nagusian agintzen duen alderdiak lider berria aukeratuko du gaur. Ez da kargu aldaketa soil bat izanen, aro baten bukaera ezarriko baitu, edo bukaeraren hasiera bederen. Alemania osoari eraginen dion aldaketa bat izanen da; hortaz, baita EB osoari ere. Angela Merkelek gaur utziko du CDU Batasun Kristau-Demokrataren buruzagitza, hemezortzi urteren ondoren. Herrialdeko gobernuaren buruzagitzari eutsi nahi dio, ordea, eta epe motzean bederen, gaurko emaitzak erabakiko du hori egin ahalko ote duen: Annegret Kramp-Karrenbauer CDUko idazkari nagusia aukeratzen badute alderdiko buruzagi, litekeena da Merkelek burutan duen trantsizio lasai hori gauzatu ahal izatea. Bertze bi hautagaiak gailenduko balira, ordea, urak zeharo nahasi litezke Alemaniako kristau-demokraten artean. Eta, hortaz, bai Alemanian, baita EBn ere.

CDUk gaur eta bihar eginen du alderdiko buruzagia aukeratzeko konferentzia, iparraldeko Hanburgo hirian, Merkelen jaioterrian. Bozketa gaur eginen dute, eta 1.001 delegaturen eskutan egonen da erabakia. Horietako gehienak ez dira alderdiko militante soilak, erakundeetan karguak dituzten kideak dira: alkateak, diputatuak, eskualdeetako presidenteak... Bederatzi hautagairen artean aukeratu beharko dute, baina ezuste izugarririk ezean, hiru dira buruzagitza eskuratzeko aukera errealak dituztenak, eta hiru horien artean ere aukerak mailakatuta daude.

Faboritoa Kramp-Karrenbauer da. ARD telebista kate publikoak duela egun batzuk argitaratu zuen inkesta baten arabera, CDUko jarraitzaileen %48k nahi dute hura izatea Merkelen ondorengoa —bigarren hautagaiaren alde erantzun zutenen kopurua baino hamahiru puntu gehiago—. Kramp-Karrenbauerrek lehiara aurkeztu duen aktibo handiena da Merkelen gogokoa izatea—nahiz eta kantzilerrak kanpainan ez duen hautagai bakar baten alde egin jendaurrean—, eta CDUren idazkari nagusi postutik lortu duen eragina. Kramp-Karrenbauerren aldeko botoa Merkelen ildoaren aldeko botoa izanen dela interpretatu dute Alemanian; izan ere, Merkelek berak aukeratu zuen Kramp-Karrenbauer idazkari nagusi joan den otsailean. Alderdian aldaketa bat egiteko nahia nagusituko balitz, ordea, Kramp-Karrenbauerrentzat zama handia izanen da Merkelen gogokoa izatea.

Izan ere, 2005ean kantziler aukeratu zutenetik, Merkelen lidergoak ez zuen inolako estutasunik jasan 2015eko uda arte. Siriako gerrak eragindako errefuxiatuen krisia piztu zen orduan, eta kantzilerrak kritika handiak jaso zituen, CDUko kide batzuen ustez jarrera malguegia hartu zuelako errefuxiatuekin. Kramp-Karrenbauerrek Merkelen erabakiak defendatu ditu, baina alderdiko sektore gogorrenak ere baretu nahi izan ditu, erranez delituren bat eginen duten errefuxiatuak Alemaniatik bidaliko dituela, eta ezinen direla «inoiz» itzuli.

Merkelek hiru urtez lortu du sektore kritikoari eustea, hamarkada oso batez aginte sendo bat eratzeak eman dion botere handiari esker. Baina botere hori anitz higatu da azken hilabeteotan, eta alderdiko arerioek aukera ikusi dute CDUren lema hartzeko. Fiedrich Merz da haien hautagai nagusia.

Schaeubleren itzala

Merkelen etsai deklaratua da Merz, eta iraganeko kontuak garbitzeko gogoz sartu da lehian. CDUren talde parlamentarioko burua izan zen Merz 2000 eta 2002 artean, baina Merkelek kargutik kendu eta haren tokia hartu zuen, alderdian erabateko boterea bermatuz horrela. Merzek politika utzi zuen, nahiz eta CDUko militante gisa jarraitu. Gogor kritikatu du Merkelen migrazio politika, malguegia delakoan, eta eskuin muturraren hazkundea eragitea leporatu dio.

Wolfgang Schaeuble parlamentuko presidente eta Merkelen arerioa da Merzen babesle nagusia. Schaeublek uste du «herrialdearentzat onena» dela Merzek hartzea CDUren buruzagitza, Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkarian idatzi duenez. Hirugarren hautagai nagusia Jens Spahn Osasun ministroa da, baina pronostikoetan bertze biak baino koska bat beherago ageri da.

Merkelek legegintzaldia bukatu arte eutsi nahi dio kantziler karguari, 2021era arte. Beraz, gobernuburuak ez du alderdiaren buruzagitza edukiko, Alemaniako Errepublika Federalean gutxitan gertatu den egoera. CDUren kasuan —zortzi kantzilerretatik bortz bereak izan dira—, 1963-1966 artekoa izan zen bizefalia egoerarik luzeena, Ludwig Erhard zenean kantziler, eta Konrad Adenauer alderdiko buru.

2019ko erronkak

Erhardek eta Adenauerrek harreman gatazkatsua izan zuten, eta Kramp-Karrenbauerrek irabazi ezean, litekeena da Merkelek ere ez izatea harreman ona CDUren hurrengo liderrarekin. Kantzileritzari eusteko, gainera, bortz suzko proba gainditu beharko ditu 2019an: Europako eta lau landerretako hauteskundeak. Aurten hiru landerretan izan dituzte bozak, eta CDUk —eta CSU Batasun Sozial Kristaua aliatuak— galera handiak jasan ondoren erabaki zuen Merkelek alderdiaren buruzagitza uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.