Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako jarduneko presidentearen jarraitzaileak AEBetako Kapitoliora sartu ziren atzo, Washingtonen, Poliziari aurre egin eta segurtasun hesia gainditu eta gero. Hauteskunde prozesuko azken pausoa emateko elkartu ziren Ordezkarien Ganberako eta Senatuko ordezkariak: hautatzaileen batzarreko konpromisarioen botoak zenbatu eta berresteko, baina saioa eten egin behar izan zuten protesten eraginez, eta senatari ugari atera behar izan zituzten.
Hainbat ordutako etenaldiaren ostean, gaur amaitu dute boto zenbaketa, eta garaile izendatu dituzte Joe Biden eta Kamala Harris. Hala, joan den azaroko emaitzak berretsi dituzte Ordezkarien Ganberako kideek: 306 boto demokratentzat, eta 232 errepublikanoentzat. Mike Pence jarduneko presidenteordeak berak berretsi du garaipena, eta amaitutzat eman du saioa datorren astelehen arte. Handik gutxira, Donald Trump jarduneko presidenteak mezu bat zabaldu du bere aholkulari baten Twitterreko kontua baliatuta —berea isildu egin dio Twitterrek bere araudia urratzea egotzita— , eta iragarri du «trantsizio ordenatu bati» bide emago diola urtarrilaren 20an, baina zehaztu du ez datorrela bat azaroko bozen emaitzekin, eta «Amerika handi egiteko borrokan» jarraituko duela.
Statement by President Donald J. Trump on the Electoral Certification:
— Dan Scavino🇺🇸ðŸ¦ÂÂÂÂÂ… (@DanScavino) January 7, 2021
“Even though I totally disagree with the outcome of the election, and the facts bear me out, nevertheless there will be an orderly transition on January 20th. I have always said we would continue our...
Oraingoz, bart gaueko istiluetan biktima bat izan dela baieztatu dute, baina Washingtongo Poliziak esan du guztira lau direla istiluekin lotuta hildakoak. Hala jakinarazi du Robert Contee Poliziaren buruak prentsaurreko batean. Tiroz hil da emakume bat, eta, horrez gain, azaldu du beste hiru lagun hil direla larrialdi zerbitzuetan, baina ez du zehaztu zein izan diren heriotzen arrazoiak. Hildako emakumea Trumpen jarraitzailea zen, 35 urtekoa, eta Poliziak hil zuen tiroz, beste hainbat lagunekin batera Kongresura sartzen ahalegindu zenean. San Diegotik joana zen Washingtoneraino buruzagi errepublikanoaren aldeko manifestazioan parte hartzera.
Aurretik, bideo batean, Donald Trumpek bere jarraitzaileei eskatu zien indarkeriarik ez erabiltzeko eta etxera joateko. Hauteskunde iruzurra egon dela adierazi du, baina bere zaleei dei egin zien «demokraten jokoan ez erortzeko».
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) January 6, 2021
Aurrez, Joe Biden presidente hautetsiak agerraldi bat egin zuen, eta Trumpi eskatu zion telebistan ager zedila, protestariei eskatuz Kapitoliotik irteteko: «Estremista talde txiki bat da ikusten ari garena, eta hau berehala bukatu behar da». Erantsi zuen «aurrekaririk gabeko oldarraldi bat» izan dela gertatutakoa, demokrazia hauskorra dela eta zaindu egin behar dela: «Hau ez da desadostasuna; hau desordena da, kaosa da».
BREAKING: revolution in process as Trump supporters break into the Capitol building, attacking police, breaking windows, and knocking down doors
— ELIJAH SCHAFFER (@ElijahSchaffer) January 6, 2021
Full anarchy at this “mostly peaceful” demonstration DC
The people have pushed through & are storming to main chambers pic.twitter.com/NW6VDDNBQw
Kapitolioa AEBetako arratsaldeko zazpiak aldera segurtatu zuten, manifestari ia guztiak kanporatu zituztenean. Senatariak pixkanaka hasi ziren ganberara itzultzen, eta arratsaldeko zortzietan berrekin zioten saioari, Euskal Herriko 02:00etan.
Poliziek negar gasa eta flash jaurtigailuak botaz sakabanatu zituzten Trumpen zale batzuk; lekukoen arabera, beste batzuek beren kasa utzi zuten lekua. Euskal Herrian gauerdia zenean sartu zen indarrean Washingtongo Udalak emandako etxeratze agindua, hango 18:00etan.
