Gerra Ukrainan

Transnistriak eskatu du independentzia aitor diezaiotela «modu baketsu batean»

Herrialdeko presidente Vadim Krasnoselskik nabarmendu du prozesuak «guztiz demokratikoa» izan behar duela. Indarkeria erabiltzearen kontra azaldu da: «Inork ez du gerra bat nahi».

Transnistriaren independentziaren autodermonazioaren aldeko mezua, artxiboko irudi batean. IGNACIO ORTEGA, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko maiatzaren 6a
14:08
Entzun

Nabarmen gaiztoturik segitzen du Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrak, erasoaldiak apenas izan duen etenik. Hala izanik, Transnistrian ere ez da bakerik. Are, azkenaldian franko larriagotu dira erasoak Moldavia eta Ukraina artean den herrialde horretan, eta piztuak dira alertak. Berriki, baina, Transnistriako presidente Vadin Krasnoselskik eske bat egin du ozen, gatazkak ez baitu isildu aspaldian duten aldarrikapena: independentziaren aitorpena nahi dute, eta «modu baketsu batean» nahi dute hura erdietsi, zehaztu dutenez.

Negoziazio bideak zabaldu nahi dituztela azpimarratu du Krasnoselskik. Dioenez, nahiago dute borrokarik ez hasi. «Sarritan egin dute galdera: zein da aukera hobea, gerraren bidez lortutako aitortza, odola isuriz, edo nazioarteko aitortzarik gabe baina baketsu bizitzea?», adierazi du presidenteak, eta segidan erantsi: «Erantzuna garbi dago». Hala, nabarmendu du Transnistriak inoiz izanen duela aitortza hori, baina elkarrizketaren bidez ahaleginduko direla horretan, Telegramen zabaldu duen mezu batean: «Soilik demokratikoa eta ebolutiboa izan behar duen prozesu bat izan behar du, inolako ekintza militarrik gabe eta biktimarik gabe. Inork ez du gerrarik behar».

Arreta erdietsi dute

Gerrarik abiatuko ez dutela argitu du herrialdeko presidenteak. Ordea, kritikarako ere baliatu ditu berriki eginiko adierazpenak. Dioenez, azkenaldian izandako erasoaldien ondorioz, «badirudi mundua Transnistriarekin akordatu dela». Sumindurik azaldu da inguruan sentitutako joera aldaketa horrekin: «Zergatik egon dira gor azken hiru hamarkadetan? Zergatik egin zuten entzungor atez ate laguntza eske aritu ginenean?».

Apirilaren 25etik 27ra zenbait eraso gertatu ziren Transnistrian; segurtasun ministerioari, irrati estazio bati eta militarren etxe batzuen inguruari egin zieten eraso. Krasnoselskik adierazi zuen Ukrainan antolatu zituztela eraso horiek, eta lurraldea fokupean jarri du azken egunetan, Ukrainako gerraren hurrengo kapitulua Transnistrian gertatuko ote den zurrumurruak eraginez. «Probokazioei» surik ez emateko eskatu du orain.

Transnistria aitortzarik ez duen estatu bat da. Moldavia eta Ukraina artean dago, eta 1991tik, Sobietar Batasuna desegin zenetik, independentea da de facto. Gerra zibil bat irabazi ondotik aldarrikatu zuen independentzia, eta Errusiaren babesa eduki zuen. 520.000 bat pertsona bizi dira 4.100 kilometro koadroko eremuan, eta gehienak errusiazaleak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.