Washingtongo Poliziak adierazi du 50 lagun baino gehiago atxilotu dituztela, eta suzko bost arma atzeman dizkietela. Guardia Nazionaleko 3.000 kide baino gehiago ere mobilizatu zituzten Kapitolioan, baina ez dago argi hori egitea ote zen Trumpen nahia. Christopher Miller AEBetako Defentsa idazkariak ohar batean jakinarazi zuenez, Guardia Nazionalari Kapitolioan sartzeko baimena ematea Mike Pence presidenteordearekin eta Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentearekin adostu zuen. Trumpen eskaera izan ote den erantzutea, ordea, saihestu egin zuen.
Emaitzak berrestean, Pencek egin du ofizial Bidenen garaipena. Aurrez Trumpek presio egin zion Penceri pauso hori ez emateko. Baina Kapitolioko saioa hasi aurretik, Pencek gutun bat igorri zien kongresistei, azalduz ez zuela Bidenen izendapena blokeatuko. Antzeko erabakia hartu zuten beste hainbat senatarik ere. Aste honen hasieran beste 13 senatari errepublikanok iragarri zuten sei estatutako emaitzen aurka egingo zutela bart gaueko botoen zenbaketan, baina Kapitolian gertatutakoa eta gero atzera egin zuten.
Erabaki horrekin haserre agertu zen Trump. Sare sozialetan idatzi zuenez, «Mike Pencek ez du ausardia izan gure herria eta gure konstituzioa babesteko egin behar zena egiteko».
Mike Pence didn’t have the courage to do what should have been done to protect our Country and our Constitution, giving States a chance to certify a corrected set of facts, not the fraudulent or inaccurate ones which they were asked to previously certify. USA demands the truth!
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) January 6, 2021
Trumpen erreakzioaren aurrean haserre, dimisioa eman dute haren gobernuko zenbait aholkularik; besteak beste, Robert O'Brien eta Matt Pottinger Segurtasun Nazionalerako aholkulariek. Horiez gain kargua utzi duela iragarri du Etxe Zuriaren Ipar Irlandarako ordezkariak ere, eta aurreratu beste askok ere bide bera jarraituko luketela Trumpek haien ordez «norbait okerragoa» izendatuko duen beldur ez balira. «Ezin dut jarraitu», onartu du Mick Mulvaneyk.
Ofizial egiteko
Joe Biden hautagai demokratak irabazi zituen azaroko hauteskundeak, baina emaitzak ez ditu onartu Trumpek. Gaurko saioan hautatzaileen batzarreko konpromisarioen botoak zenbatu eta berretsi ditu Kongresuak; hori egitean, orduan bai, Bidenen eta Harrisen garaipenak ofizialak dira, eta biek ala biek egingo dute euren kargu berriaren zina hilaren 20an egitekoak diren ekitaldian.
Ordezkari politikoak presionatzea zen kapitolioaren kanpokaldean bildutakoen asmoa; uste dute iruzurra egin dietela hauteskundeetan, eta Trumpen aldeko milaka boto ostu dituztela. Asteon jakin denez, Trumpek Georgiako goi kargudun bat ere presionatu du hauteskundeen emaitzak aldatzeko.
Kapitolioan saioa hasi eta berehala, Trumpen aldeko ordezkari politikoek alegazioak aurkeztu zituzten Pennsylvania eta Arizonako botoen inguruan. Baina horiek ere atzera bota zituen Ordezkarien Ganberak, nahiz eta Pennsylvaniaren kasuan salaketak aldeko 138 boto izan dituen. Eraikinaren kanpoaldean, berriz, Trumpek ziurtatu zuen inoiz ez duela porrota aitortuko.
Joseph Robinette Biden (Scranton, Pennsylvania, 1942) urtarrilaren 20an da kargua hartzekoa, azaroko hauteskundeetan 306 konpromisario eskuratuta. Emaitzak auzibidera ere eraman zituzten, baina Auzitegi Gorenak ez zituen Trumpen tesiak aintzat hartu. AEBetako 46. presidentea izango da Biden.
Urkullu: «Espero dut botere aldaketa ezarritako erakunde bideetatik egitea»
Washingtongo gertakarien aurrean, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du «demokrazia aurreratu bati» ez dagokiola Kapitolioan izaten ari den «indarkeria egoera basatia» jasatea: «Espero dut botere aldaketa ezarritako erakunde bideetatik egitea eta Ameriketako Estatu Batuetan etapa berri bat irekitzea».